Bost ikertzaile sartu dira urtarrilean NUPera “Ramón y Cajal” kontratu bidez
Miriam Osés-Ruiz, Idoia Ariz Arnedo, Nazareth Torres Molina, Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras eta Zurine Miguel Malaxechevarria dira ikertzaile horiek
Nafarroako Unibertsitate Publikoak bost ikertzaile kontratatu ditu urtarriletik aurrera Ramón y Cajal laguntzei esker. Laguntza horien xedea da ikertzaileak I+G-ko zentroetan has daitezen sustatzea. Ikerketa-ibilbide nabarmena duten pertsonei ematen zaizkie, eta haien karrera profesionala sendotzea dute xede, lanpostu egonkor bat lortzeko aukera emanez Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Sistemako ikerketa-erakunde batean.
Zehazki, ikertzaile hauek lortu dituzte laguntzak: Miriam Osés-Ruiz, Idoia Ariz Arnedo eta Nazareth Torres Molina, Nekazaritzaren eta Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arlokoak, zeinak IMAB ikerketa-institutuan hasi baitira (Institute for Multidisciplinary Research in Applied Biology); Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien arlokoa, zeinak ISC institutuan lan eginen baitu (Institute of Smart Cities); eta Zurine Miguel Malaxechevarria, Psikologiaren arlokoa, zeina Neurozientzia Kognitiboko eta Portaeraren Neurozientziako ikerketa-taldean sartu baita.
Lehiakortasun prozesu zorrotz baten bidez egiten da hautaketa. Hautagaien curriculum-merezimenduak eta ikerketa-lerro bat gidatzeko duten gaitasuna baloratzen dira, baita beren esperientzia zientifiko eta profesionala eta egindako ibilbidean izan duten independentzia ere. Alderdi hauek ebaluatzen dira, besteak beste: egindako ekarpen zientifikoak, nazioarteko jardueretan izandako parte-hartzea, lidergorako gaitasuna eta beste merezimendu batzuk.
Bost urteko kontratua
Doktoretza ondoko ikertzailearentzako 5 urteko kontratu bidez gauzatzen dira laguntzak, bi fasetan: lehenbiziko faseak hiru urteko iraupena du, eta bigarrenak bi urtekoa. Azken fase horretan, ikertzailea bere jarduera zientifiko-teknikoaren ebaluazio batera aurkezten ahal da, zeina R3 ikertzaile izateko irizpideak aintzat hartuta egiten baita (ikertzaile finkatua). Gainera, pertsona horiek laguntza bat dute beren ikerketa-jarduerak gauzatzearekin lotutako gastuak ordaintzeko.
Argazkia: Ezkerretik eskuinera, Miriam Osés, Idoia Ariz, Nazareth Torres eta Leyre Azpilicueta ikertzaileak NUPen.
- argazkia: Zurine Miguel Malaxechevarria.
You must be logged in to post a comment.