Gure aiton-amonek ez zuten esaten “eman eskua” (deme la mano) tratu bat itxi edo ezagunen bat aurkezterakoan, ekarri bosteko, baizik. Irulegiko bostekoak zapuztu egin ditu euskarari buruzko bi ustekeri edo teoria xelebre: euskara euskaldunen herrian berantiarra dela eta euskaradunok hizkuntza gorde dugula Saltus Wasconumen isolatuak bizi izanari esker.
Bost; arabieraz خمسة Jamsah edo Jamsa; hebreeraz, חַמְסָה Hamsa; bereber hizkuntzetan ⵜⴰⴼⵓⵙⵜ Tafust. Beste arlo batean Fatimaren ikurra bezala ere ezaguna dena, eskuaren forma duen sinbolo moduan erabiltzen da gaur egun Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean. Behatzak gora dituenean babesa eta zoriona adierazten du. Behatzak behera daudenean aberastasunaren ikurra da.
Silver hamsa amulet of Berber tradition (khmissa)
Antzinatik dokumentatua dago eta uste izan da Afrika iparraldean, Egipton edo Kartagon (egungo Tunisian), duela bere jatorria. Tanit dibinitateari ere lotu izan zaio, ilargi, sexualitate eta gerraren dibinitate anitzen jainkosari hain zuzen ere. Iberiar penintsulako feniziar kolonietan ere ezagutzen zela esan ohi da. Oraingo Aroaren aurreko VIII. mendeko israeldar hilobi bat aurkitu zuten hamsa itxurako esku bat, inskripzioa zuena, oraingo Jordaniaren Khirbet el-Qomen.
Arte judua. Sastraka sutan, Yahibilek bedeinkatuta. Eskua zerutik ateratzen da. Siriako Dura Europoseko sinagogatik datorren freskoa, o.a.a. 244. Damaskoko Museoan jasota.
Hauek horrela, Euskal Herrian aurkitu berri den eskuaren harira, ongi bereiziz bostekoaren sinboloa eta euskarrian bertan zizelkatutako esapidea, zilegi bekit galdera hau egitea: historiaren ikuspegitik ba al da halako ikur bat Euskal Herrira iritsi izana azaldu dezakeen loturarik? Eta erantzuna; bada, agian bai.
Erroma eta Kartagoren arteko gerra “punikoetan”, bigarrenean, lurreko bataila odoltsu etengabeak jokatu ziren. Lehenengoan ez bezala infanteria, zalditeria eta elefanteen mugimendu masibo izugarriak izan ziren. Oro har, ikusi da gerraren garapenak Anibalen bideari jarraitu ziola, Iberiatik Italiaren hegoalderaino: Iberia, Galia, Galia Zisalpinoa, Italia eta Afrikara berriro. Hispania (kontzeptu geografikoa) menderatu ondoren, Ebro ibaia igaro eta bi hilabete inguruz bere armadak ibaiaren eta Pirinioen arteko jendearen aurka borrokatu zuen. 22.000 gerlari galdu zituen (heriotzaz edo desertzioz). Konkistatu berri zituen lurraldeen babeserako 10.000 oinezko gerlari eta 1.000 zaldizko kontingentea utzi zuen, Hannonen agindupean. Iberia eta Galia artean kokatutako mendilerro hau Rodano aldera zeharkatu ondoren, oraindik 48.000 laguneko infanteria, 9.000 zaldizko eta 37 elefante jarraitzen zuten.
Hortaz, bazeotarren lurraldea (Tierra de Campos) gainditu ondoren, bi mende geroago erromatarren berriemaileek Akitania hirugarrena (Novempopulania) deituko zuten lurraldean barrena sartu ziren; nondik? Seguruenik bi mende geroago erromatarrek galtzada bihurtu zuten Astorga-Burdigalaren Pirinioetako indigenek urratutako mendi-bideetatik: Iruña-Veleia, Iruñea-Pompaelo eta oraingo Erroibarren barrena Auñamendiren bi isurietan zehar. Hortaz, berriro ere, eta kopuruak puztuta baleude ere, 57.000 lagunek eta 37 elefantek zeharkatu eta milaka batzuk desertore mendi hegaletan barreiaturik ibili baldin baziren, guztiz sinesgarria da haiek zekartenaren zerbait bertan uztea eta gaur azaltzea. Brontzezko bostekoaren jatorria izan daiteke Egipto, baina zizelkatu zuenaren hizkuntza ez zen egiptoera, euskara zen; bai, aitzin-euskara nahi bada, baina Waskonia erromatarra existitu aurretik waskonikoa izatea, oso zaila.
Induskatzen jarraitu behar dugu. Jarraitu Iruña-Veleian, Irulegin, Zalduan… Badaude arrazoi objektiboak, teknikoak, zientifikoak; baina badaude ere arrazoi sentimentalak, identitarioak, herri-oroimen eta kolektiboak. Euskaldunok zer garen, nondik gatozen, gure sorburuko hizkuntza zein den eta historian zehar zer gertatu zaigun arakatu behar dugu. Azalpenak behar ditugu eta segurtasun narratibo eta juridikoa behar dugu, ez ustekeriak.
You must be logged in to post a comment.