NUPeko ikertzaile bat hautatu dute Belar Txarren Ikerketarako espainiar estatuko Elkarteko (SEMh) buru izateko
Ana Zabalzak gidatuko du belar txarren biologiaren eta kontrolaren arloko ikerketan eta dibulgazioan espezializatua dagoen entitate zientifiko hori
Ana Zabalza Aznárez IMAB institutuko ikertzaile eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zientzien Saileko irakaslea hautatu dute Belar Txarren Ikerketarako espainiar estatuko Elkarteko (SEMh) buru izateko. Elkarte zientifiko hori belar txarren biologiaren eta kontrolaren arloko ikerketan eta dibulgazioan dago espezializatua; izan ere, belar txarrek, askotan, eragin sozioekonomiko handiagoa sortzen dute intsektu kaltegarriek eta mikroorganismo patogenoek baino. María Dolores Osuna Ruiz Extremadurako Ikerketa Zientifiko eta Teknologikoen Zentroko (CICYTEX) ikertzailearen ordez sartu da karguan.
Ana Zabalza 1998. urtean Nekazaritzako Ingeniaritzako titulua lortu zuen, eta 2003. urtean doktoretza, biak Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Doktoretza lortu zuen urtean irakasle karrera hasi zuen NUPen, eta irakasle titularra da bertan 2021etik. Denbora-tarte horretan doktoretza ondoko egonaldi bat ere egin zuen Max Planck Institute of Molecular Plant Physiology-n (Potsdam, Alemania).
Bere ikerketa-ibilbide osoak herbiziden efektu fisiologikoak eta haien jarduteko modua izan ditu ardatz. Doktoretza amaitu aurretik eta ondoren, aminoazido adarkatuen (sulfonilureak eta imidazolinonak) biosintesia inhibitzen duten herbizidek eragindako hilgarritasunaren fisiologiarekin lotutako faktore berriak ikertu zituen, baita glifosatoarekin eta, bereziki, hark karbonoaren edo nitrogenoaren metabolismoan dituen efektuekin lotutakoak ere. Azken hamar urteetan, aipatutako herbizidekiko erresistenteak diren belar txarren fisiologia ikertu du, eta, horretarako, Amaranthus palmeri edo mitxoletaren populazio desberdinak erabili ditu, erresistentzia sinpleak eta erresistentzia anizkoitzak zituztenak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Landare Fisiologiako eta Nekazaritza Biologiako ikerketa-taldeko kide da, hain zuzen Cesar Arrese-Igor Sánchez katedradun eta IMAB institutuko ikertzailea zuzendari duen ikerketa-taldekoa.
Gaur egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoko sarbideko koordinatzailearen karguarekin bateratzen du irakasle eta ikertzaile lana.
Topagune bat
Unibertsitateetan, enpresa pribatuetan edo ikerketa-erakunde publikoetan askotariko eginkizunak (ikaskuntza, ikerketa, garapena, dibulgazioa, irakaskuntza edo merkaturatzea) betetzen dituzten zenbait profesionalek osatzen dute Belar Txarren Ikerketarako espainiar estatuko Elkartea (SEMh). Gaur egun, zazpi herrialdetako 235 kide ditu: horietatik % 40k enpresa pribatuan garatzen dute beren jarduera, eta gainerakoek, Administrazioan. Gainera, hogei kide babesle ditu, zeinek urtean kuota berezi bat ordaintzen baitute elkartea mantentzen laguntzeko.
Elkartea topagune bat da belar txarren biologiarekin eta kontrolarekin lotutako gaietan lan egiten duten profesionalen artean ezagutzak eta esperientziak trukatzeko eta baterako ekintzak sustatzeko. Sortu zenean, 1989an, SEMh-ek nekazaritza-zientzien eta, bereziki, landare-babesaren arloko profesionalen elkarteen gabezia bete zuen. 2017ko udazkenean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan antolatu zen elkarte horren bi urteko kongresu zientifikoa.
Argazkia: Ana Zabalza ikertzailea NUPeko Arrosadiko campusean.