NUP parte-hartzaileetako bat duen “Liburutegiak eta haziak” proiektua, Iberbibliotecas sarearen laguntzen 2022ko deialdian hautatutako espainiar estatuko proiektu bakarra
Unibertsitatearen Ondare Immaterialaren Katedrak hartu du parte Nafarroako Liburutegiak sustatutako ekimen horretan
Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) Ondare Immaterialaren Katedraren bidez gauzatzen ari den “Liburutegiak eta haziak. Kultur asaldurako saiakuntza bat” proiektua izan da 2022ko deialdian Iberbibliotecas sare iberoamerikarraren laguntza bat jaso duen espainiar estatuko proiektu bakarra (2022. urte amaieran eman zen jakitera erabakia). Nafarroako Liburutegiak bultzatu du proiektua, eta Foru Komunitateko 23 liburutegi publikok hartzen dute parte hartan, Nafarroako Hazien Sarearekin, INTIArekin eta aipatutako Katedrarekin lankidetzan. 82 proiektu aurkeztu dira deialdira, eta haietatik 19 nabarmendu dituzte.
Hazien liburutegiak 2011. urtean sortu ziren Kalifornian, justizia sozialaren eta elikadura jasangarriaren aldeko talde baten eskutik. Ekimenaren sustatzaileen hitzetan, haren xedea da “tokiko edo intereseko barazki eta fruta barietateen haziak biltzea, kontserbatzea eta partekatzea, liburutegitik hurbil dauden baratze eta guneetan erabili eta hazteko”. Era berean, “haiekin zerikusia duen ezagutza guztia jaso eta hedatu nahi dute, biodibertsitatearekin, tokiko nekazaritza jasangarriarekin eta elikadura-burujabetzarekin lotutako kontsultarako eta mailegurako materialak bilduz”.
Ekimen horren bidez, irakurketa-zentro horiek “kulturgune gisa haztea nahi da, informaziorako, jakintzarako eta ikerketarako sarbidea emateko ohiko eginkizunetik harago”. Azken finean, “haziak eta ezagutza landu eta barreiatzea da helburua, bai haziak bai haiekin lotutako ezagutza kontserba daitezen”.
Zehazki, Katedraren lana ekimenaren bloga diseinatzea eta bere proiektuen behatokian ostatatzea izan da. Gainera, zenbait hitz eta adierazpide aztertu eta ikertu dituzte bere Nafarroako hiztegiaren artxiboan.
Iberbibliotecas sarea
Iberbibliotecas sarea lankidetzarako sare iberoamerikar bat da, Iberoamerikako Kultur Gunea sendotzea eta liburutegi publikoen eginkizun soziala berrestea xede duena. Urtero egiten duen laguntzen deialdiaren helburua da “liburutegi publikoak eta komunitarioak informaziorako eta irakurketarako sarbide librea ematen duten gune gisa aitortzea eta finkatzea, inklusio sozialaren alde lan egitea eta hezkuntza eta garapena kualifikatzen laguntzea”.
Argazkia: NUPen Arrosadiko campusa.