Quis custodiet ipsos custodes?
Urtea fruta jaten amaitzen eta beteko ez ditugula ziur dakigun asmo onekin hasten dugun garai osasuntsuotan, dena, itxuraz behintzat, zuzena, profesionala, serioa eta puntakoa izan behar duen aro (gehi dezala irakurleak hemen berak nahi duen adjektiboa) honetan alegia, aspaldi galdutako urte hasierako festa bat ekarriko dut gogora.
Gaztetan ezkonduta egondako eta seme baten aita izandako apaiz batek, San Pazianok, Cervus izeneko lantxo bat idatzi zuen, besteak beste, K. o. IV. mendean, hau da, Oreina (scripsit varia opuscula, de quibus est Cervus et contra Novatianos). Ez zen zerbidoari buruzko tratatu bat, ezta albaitarientzako eskuliburu bat ere, urtero erromatar beroenek egin ohi zuten prozesio baten kontrako idazki bat baizik. Baina, gauzak zer diren, berak idatzi zituen testuengatik ezaguna zen Tarrakoko probintziako apaizaren idatzi hori, lizunkeriak salatzen bide zituen idatzi horixe hain justu ere, galdu egin zen, betirako desagertu. Kasualitatea, bada. Harenak iritsi zaizkigu, horiek bai, Paraenesis sive exhortatorius libellus ad paenitentiam, hau da, Penitentziarako gonbidapena, non eguneroko bekatuak eta larriak bereizten dituen eta fededunak horiek konfesatzera bultzatzen dituen; eta De baptismo, berak jatorrizko bekatuaren teologia ezagutzen eta erabiltzen duela erakusten duen sermoia.
Eta, gauzak zer diren, niri orain galdutakoa interesatzen batez ere. Beraz, beste apaiz baten aipuari tiraka, San Jeronimorenari alegia, urte berriari ongietorria animaliaz mozorrotutako kristau batzuek oreinkume baten inguruan dantzan egiten zioten festa hura oso lizuna zela ondoriozta dezakegu. Kristautasunaren konkista betean, errotik akabatu beharra zegoen askatasun eta ondo pasatzeko aukera harekin. Bere burua Kristau izendatzen eta bere buruari Katoliko abizena jartzen zion Bartzelonako gotzain hark (Christianus mihi nomen; Catholicus vero cognomen. Illud me nun cupat: istud ostendit. Hoc probor: inde significor), lehenengoak bera deskribatzen zuela eta bigarrenak azaldu eta probatzen duela ziurtatzen zuen harexek, San Pazianok, eginahalak egin zituen haragikeria hura salatzeko; eta, horretarako, berak betirako galduko zela inoiz jakingo ez zuen diatriba bat ondu zuen txukun, zorrotz eta latin garbi eta zuzenean, hala imajinatzen dut nik behintzat, eta halakoetan, beste askotan bezala, irudikatu besterik ezin dezakegu egin. Alferrik hartu zuen lana, ordea, apezpiku gizajoak. (Badakit apaizei eta “gizajo” eta horrelakoak esatea ez dela oso egokia, baina tira, egin dezagun berdintasunaren alde, ez baita irain bat. Jainkoak libra nazala).
Hortaz, esan bezala, alferrikako lana egin zuen San Pazianok, batetik, bere idatzi hura literaturaren transmisio santuaren bidean galduko zelako, bide batez esanda, emakumeen testuekin gertatu zen bezala; eta, bestetik, egoera salatzeaz bat, kristau parte-hartzaileak, kikiltzetik urrun, gehiago animatu zirelako festa hartan esku hartzera, jakin-mina piztu zitzaielako.
Horrek guztiak neurri zentzagarriei buruz hausnartzera narama. Askotan, esan gabe doa, zigorrek kontrako efektua sortzen dutelako, lehen esandakoari lotzen natzaio. Bat nator zigor egokia zein den erabakitzea lan erraza ez dela uste dutenekin. Ez naiz zuzenbide penalaz ari, hori handiegi geratzen zaidan kontu bat baita. Zigor txikiez, egunerokoez, astea izorratzen dizuten horietakoez baizik. Zigortutakoa izorratu ez ezik, zigortzailea ere, erabakia hartu eta, ondoren, horrek dakarren guztiagatik. Zer suposatzen duen zigor bat pentsatu eta burutzeak? Bada, lehenik eta behin, horixe bera, ondo pentsatu behar izatea zer neurri, zer arau, zer dimentsio hartuko duen zure erabakiak. Ondoren, zigortuko den pertsona edo taldeari azaldu eta haren edo haien madarikazioak jasan behar izatea, eta haien oihu eta amorrualdia irentsi, ahal den neurrian norbere senetik atera gabe. Justiziaren aditu bilakatu, funtsean: zer da justua, zer ez, bestearen eskubideak eta betebeharrak ezagutu eta haiei erantzun zentzudun eta neurritsua ematen saiatu. Eta, bukatzeko, indarrik geratzen bazaizu bederen, zigorra ezartzen duenak ere hura bete. Adibidez: jolas-orduan leihoa hautsi duen inork nor izan den ez dakien norbait zigortzeko, gela oso bat jolas-ordurik gabe edo, inor larri ez dadin hobeto esanda, jolas-ordua gela barruan astebetez egoteko erabakia ontzat eman baldin bada, zigortzaileak ere gelan egon beharko du, zigortzailea zigortua den heinean. Beraz, nork jakin, testua galtzea izan zen San Pazianoren zigorra.
Baina, gehiegi desbideratu aurretik, itzul gaitezen oreinaren festara. Urte hasieran, fededunik fededunenak piztien pare jokatzen omen zuten sexu gehiegikeriazko jai hartan. Azterlan antropologiko gisa edo, interesgarria litzateke gehiegikeria norainokoa zen jakin ahal izatea. Imajinazioa erabili behar, ordea. Eta irudimenaren gaitasunetako bat, errealitatea handiagotzea da. Eta beste bat, jakingura areagotzea. Inauteri moduko haietan, beraz, gehiegikeria lizunkoiak egiteko ohitura zegoen, nonbait. Sinestunek oreinez, ahuntzez edo txahalez mozorrotuta hasten zuten urtea, pertsona zuzen eta kristau on moduan jokatzeko urte osoa zegoen eta.
Hortaz, urtea hasteko, orein jaioberri bat erdian jarri, eta basapiztiaz mozorrotutako kristauek haren inguruan dantzan egitea orduko zentsoreek gogor gaitzetsi zuten. Niri, zer esango dizuet ba, okerrena oreinarena iruditzen zait. Animalia jaioberri gaixoa beldurtuta eta mundua ulertu ezinik han erdian imajinatzeak, zintzurra egingo diotenaren begirada errukarria irudikatzeak, sekulako egonezina sortzen dit. Gainerakoa, datu gehiagorik ezean, gaitzesgarria den ala ez erabakitzea beste kontu bat da.
Maite López Las Heras