AUZO LOTSA 37 AUTO OFIZIALAK

 

Bitxia bada ere, Iruñeko Udalean lanean aritu nintzen lau urte haietan, hau da, 2003tik 2007ra arte, ni izan nintzen zinegotzi gutxietako bat, egunero-egunero neure kabuz joaten zena udaletxera, eta, baita etxera itzuli ere, lana bukatutakoan, modu berean, gurpil aulkian, alegia, auto ofizialik erabili gabe. Nik ez nuen eskatu eta inortxok ere ez zidan eskaini, eta, hori zergatik?, bada, nik uste dudalako udal batean lan egiteagatik soilik, inork ez duela pribilegiorik eduki behar, ez baldin badu justifikazio handiagorik behintzat.

Nik pentsatzen dut, Udal Gobernua osatzen zuten zinegotzi guztiak, edo, gehien-gehienak, behinik behin, joaten zirela auto ofizialetan, alkate andrearekin hasita eta koalizioko bi zinegotziekin bukatuta. Gainera, ez dezagun ahatz bi zinegotzi haietako batek, Iruñerriko Mankomunitate-buru kargua zeukala, besteak beste, hiri garraio publikokoarena, baina, hala eta guztiz ere, santa sekulan ez nintzen topatu berarekin hiribusetan, lau lan urte haietan zehar, nahiz eta gure etxeetara joateko eta itzultzeko, linea berberak balio zigun bioi. Egia esateko, segur aski, egunen batean ikusiko nuen hiribus baten barruan, prentsan edota telebistan, hain zuzen ere, “Nire autorik gabeko egunean”, plantak egiteko, jakina, horretarako arrunt trebeak baitziren eta beti egoten ziren prest, hedabideetan, jendearen aurrean agertzeko.

Niri dagokidanez, urtean zehar, baziren egun jakin batzuk, zeinetan jartzen baitzidaten taxi egokitu bat, ekitaldi ofizial batzuetara eramateko, alegia, sanferminetako bezperen egunean -gaizki ez badut gogoratzen-, eta bi prozesio egunetan, egun haietan festa-jantzia eraman behar izaten baikenuen soinean. A!, eta urte batean, zezen plazara, zezenketa deitzen dioten ditxosozko tortura hartan, presidente gertatu behar izan nuelako, baina gai honi, beste atal oso bat eskainiko diot aurrerago.

Esan bezala, gainerako egunetan, ni gurpil aulkian joaten nintzen neure kabuz, udaletxeraino edota joan behar zen lekuraino, gehienetan, hiribusetan, batez ere, eguraldiaren gorabeherengatik, eta, noizean behin, baita neure kasa ere, eguraldi-giroak erraztasunak ematen baldin bazizkidan.

Udal Gobernuko guztiak edo gehienak, ordea, hantxe agertzen ziren udaletxe plazan, “beren” auto ofizialetan, asebeteta, nahiz negua izan nahiz uda izan, eta, beste zinegotzi batzuk, aldiz, beren ibilgailu partikularretan, Hezkuntza Departamentuaren ondoan dagoen aparkalekuan, beribilak utzita. Halaber, baziren salbuespen ondradu gutxi batzuk, alegia, zinegotzi bakar batzuk, denak edo gehienak oposiziokoak, esanen nuke nik, oinez, bizikletaz edota hiribusez joaten zirenak; haiek, bai, haiek beren burua ongi ohoratzen zuten, baina, lehenago esan dudan bezala, gutxiengo txiki bat baino ez ziren.

Inoiz jakin izan ez dudana da, zer pentsatuko ote zuten alkate andreak eta bere taldekoek, ni udaletxe plazan barna pasatzerakoan, neguan, hotz, euri edota elurra egiten zuenean, udaletxeko atzeko aldera joaten nintzenean, lapurrak eta gaizkileak bezala sartzeko, erdi bustita eta hozturik, eta, haiek, bitartean, “beraien” auto ofizial bero, eroso eta garestietatik ateratzen, udaletxeko atari nagusitik zortzi bat metrora, erosotasun guztiekin. Ez dakit inork izan ote zuen sentiberatasun berezirik nirekiko, gai eta egoera horretan, beren bihotz bigun, beratz eta xamurretan, baina, niri, behinik behin, inortxok ere, inoiz ez zidan antzeko deus ere adierazi. Zer eginen diogu, bada? Ez joan haltzagana fruitu bila.