Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak (MPSEA), 2022ko urrian, gomendioak eman ditu 1 motako glukagoiaren antzeko peptidoaren (GLP-1) medikamentu analogoak hornitzeko dauden arazoak saihesteko edo arintzeko.
GLP-1aren medikamentu analogoen multzoan sartzen dira 2 motako diabetes mellitusa (DM2) duten pertsona helduen tratamenduan kontrol gluzemikoa hobetzeko baimendutako medikamentu batzuk, betiere kontrol gluzemikoa dietarekin eta ariketarekin behar bezala kontrolatzen ez bada. Farmako horiek indikatuta daude diabetesa tratatzeko monoterapian (metformina, intolerantzia edo kontraindikazioengatik, indikatuta ez badago) edo beste medikamentu batzuekin batean.
2022ko urrian, bada, Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak (MPSEA) jakin zuen talde horretako medikamentu batzuen eskaerak gora egin duela, eta, beraz, hornikuntzan arazoak izan daitezkeela medikamentu horien preskripzioak doitzen ez badira.
Alde batetik, Lilly, S.A.-k, Trulicity (dulaglutida) 0,75 mg eta Trulicity 1,5 mg (biak soluzio injektagarriak aurrekargaturiko lumetan) merkaturatzeko baimenaren titularraren tokiko ordezkariak jakinarazi zuen ezinezkoa zela bi medikamentuen eskaria asetzea, eskaerak asko ugaritu zirelako. Gaur egun, Lilly, S.A.-k unitate nahikoak ditu medikamentuaren ohiko eskaerari erantzuteko, baina hornidura-arazoak ditu, kontsumoa gora egin duelako.
Era berean, Novo Nordisk Pharma, S.A.-k, Ozempic (semaglutida) 0,25 mg, Ozempic 0,5 mg eta Ozempic 1 mg (soluzio injektagarriak aurrekargaturiko lumetan) medikamentuen tokiko ordezkariak jakinarazi du medikamentu horien eskaria handitu egin dela, eta horrek medikamentu horien aldizkako eskuragarritasuna eragiten duela, 2023an jarrai daitekeena.
Gainera, AstraZeneca Farmacéutica Spain, S. A.-k, Bydureon (exenatida) 2 mg (hauts eta disolbatzailea, askapen luzeko injektagarria aurrekargaturiko luman) merkaturatzeko baimenaren titularraren tokiko ordezkariak jakinarazi zuen medikamentu hori merkaturatzeari utziko ziola 2022aren amaieran.
MPSEA-REN INFORMAZIOA PRESKRIPTOREENTZAT
Tratamendu horien erabilera baimendutako baldintzen arabera lehenetsi behar da (DM2 duten pazienteen kontrol gluzemikoa).
Ahal delarik, ez hasi tratamendu berriak, medikamentu horiek merkaturatzeko baimenaren titularrek horien eskaera bete dezaketela baiztatu arte.
Baliteke tratamendua ezin hastea/jarraitzea medikamentu hori une horretan merkatuan ez dagoelako. Kasu horretan, tratamendu horren ordez talde terapeutiko bereko beste medikamenturen bat erabiltzea gomendatzen da: Byetta (exenatida, larruazalpeko injekzioa); Lyxumia (lixisenatida, larruazalpeko injekzioa); Rybelsus (semaglutida, konprimatuak, aho bidetik); Victoza (liraglutida, larruazalpeko injekzioa).
GLP-1aren analogo baten bidezko tratamendua medikamentu horietako batekin ordezkatu behar denean, honako ohartarazpen hauek hartu behar dira kontuan:
1.- Ozempic/Trulicity-ren azken dosia eman eta astebetera hasi behar da tratamendu berria ematen.
2.- GLP-1aren analogoaren bidezko tratamendua jada egiten ari bazen, posible da medikamentu berriaren mantentze-dosiarekin hastea, hasierako dosia erabili beharrik gabe.
3.- Gomendagarria da kontrol gluzemiko zorrotzagoa egitea ordezkapenaren ondorengo lehen asteetan.
Erreferentzia:
La AEMPS emite recomendaciones para evitar o paliar problemas de suministro con los medicamentos análogos del GLP-1. 2022ko urriaren 18a. Maila: gizakientzako medikamentuak, hornidura-arazoak. Erreferentzia: ICM (CONT), 12/2022. Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentzia.