ALDE ZAHARREKO INAUTERIAK, OTSAILAREN 17TIK 20RA

• “Argiak, kamerak, ekin! Pelikula bat auzoan” da aurtengo inauterietarako aukeratutako gaia

Astebete lehenago, otsailaren 11an, Kauteroen festa ospatuko da

Argiak, kamerak, ekin! Pelikula bat auzoan” gaia aukeratuta ospatuko ditu Alde Zaharrak aurtengo inauteriak, otsailaren 17tik 20ra. Gai horren bitartez, inauterietako jardueren antolatzaile den Alde Zaharreko Jai Batzordeak, zinemaren munduko pertsonaiez mozorrotzera deitu nahi ditu auzoko bizilagunak, auzoko kaleetan ugaritzen doazen bideozaintzarako kamerak salatzeaz gain.

Otsailaren 17an, ostiralez, ekingo zaio egitarauari, San Frantzisko eskolako haurrek auzoari eskainiko dioten jarduera batekin, eta Matalazen egingo den gazte bazkari batekin. Arratsaldean, 19:00etan, inauterietako pregoia irakurriko da Nabarreria plazan, eta horren ondotik, kalejira batek zeharkatuko ditu auzoko kaleak. 20:30ean txorizoa banatuko da Santa Ana plazan, Jarauta 69 txarangak girotuta.

Larunbatean, otsailak 18, dianek emango diote hasiera egunari, 09:00etatik aurrera. 11:00etan, txokolotada izango da Nabarrerian, eta 11:30ean abiatuko da haurren puska biltzea, Alde Zaharreko dendatik dendara. Goiz erditik aurrera, bermutak eta pintxo-poteak izango dira auzoko hainbat tokitan, eta 12:00etan abiatuko da Kantuz, Merkaderesetik. 15:00etan herri bazkaria izango da, eta ondotik, 18:00etan, inauterietako kalejira; kuadrilla eta kolektiboak gonbidatuta daude, haien gurdiak prestatu eta kalejiran parte hartzera.

Horren ondotik, dantzaldia izango da Bullicio peñan, 20:00etan, eta DJa Zabaldin, 21:00etatik aurrera. Egun osoan zehar, auzoko lokalek Jai Batzordeak antolatzen duen mozorro lehiaketan parte hartu ahal izango dute, aukeratutako gaiarekin lotutako mozorroak prestatuz.

Igandea, otsailak 19, Iruinkokoa inauteri euskaldunaren eguna izango da. Hainbat kale zeharkatu ostean, Santa Ana plazan izango da emanaldi nagusia, 12:30ean. Eguerdian, euskaldunon bazkaria izango da, Iruinkokoarekin lotuta, eta Jarautan ere izango da inauterietako bazkari bat.

Astelehenean, otsailak 20, iritsiko da festei agur esateko ordua. Puska biltzean jasotakoarekin merendatu ostean, Zitala hartuko da Nabarreriatik, 19:00etan, eta Santa Ana plazara eramango da, inauteriei itxiera emateko.