Peter Nestler alemaniar zinemagilearen atzera begirakoa aurkeztuko du Punto de Vistak, Estatuan lehenengoz
Punto de Vistak urtero argitaratzen duen liburuan zinemagilearen ibilbidea ere aztertuko da, gure herrialdean oraindik ez baita oso ezaguna
Punto de Vistaren hurrengo edizioa 2023ko martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean egingo da, eta bertako bi atzera begirakoetako bat Peter Nestlerren (Alemania, 1937) lanari buruzkoa izango da. Programa horretan, bereziki nabarmenduko dira alemaniar zinemagileak Zsóka Nestler (Hungaria, 1944) emaztearekin eta beste kolaboratzaile batzuekin batera zuzendutako filmak. Europako dokumental garaikidearen multzo garrantzitsuenetako bat da.
Iruñean, gainera, Peter Nestlerrek berak parte hartuko du Es nahen andere Zeiten / Bestelako garaiak datoz izeneko atzera begirakoan.
Nestlerrek 60 film baino gehiago zuzendu ditu bere ibilbidean, eta atzera begirakoak egin dizkiote Paris, London edo New Yorkeko erakunde nabarmenetan. Baina hauxe izanen da gurean egiten den lehena, eta, zinemagilearen filmografiako funtsezko tituluez gain, azken urteetan artxiboetan egindako aurkikuntzak eta zaharberritzeak ere aurkeztuko dira bertan, bai eta duela gutxi egindako zenbait lan ere.
Peter eta bere bikotekide eta kolaboratzaile Zsóka Nestler hirurogeiko hamarkadaren hasieran hasi ziren filmak egiten, eta erresistentzia, itxaropen eta aldaketarako deia etengabea izan da haien obran. Peterren filmografiaren ardatz nagusiak politika, nazioarteko borrokak, etorkinen eta gutxiengoen lan baldintzak, objektuak eta materialak fabrikatzeko prozesuak, eta arte eta herri musika dira. Atzera begirakoan Am Siel (1962), Zigeuner sein (1970), Spanien! (1973), Die Judengasse (1988), Pachamama – nuestra tierra (1995) eta Unrecht und Widerstand (2022) proiektatuko dira, besteak beste.
Punto de Vista 2023ko argitalpenean, Peter eta Zsóka Nestler hizpide
Atzera begirakoaz gain, Peter Nestlerrek gertuko kolaboratzaile batzuekin batera sortutako obrari buruzko argitalpen bat egingo du aurten jaialdiak, zinemagilearen lanak beti izan duen orientazio kolektiboa aldarrikatuz. Peterren obrarekin zerikusia duten testuak, elkarrizketak eta lan dokumentuak gaztelaniaz bilduko dira lehen aldiz.
Besteak beste, honako hauek bilduko dira argitalpenean: Nestlerren lan berrienetako baten filmaketa egunerokoa (Picasso en Vallauris, 2021), Bassem Pablo Al Bacha Fernandezek idatzia eta ilustratua; Nestlerri eta haren kolaboratzaileei (Zsóka Nestler, Rainer Komers, Reinald eta Robert W. Schnell) buruzko testuak eta elkarrizketak; haren zenbait gidoi eta material grafiko ugari, eta, osagarri gisa, sei hamarkadako lanari buruzko ohar txikien bidez dokumentatutako filmografia.
Argitalpenaren bigarren zatia Nestlerren eta Reinald Schnellen argazkiz eta testuz osatutako liburu baten (Bauern Malen Bilder/Nekazarien margolanak, 1974) erreprodukzioa izango da. 1964an, Greziara bidean, Kovacicaz hitz egin zieten, nekazari margolarien herriaz. Behin hara iritsita, non gelditu zitezkeen galdetu zioten gizon bati ilundu orduko. Lastozko koltxoiak zituen hotel txiki bat aurkitu zuten, eta han jakin zuten herri txiki hartan 17 margolari zeudela jardunean. Zenbait bidaia egin zituzten herrira, eta artistak eta haien familiak ezagutu zituzten, bai eta haien lanak eta teknikak ere. Nestlerrek argazkiak atera zituen, Schnellek oharrak idatzi zituen, eta janari, edari eta margolan artean izandako elkarrizketa haietatik liburu bat atera zen. Orain, alemana ez den beste hizkuntza batean argitaratuko da liburu hura lehen aldiz, eta arrazoi ekonomikoengatik jatorrizko edizioan soilik zuri-beltzean inprimatu ahal izan ziren koadroen koloretako erreprodukzioak ere izanen ditu argitalpen berriak.
