ESKALEAK

Conditio sine qua non

Aurreko batean, kosta ahala kosta liburuak oparitzea aldarrikatu nuen: Liburuak oparitzearen artea. Ausartegi akaso. Azken boladan igarri dudanez, batzuek zorrozki hartu dute nire mezua. Gaizki-ulerturik egon ez dadin, beraz, oraingo honetan, bigarren atal argitzaile bat idatziko dut, batez ere kulturaren alorrean aztarrika aritzen diren eragile, teknikari eta sustatzaileei zuzenduta.

Bada, literatura ekimenak, zozketak eta abarrak antolatzen dituztenentzat dago bereziki zuzenduta artikulu hau. Baina baita bestaldean jarduten dugunoi ere, alegia gure lanak noizbait erregalatzea iradoki izan diguten sortzaileoi. Esan gabe doa, kultura oparitzearen oso aldekoa naizela, edozein abagune aprobetxatzen dudala batik bat liburuak oparitzeko, baita sekula irakurri ez duenari eta irakurriko ez duenari ere, pentsa. Baina gera dadila garbi: opariak norberak bere borondatez berak nahi duenari eta nahi duenean egiten dira, eta ez ez erosteagatik eskatutako norbaiti hutsaren truk ematen, uko egiteak ezinegona sortzen digulako. Hortaz, zera esan nahi nieke hitzaldi edo aurkezpen baterako egileari berari liburua non lor dezakeen disimuluan galdetzen dion kultura teknikari eta antzerakoei: sortzaileoi gure lanak debalde eskatzea edo aieruz esatea ez dago ondo. Inkoherentzia hutsa izateaz gain, lotsagabekeria adierazten du eskatzailearen aldetik. Berez eta tamalez prekarioa den kultura munduko prekarietatearen ateak parez pare zabaltzen dituzte, hain justu ere, eragileek beraiek horrelako jokamolde zekenekin. Badaezpada esango dut, oraindik ez dakienik balego: liburuak liburu-dendan erosten dira, eta une horretantxe alerik ez badago, normalean, saltzaileek ez dute ekartzeko arazorik izaten.

Okerrena, gainera, zera da: askotan, kultura ekintzaile horiek funtzionarioak izaten direla, diru publikoa edo dirulaguntzak jasotzen dituztenak, alegia hamabost-hogei euro liburu batean gastatzeak poltsikoko zuloa izugarri handitzen ez dien horietakoak. Ez da nahikoa idazle artean ibiltzea izugarri gustatzen zaiela adieraztea, horrek asko aberasten dutela baieztatzea, sortzailearen eskuzabaltasunaren truke. Kultura sustatzeko sortzaileak behar dira, eta azken horiek debalde edo balio-sinbolikoaren truk arituz gero, nekatu, nazkatu eta, etsita, berandu baino lehen, beste nonbaitera alde egiten dute.

Tira, ez naiz orokortze zalea. Eta barka, beraz, norbait iraindua sentitu baldin bada. Baina azkenaldian sarri samar errepikatzen ari den joera da, nire ustez, kultura ekimen arduradunek liburuak erosi beharrean, idazleari berari eskatzea, edo, beste modu batera esanda, erostea albait gehien ekiditea. Funtsezkoa deritzot kultura alorrean lana egiten duen edonork kulturan berez inbertitzea; alegia, bere borondatez liburuak, diskak edo dena delakoak erostea. Eredu izatea, finean. Mundu hau ez baita antzerti hutsa.

Esaterako: buruko edo beste edonongo minez farmaziara joandakoan, botikariari ibuprofeno ahalguztiduna mesedez oparitzeko eskatzen ez diogun bezala, edo tabernariari zuritoa debalde ateratzeko iradokitzen ez diogun modu berean, ez zaio idazle bati liburua oparitzea aditzera eman behar. Are gutxiago ekitaldi baten antolatzailea eta aurkezlea baldin bazara.

Kontuan hartzekoa da, bestalde, askoi ezezkoa emateak eragiten digun ondoeza hurrengo aste luzeetan burutik ezin kenduta ibiltzen garenez, eman eta kito egiten dugula, ondo geratze aldera, ospe txarrik gainjar ez diezaguten edota geure osasun mentalaren medeserako. Teknikariak, batzuetan, eskaleak dira.

Hitzaldiak ez ditugu karitatez ematen. Aurkezpenak ez ditugu geure burua erakusteko egiten. Azoketara ez gara lagunak egitera (bakarrik) joaten. Jakitun gara sortzaileok, gehiengo handi batek behintzat, gure ogibidetik kanpo aldrebes egin behar izaten ditugula gure idazketa edo itzulpen lanak. Malabarismotan adituak gara. Horren aurka baldin bagaude, eta sortzaileon duintasuna benetan axola bazaigu, joka dezagun koherentziaz. Irakurle talde batentzako liburuak liburutegietatik eskatzea baldintza sine qua non baldin bada, zertarako balio du irakurzaletasuna bultzatzeak idazleek baldintza penagarrietan idatzi behar baldin badute? Eta ez nahastu: liburuak maileguan hartzearen oso aldekoa naiz, baina talde osotik inork libururik inoiz ez erostea oso esanguratsua iruditzen zait.

Askotan esan ohi da eskatzea librea dela, eta, halakoetan, “ez ematea ere bai” erantzuten da. Baina zer gertatzen da ez emate horrekin? Aske izan beharko genuke ez emateko ere, edo, gutxienez, antolatzaileari, faborez, liburu bat eros dezan esateko nahikoa ahalmen eduki, gure lana duintasunez eta errespetuz trata dezaten.

Maite López Las Heras