ALETXA ETA MIKEL – 8

 

 

Udaberriko arrats apal honetan, hinki-hanka ibiliz, aurpegi hantu eta gorrituarekin, negar zotinarekin begi ertzean, kostaldeko apartamendu aberatsean sartu zen Mikel, lanerako maletatxoa besoaren azpian, euskarririk gabea, zikindua eta karramixkatua.

– Ai, ai, ai Mikel! Ikusi ote duzu zure aurpegia? Zer gertatu zaizu? —sartu orduko galdetu zion Aletxak.

– Sinestezina da Aletxa! Sinestezina da gertatu zaidana. Gaurko munduan, herri garatu batean, egunaren erdian, hiri politaren erdian, sinestezina da! Egiazki sinestezina!

– Baina zer? Zer da sinestezina, Mikel?

– Mehatxatu nau! Garbituko nauela erran dit! Jadanik bizikleta garbitu zuela eta  zernahi eginen banuke haren salatzeko, berriz aurkituko nauela eta garbituko! Garbituko, Aletxa!

– Lasai, lasai zaitez Mikel! Sakonki arnas ezazu eta hastapen hastapenetik berriz hasi, otoi. Emeki, denbora dugu. Gaur goizean bulegora bizikletaz abiatu zara, ezta?

– Bai, Aletxa. Eta ederki ibili naiz bulegora. Eguraldi ederrarekin, bizikletaz ibiltzea aspaldiko plazerik handiena zen. Hogei urte gutxiago nituela irudipenarekin pedalei pentsatu gabe eragiten nien. Txoriak ere entzuten nituen, zozoen txistu politak, papogorrien txioak eta abiadura haizearen xuxurla nire belarrietan.

– Bon! Orain arte ezer larririk ez! Segi, segi otoi…

– Bulegoan, Aletxa, aspalditik ez dut hain egun atsegina pasatu. Aipatu nizun emazteko lankidea bizikleten aparkalekura nentorren momentu berean etorri da. Aukera ezin politagoa haren agurtzeko, ezta? Eta goresmenak harengandik jasotzeko, klima babestzaile gisa. Beraz eguna hodei txiki baten gainean pasatu dut. Bezeroak zintzoak eta atseginak izan dira, beti ez den bezala. Horrez gain ez nuen nire ohiko jazarleen topatzeko aukerarik gaur!

– Bai, bai, eta istripua edo, edo…egiazko istripua ukan duzu edo beste zerbait gertatu zaizu? —Aletxak.

– Lan eguna bukatu eta gero, bizikleta hartu dut eta abiatu. Etxeratzeko. Azken aldaparen pean dagoen biribilgunean autoz egiten dudan bezala eskuin aldean gelditu naiz, autoen artean ez izateko. Gure bidea hartzeko momentuan eskuin aldera itzultzen hasi nintzenean izugarrizko bultza batek, gibeletik airean igorri nau. Xantzaz kaskoa nuen eta honek buruan lurreratu naizenean bizitza ziur aski salbatu dit. Bizpahiru itzuli egin ditut lurrean eta zur eta lur egon naiz, lau hankatan, emeki-emeki zutitzen saiatzen. Kokoriko hastapenean, erdi tolestua gero eta azken finean zorabio politekin zutik —Mikelek.

– A! Gaixoa! Ospitalera joan behar duzu, frogak eragiteko! —Aletxak.

– Baina ez zen bukatua! Nire gibelean BMW erraldoi bat gelditua zela ikusi dut. Bistan da! Mundrunean haren gurpilen kirrinka izan da nire jauzian entzun nuen azantza terrible hori! Oihu samin-samina bezalakoa!

– Eta, Mikel?

– BMW erraldoitik hasi zen ateratzen gizon erraldoia. Hain erraldoia non iruditzen zitzaidan pitoi edo anakonda bat zela, esnatzen denean bezala, bere putzutik ateratzen ari. Baina erortzearen ondotik burmuina geldian nuen, egia erran. Azken finean gizon bat zen, Pariseko bazter batzuetan bezala jantzia, txanoarekiko kirol jaka beltzaz, kolore berdintsuzko kirol prakez eta Nike kirol zapata garestiez —Mikelek.

– Bon! Barkatzeko galdetu dizu, bederen? —Aletxak.

– Horrela mintzatuko zitzaidala pentsatzen nuen eta barkatzeko prest nengoen. Guretako nornahik gidatze erru bat egin dezake, ezta? Nik ere gidatzen dudanean, aldi batean baino gehiagotan erru bat egin dudala eta norbait kolpatu nezakeela ohartzen naiz!

– Mutil zintzoa zara Mikel! Erran behar dizut! —Aletxak.

– Baina ez da hala gertatu. Ez zait laguntzeko asmorekin hurbildu, segurantza paperekin eskuan eta hitz kontsolagarriekin ahoan, ez batere! Azken bi urrats ziztu bizian egin ditu eta ez bat baina bi belarrondoko bortitz eman dizkit lehenik eskuineko eskuaz eta bat bateko segidan ezkerreko eskuaz —Mikelek.

– Baina Mikel, sinestezina da hori! Sinestezina da gertatu zaizuna. Gaurko munduan, herri garatu batean, egunaren erdian, hiri politaren erdian, sinestezina da! Egiazki sinestezina! —Aletxak.

– Halere hori da gertatu dena eta hori baino are gehiago. Kolpeen ondorioz, masailak sutan makurtu naiz arnasa hartzeko eta burua argitzeko. Non nintzen ez nekien gehiago! Gertatzen zena ez nuen batere ulertzen! Nire munduaren kanpoan zen! Osoki! Horra non esku batez hartu duen nire jakaren lepoa, eskuin eta ezker astinduz eta erranez 93ko ahoskerarekin: “Hik putasemea, entzun eta ongi entzun: inoiz ez nauk ikusi, inoiz ez duk nire autoa ikusi, hi heu erori haiz harri batengatik. Auto matrikularen apuntatzea ez pentsatu. Salaketa ekartzea ezta ere. Egiten baduk, aurkituko haut eta garbituko. Hain sinple! Garbituko! Gogoratu autobus gidaria! Orain hartu hire bizikleta eta hemendik at! Ez nauk begiratu ere, beste bi nahi ez badituk” —Mikelek.

– Ai ama! A gaixoa! —Aletxak.

– Zer egin jakin gabe, bizikleta tolestua hartu dut eta aldapa gora etxeratu —Mikelek, negar egiteko kinkan.

– Mikel, damutzen naiz, baina gaur galdetu behar dizut zure bozkatzeko intentzioa, —Aletxak.

– Aletxak, ez duzu asmatzen?

– Baietz Mikel: izurrite marroia.

 

 

2022/10/07

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (75. zenbakian)