Zikloa eta argitalpena Ricardo Matos Cabo portugaldar programatzailearen eta Lucía Salas argentinar programatzaile, kritikari eta zinemagilearen ardurapean daude; Ricardo Matos Cabo 2012an eta 2013an Londonen egin zen Peter Nestlerren atzera begirakoaren arduradun izan zen, besteak beste, eta Lucía Salas jaialdiaren programazio batzordeko kidea da. Liburuak Madrilgo Goethe-Institut institutuaren laguntza izan du.
Jaialdiaren inaugurazio saioa eta Punto de Vista Fokua
Atzera begirakoaren atariko gisa, bi film proiektatuko dira jaialdiaren inaugurazio saioan, martxoaren 27an. Zeit (1992) eta Die Donau Rauf (1970) dira, eta atzera begirakoan funtsezkoak izanen diren bi gai jorratzen dituzte: herri arteak, batetik, eta iragan politikoki bidegabe bat jasan duten geruza historiko eta narratiboak, bestetik. Peterrek eta Zsókak elkarlanean zuzendutako filmak dira; izan ere, atzera begirakoaren helburuetako bat da Zsókaren funtsezko papera aitortzea, Peterrekin batera egindako filmetan.
Azkenik, hilero Nafarroako Filmotekan programatzen den Punto de Vista Fokuetako bat Nestlerri eskainiko dio jaialdiak, atzera begirakoaren epilogo gisa. Stoff (I) eta Die Römerstraße im Aostatal filmak proiektatuko dira, eta azken horri dagokionez, Deutsche Kinemathek filmotekak berriki zaharberritu duen kopia bikain bat izanen da.
Atzera begirakoaren programa: Es nahen andere Zeiten / Bestelako garaiak datoz. Peter Nestlerren filmak
Jaialdiaren inaugurazioa
Die Donau Rauf, Peter Nestler eta Zsóka Nestlerrena (1969). 28 minutu
Zeit, Peter Nestler eta Zsóka Nestlerrena (1992). 43 minutu
1.
Chilefilm, Peter Nestler eta Zsóka Nestlerrena (1974). 23 minutu
Mi Pais, Peter Nestlerrena (1981). 7 minutu
Pachamama – nuestra tierra, Peter Nestlerrena (1995). 90 minutu
2.
Am Siel, Peter Nestlerrena Kurt Ulrichekin elkarlanean (1962). 13 minutu
Ödenwaldstetten, Peter Nestlerrena Kurt Ulrichekin elkarlanean (1964). 36 minutu
Die Judengasse, Peter Nestlerrena (1988). 44 minutu
3.
Fos-sur-Mer, Peter Nestler eta Zsóka Nestlerrena (1972). 24 minutu
Das Warten, Peter Nestlerrena (1985). 6 minutu
Die Nordkalotte, Peter Nestlerrena (1991). 90 minutu
4.
Unrecht und Widerstand, Peter Nestlerrena (2022). 113 minutu
5.
Der offene Blick, Peter Nestlerrena (2022). 101 minutu
6.
Spanien!, Peter Nestler, Zsóka Nestler eta Taisto Jalamorena (1973). 43 minutu
Von Griechenland, Peter Nestlerrena Reinald Schnellekin elkarlanean (1965). 28 minutu
Zigeuner sein, Peter Nestler eta Zsóka Nestlerrena (1970). 47 minutu
7.
Punto de Vista Fokua (jaialdiaren ondoren, Nafarroako Filmotekan)
Stoff (I), Peter Nestler eta Zsóka Nestlerrena (1974). 30 minutu
Die Römerstraße im Aostatal, Peter Nestlerrena (1999). 89 minutu
You must be logged in to post a comment.