EUSKAL EMAKUME ZINEMAGILEAK

EUSKADIKO FILMATEGIAK ‘EUSKAL EMAKUME ZINEMAGILEAK’ AURKEZTU DU, GURE ZINEMAGINTZAN FUNTSEZKOAK IZAN DIREN EMAKUMEEI BURUZKO HAINBAT SAIAKERA BILTZEN DITUEN LEHEN LIBURUA

Lan honek, María Pilar Rodríguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatua, hainbat belaunaldiren lana esploratzen du, emakumezko zinemagile aitzindariengandik hasi eta oraintsuenenganaino. Liburuan hainbat espezialistek parte hartu dute: Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, Carlos Roldán Larreta, Izaskun Arandia edo Luisa Etxenike, besteak beste.

Euskadiko Filmategiak Euskal emakume zinemagileak aurkeztu du, gure zinemagintzan funtsezkoak izan diren emakumeei buruzko hainbat saiakera biltzen dituen lehen liburua. María Pilar Rodríguezek, Deustuko Unibertsitateko irakasleak, koordinatu du lana, eta haren helburua euskal zinemaren berri ematea da, emakume zuzendariek hainbat genero eta formatutan egindako obretatik abiaturik. Era berean, proiektu artistiko horien esplorazio akademiko eta dibulgatibo bat eskaintzen du.

Argitalpenak lau zati nagusi ditu: Ikuspegi globalak, Generoak, formatuak eta moldaketak, Ekoizpena, distribuzioa eta harrera eta Hiru emakume zinemagile. Lehenengoak, Ikuspegi globalak, euskal emakume zuzendarien produkzio filmikoa lantzen du hainbat ikuspegitatik: gaiak, generoaren errepresentazioa edo haien filmen aniztasun estetikoa eta formala. Bigarrenak, Generoak, formatuak eta moldaketak, euskal emakume dokumentalgileen begirada aztertzen du eta, baita ere, Kimuak programak egindako lana; aldi berean, produkzio transnazionalak eta literatura obren egokitzapen zinematografikoak ere esploratzen ditu. Hirugarrenean, Ekoizpena, distribuzioa eta harrera, elkarte eta zinemaldi batzuek emakumeek egindako zinema bultzatzeko eta hari ikusgarritasuna emateko egindako ahaleginak biltzen dira eta, baita ere, haien harrera kritikoaren eta akademikoaren aurrerabidea; eta laugarrenak, berriz, Hiru emakume zinemagile, euskal zinemako hiru figura nabarmen ditu ardatz: Ana Díez, Helena Taberna eta Yannick Bellon, Euskadiko Filmategian zeinek bere ziklo eta argitalpena izan zuten hiru egile.

Atal bakoitzean egile espezializatu hauek parte hartu dute: Carlos Roldán Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, María Marcos Ramos, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernández de Arroyabe, Iñaki Lazkano, Cristina Ortiz Ceberio, María Pilar Rodríguez, María José Olaziregi Alustiza, Javier Sánchez Zapatero, Izaskun Arandia Galarraga, Ana Gutiérrez, Elena San Julián, Pilar Martínez-Vasseur, Annabel Martín eta Luisa Etxenike.

Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiaren zuzendariaren hitzetan “euskal zinemaren historiak, beste askok bezain parekidetasun eskasa izan du eta sortu den bibliografian urriak dira euskal emakume zinemagileen perspektibatik egindako ikerketak”. “Mikroskopiotik baino, teleskopiotik begiratuta egindako lan honetan, ordurarteko gabeziak neurri batetan arintzea zen helburua; azken finean, joerak azpimarratzeko, gabeziak deitoratzeko eta, batez ere, talentuak egiaztatu eta ospatzeko balio duelako”, azaldu du.

Bestalde, María Pilar Rodríguezek azpimarratu du ezen gertaera “begien bistakoa” dela euskal emakume zuzendarien produkzio filmikoak “ez duela presentzia indartsurik izan panorama zinematografikoan”. “Azken urteotara arte egoera ez da esperantzagarria izan. Baina, esan beharra dago ere kritika eta azterketa akademikoak ez direla behar adina ahalegindu emakume zinemagile euskaldunak beren osotasunean ganoraz arakatzen”, erantsi du. Irakaslearen iritzian, horrek ondorio “esanguratsuak” ditu. “Emakumeek egindako filmen gorakadak gure gizartea bere osotasunean ulertzeko nahitaezko begirada batekin aberastu du zinemagintza, eta emakume ikusleei identifikatzeko aukera handiagoa eman dieten erreferenteak eskaini dizkie” ondorioztatu du Rodríguezek.

Liburu hau (azala Isabel Herguera zinemagileak ilustratu du) Euskadiko Filmategiaren bildumari eransten zaio, gure zinemagintzako izen handiak biltzen dituen bildumari, alegia: arestian aipatutako Ana Díez, Helena Taberna edo Yannick Bellon eta Álex de la Iglesia, Fernando Larruquert, Antxon Eceiza eta Enrique Urbizu bezalako zinemagileak, beste askoren artean, osatzen dutena. Euskal emakume zinemagileak, baita aurrekoak ere, Euskadiko Filmategiaren web orrian eta liburu-dendetan erosi ahal da.