JOANES URTUBIA LAPURTARRA ETA ALBANIAREN KONKISTA

Gure historian badira oraino erdi ezezagunak zaizkigun gertaerak eta pertsonaiak. Alde batetik gure historiografia duela oso gutxi arte arrotzen eskuetatik idatzita zegoelako, eta bestaldetik ere, euskaldunok aski alferrak izan garelako mendeetan barne gertatu zaizkigunak jasotzeko eta euskal irizpide batetik agertarazteko. Ezin izan dugu, ez digute utzi, ez dugu jakin…, gauza da oraindik belaunaldi berriek lan handia egin beharko dutela euskal historia dagokion mailan eta tokian ezartzeko. Joanes Urtubia dugu euskal historiaren pertsonaia horietako bat, hobeto aztertu eta ezagutu beharko genukeena.

1.- Nafarroako egoera politikoa XIV. mendean.-

XIV. mendeko Nafarroa independentean, Felipe IIIa, Evreux-eko kondea, zen errege Iruñean. Eta hau hiltzean, haren emazte Joana II.ak hartu zuen koroa 1349. urtean zendu zen arte. Orduz geroztik, Karlos II.a, haien semea, izan zen Nafarroako errege berria. 1378an, Frantziako erregeak beretzat hartu zuen Evreuxeko konderria, eta honek frantses eta nafarren arteko gerra piztu zuen. Nafarrek galdu zuten gerra horretarako, Karlos IIak Konpainia Zuria deituriko armada antolatua zuen, baina 1366ean frantsesekin izenpetu behar izan zuen bake hitzarmenaren ondoren, konpainia bertan behera gelditu zen.

Garai hartan, Luis Beaumonteko kondea, Karlos II.aren anaia, ezkondua zen Joana Siziliakoarekin, Durazzoko dukesa ere zena. Joana Karlos Siziliakoaren alaba zen, Anjou-Tarento familiakoa, Durazzon eta Albania osoan agintaritzan egondakoa, 1368an Karlos Tapia buruzagi albaniarrak Durazzo hartu zuen arte. Luis Beaumontekoak Albania berari zegokiola defendatzen zuen beti, eta horregatik, Karlos II.a anaiaren laguntzaz frantsesen aurkako gerran ibilitako Konpainia Zuria berrantolatu, indartu eta Albaniaren konkistara joateko moduan prestatu zuen. Frantziako erregeak ere lagundu zion 50.000 dukat emanez.

 

2.- Nafarroako Konpainia Albaniaren konkistarako prest.-

Lehen aipatu dugun bezala Konpainia Zuria zen armada berezi horren egiazko izena, baina historiara Nafarroako Konpainia izenaz pasatu denez, horixe izanen da hemendik aitzina erabiliko dugun izena. Konpainiarako, frantsesen kontrako gerran aritu ziren soldaduez gain, bostehun lantzari eta 500 zaldizko arkulari gehitu zituzten, mertzenarioak ziren, nafarrak eta gaskoiak, gehienbat. Soldadu bakoitzari hogeita hamar florin aragoitar hilabeteko ordaintzen zizkioten, garai hartako gerlarientzat tentagarria zen diru kopurua.

Luis Beaumont zen konpainiaren buruzagi nagusia, dena koordinatzen zuena, baina bere agintepeko gainerako buruzagiak hauek ziren: Joanes Urtubia lapurtarra, Pettiri Latsaga oztibartarra, Garro gerezietarra eta Mahiot Coquerel gaskoia. Joanes, Urruñan den Urtubia gazteluko semea zen, Pettiri Izuran den Latsaga gazteluko semea eta Garro Lapurdiko Gerezietan den gaztelukoa. Latsaga eta Coquerel zaldunak Nafarroako erregearen kamarlengoak ziren eta Urtubia eta Latsaga, berriz, ezkutariak. Jakin badakigu, Joanes Urtubiak, garaian gazte-gaztea zena, berrogeita hamar gizon armatu eraman zituela berekin.

Horrela, antolaketa guztiak egin ondoren, 1376ko ekainean, zortziehun gizonez osatutako armada Tuterako portuan, gabarretan sartu, eta Mediterraneoraino joan ziren, geroago Tortosako portutik Albania alderanzko bidea hartu zuten.

3.- Albaniaren konkista eta beste zenbait kontu.-

1376an, Luis Beuamontekoaren agindupeko Nafar Konpainiakoek Durazzo hartu zuten indarrez eta denbora labur batez Albaniako Erresuma berpiztu zuten. Durazzoko eskualdea arrunt pobrea zen, lintzurez betea eta ondoriozko eritasunak maiz jasaten zituena. Hiriaren inguruetan kanpatu zuten Nafarroako Konpainiako soldaduek hiru urtez, Nafarroatik joan behar zitzaizkien laguntzen zain. Egoera horretan, Luis Beaumontekoa gaixotu eta urte berean, hau da, 1376an, zendu zen, konpainia agintaritzarik gabe utziz.

Egoerak okerrera jo zuen, nafarrek, Luis hil eta gutxira, Durazzoko dukesa alarguntsa Artoiseko Robert dukearekin ezkondu zela jakin zutenean. Momentu horretatik aitzina, Albaniako erresuma ez zen Nafarroaren afera, eta beraz, Nafarroako Konpainia alferrik ari zen Durazzo inguruko eskualde haietan.

