KONDESTABLEAREN JAUREGIA: IRUÑEKO ARMARRIA

 

Kondestablearen jauregian hiriaren armarria irudikatzen duen balio artistiko eta historiko handiko XVI. mendeko harrizko eskultura-multzoa kokatu dute

 

Udalak ondare berezi hori betikotz kontserbatu eta jendaurrean erakusteko asmoz erosi du

 

Kondestablearen jauregian balio historiko eta artistiko handiko pieza berri bat aurkituko dugu. Hiriaren armarria irudikatzen duen XVI. mendeko harrian egindako eskultura-multzoa da. Pieza hori Kale Nagusiko etxebizitza batean zegoen eta Udalak erosi du, multzoaren ondare-balioa baieztatzen duen azterketa bat egin ondoren.

Kondestablearen jauregia armarriaren garaikidea da, biak XVI. mendekoak baitira. Gainera, aurreko Udaletxea eraikitzen zen bitartean, XVIII. mendearen erdialdean (gaur egun orduko fatxada barrokoa kontserbatzen da), Udalak jauregian izan zuen egoitza, eta horrek testuingurua ematen dio, pieza hori Udaletxe gisa erabili zen eraikin horretan betiko ikusgai jartzeari.