NUPen defendatutako tesi batean hozte-sistema efizienteago eta ez horren kutsatzaile baten garapena azaldu dute
Ikerketaren egilea Álvaro Casi ingeniaria da, eta David Astrain Ulibarrena eta Miguel Araiz Vega NUPeko irakasleak aritu dira zuzendari
Álvaro Casi Satrústegui ingeniariak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako doktoretza-tesian, azpihozte termoelektrikoko sistema bat garatu du egungo hozte-sistemen alternatiba moduan, efizienteagoa baita, eta ez horren kutsatzailea. David Astrain Ulibarrena katedraduna eta Miguel Araiz Vega irakaslea aritu dira zuzendari ikerketan, biak NUPeko Ingeniaritza Sailekoak, eta lehenbizikoa, gainera, Smart Cities Institutuko kidea (ISC). Tesiak, nazioarteko aipamena duenak, kalifikaziorik onena lortu du: bikain “cum laude”.
Tesiaren egileak azaldu duenez, egungo hotz-ekipoek atmosferara berotegi efektuko gasak isurtzen dituztelako dute eragina ingurumenean. Gainera, eskaria gero eta handiagoa da, eta, ondorioz, arazo hori larriagotzen ari da. Isuriak gertatzen dira, alde batetik, hozte-sistemaren kontsumo elektrikoaren ondorioz, eta, bestetik, atmosfera berotzeko ahalmen handia duten zenbait hozgarrik ihes egiten dutelako instalazioetatik. “Bi ekintza-lerro nagusi daude hotz-ekipoen isuriak murrizteko: batetik, atmosfera berotzeko ahalmen txikia duten hoztaile naturalak erabiltzea, hala nola karbono dioxidoa, eta, bestetik, ekipo efizienteagoak garatzea hozte-sistemen kontsumo elektrikoa txikiagotzeko”, adierazi du NUPeko doktore berriak.
Álvaro Casiren tesiak aipatutako bi ekintza-lerroak uztartzen ditu; izan ere, azpihozte termoelektrikoko sistema bat garatu du lurrun konpresioaren bidezko hozketa-ziklo baten efizientzia hobetzeko, eta ziklo horretan egoera transkritikoan dagoen karbono dioxidoa erabili du hoztaile gisa. “Teknologien konbinazio hori irtenbide berritzaile eta etorkizun handikoa da hotz-ekipoen isuriak murrizteko, sistema termoelektrikoek eskaintzen duten sendotasun, eskalabilitate, kontrolagarritasun eta moldakortasunari esker”, azaldu du doktoreak.
Hozteko potentzia handitzea eta sistemaren efizientzia hobetzea
Álvaro Casik, bere tesian, azpihozte termoelektrikoko sistema bat diseinatu, eraiki, eta lurrun konpresio bidezko hozte-instalazio esperimental batean jarri du, zeinak egoera transkritikoan dagoen karbono dioxidoa erabiltzen baitu hoztaile gisa (gas hori hoztaile natural bat da, atmosfera berotzeko ahalmen txikia duena). Instalazio esperimental hori klima- eta eragiketa-egoera desberdinetan probatu dute, azpihozte termoelektrikoak sistemaren funtzionamendu orokorrean duen eragina egiaztatzeko. “Azpihozte termoelektrikoko sistema sartzearen ondorioz, % 20,8ra bitarte handitu da hozteko potentzia, eta sistemaren efizientzia hobetu egin da % 16,2ra bitarte”, zehaztu du tesiaren egileak.
Azkenik, azpihozte termoelektrikoko sistemaren moldakortasunari eta kontrolagarritasunari esker, teknologia hori trukagailu birberogailu azpihozkailuarekin konbinatu dute, egiaztatzeko lurrun konpresioaren zikloak nola funtzionatzen duen bi teknologiekin aldi berean lan egitean. “Hau izan da emaitza: hozteko potentzia % 22,5 handitu da, eta efizientzia, berriz, % 22,4ra bitarte”, esan du Álvaro Casik.
NUPeko doktore berriak esan duenez, “tesi honen emaitzek erakusten dute azpihozte termoelektrikoko sistema bat erabiltzea irtenbide teknologikoki bideragarria dela karbono dioxido transkritikoa erabiltzen duen lurrun konpresioaren bidezko hozte-sistemen efizientzia hobetzeko; horrela, hozte-sistemetako berotegi-efektuko gasen isuriak murrizten dira eta lagungarria da hotza modu jasangarrian eta ingurumena errespetatuz sor dadin.
Álvaro Casiren CV laburra
Álvaro Casi Industria Teknologietako Ingeniaritzako graduduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Industria Ingeniaritzako Masterra egin zuen unibertsitate berean. Bere ikerketa-lana egiten ari zen bitartean, doktoretza aurreko laguntza bat eta Nafarroako Gobernuaren nazioarteko mugikortasunerako laguntza bat jaso zituen, baita Fuentes Dutor Fundazioaren beka bat ere, Nafarroako Ingeniarien Elkargo Ofizialak kudeatua. Tesia egin bitartean bi egonaldi egin ditu, bata Castellóko Jaume I Unibertsitateko Ingeniaritza Termikoko Taldean eta bestea Lisboako Unibertsitatean (Portugal).
Álvaro Casi Satrústeguik 12 argitalpen zientifiko egin ditu JCRko nazioarteko aldizkarietan (Journal Citations Report), eta haietako bostetan lehen egilea izan da. 8 ikerketa-proiektutako kide izan da, eta 32 argitalpenetan hartu du parte nazioarteko zenbait kongresutan. Kongresu horien artean, 2022an egin zen Termoelektrizitateari buruzko Europako Kongresua nabarmentzen da, non Termoelektrizitatearen Alemaniako Elkarteak poster baten aurkezpen hoberenari ematen dion saria jaso zuen. Gainera, masterreko lan baten komunikazio hoberenari emandako saria ere jaso zuen NUPen “Hiru minutuan” lehiaketan.
Argazkia: Álvaro Casi NUPen.