Hori dela eta, Nafarroako Konpainiak leialtasuna ukatu zion Durazzoko dukesari eta beste ekintza militarretarako ordain ziezaiokeen nagusi berria bilatzeari ekin zion. Aragoiko Pedro IVa izan zen diru eskaintzarik handiena egin ziena, eta horrela Konpainia soldadu gehiagoz hornitu, eta Urtubia, Latsaga, Garro eta Coquerelen agindupeko lau adar sortu zituzten. Orduz geroztik, Albanian, Mazedonian eta Grezian ibili ziren gerra egiten katalan-aragoitar erregearen interesak defendatuz.

4.- Nafar Konpainia Grezian barrena.-

1378an, Nafar Konpainiako gizonak, Aragoiko erregearen agintaritza alde batera utzirik, bestelako abentura eta borroketan ari izan ziren. 1378an konpainia Greziako Akaia aldera iritsi zen, Ospitaleko Zaldunen arduradun nagusia zen Gaucher de La Bastida laguntzeko aitzakiaz. Garai hartan, jakin badakigu, Joanes Urtubiak ehun gizon zituela agindupean eta Korinto hiria hartu zuela. Morea eskualdea ere konkistatu eta gobernatu zuten. 1379an Urtubiak Beozia eskualdea inbaditu eta Tebas hiria hartu eta zakuratu zuen. Akaia aldean konpainiak erregeordetza moduko gobernua eratu zuen. Horrela gauza jakina da, 1383an Nafar Konpainia zela Greziako zenbait eskualdetan egiazko gobernua.

1387an Konpainiak bakezko hitzarmena izenpetu zuen veneziarrekin, eta hor nafar izenpetzaileen artean, jadanik ez zen Joanes Urtubiaren izena agertu. Geroago, 1389an, Konpainiako gizonek Atenas hiria hartu eta Peloponesoko eskualdeak kapitain nafarren artean banatu zutelarik, Urtubiaren izena ez zen azaldu. Beraz, pentsa dezakegu urte inguru horretan zendu zela. Noiz eta nola? 1381ekoa da Urtubiari buruz ezagutzen dugun azken aipamen historikoa. Tamalez, ez dugu datu gehiagorik galdera horiei erantzuteko. Hogei bat urtez iraun zuen nafar soldaduen presentziak Greziako lurraldeetan, eta gero pittaka-pittaka desagertu ziren betiko. Badirudi nafar buruzagi gehienak hango lurretan hil edota gelditu zirela, eta Pettiri Latsaga izan zela Euskal Herrira itzuli zen bakarrenetakoa. Hori dela eta, haren zerbitzuak saritzeko, Nafarroako erregeak txanbelari izendatu zuen.

Horrela bukatu zen, euskaldunok historian izan dugun abentura inperialista bakarra.

5.- Albaniaren Konkista izeneko filma.-

1983. urtean, Alfonso Ungriak “Albaniaren konkista” izeneko filma zuzendu zuen eta Frontera Films izeneko enpresak ekoiztu. Gidoia Arantxa Urretabizkaiak eta Angel Amigok idatzi zuten, eta ekoizleak Angel Amigo eta Luis Kalparsoro izan ziren. Eusko Jaurlaritzak proiektuaren alde egin zuen diruz lagunduz, eta euskal zinegintzan lehen aldiz, 100.000 pezetako aurrekontu bateko filma ekoitzi zuten. Parte hartu zuten aktoreen artean, Xabier Elorriaga, Txema Muñoz, Klara Badiola, Patxi Biskert, Walter Bidarte, Ramon Barea, Migel Arribas, Alicia Sanchez, Jesus Sastre, Ramon Balentziaga eta Amaia Lasa zeuden, gerora beren bideak urratu zituztenak.

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten lehen aldiz, bertan Karlos Garaikoetxea lehendakaria zelarik. Miarritzeko Iberiar eta Latinoamerikar Zinemaldian lehen sari berezia eman zioten.

Nik garai hartan, hogeita zazpi urteko gaztea nintzen, eta Donostiako zinema batean ikusi nuen filma euskaraz eta asko gustatu zitzaidan. Hainbat gauza nire baitan erroturik gelditu zirela aitortu behar dizuet. Horietako bat izan zen Iruñeko ostatu batean ardoa edaten eta kantatzen ari ziren nafar gerlarien eszena. Ardo gorri nafarra, ardorik hoberena! —oihukatzen zuten behin eta berriz, ahots hordituaz. Bat-batean, soldadu gazte batek, mahai batera igota, Argizagiak argitzen düzü izeneko kantu zuberotar ederra abestu zuen. Niko Etxart zen, hogeita hamar urte zituela. Momentu hori atxiki dut beti nire oroitzapenetan, niretzat erdi magikoa, erdi mitikoa izan zelako. Gaur egun, oroitzen dudan aldiro, sentsazio bera pizten da nire baitan.

Nafar Konpainiak Albanian eta Grezian egindako ibilerak ez dira gure oroitzapen kolektibotik ezabatu, eta horretan Alfonso Ungriak zuzendutako filmak eta Arantxa Urretabizkaiak plazaratutako komikiak ainitz lagundu dutelakoan nago.