Terahertzen tartean irabazi handiko antenak nola lortu ikertu dute doktoretza-tesi batean
Dayan Pérez Quintana NUPeko Telekomunikazioetako doktoreak bere eremuan diseinu aitzindaria duen antena-prototipo bat garatu du
Dayan Pérez Quintana Telekomunikazioetako ingeniariak doktoretza-tesia irakurri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, “Antenen diseinua, uhin milimetrikoen eta terahertzetakoen bidezko metagainazaletan oinarritua” izenekoa. Hartan, metalezko egituren garapenean sakondu du, uhin milimetrikoetan edo maiztasun oso handiko uhinetan jarduten duten gailuen erradiazio-propietateak hobetzeko.
Azaldu duenez, irabazi eta banda-zabalera handiko antenak lortzea da gaur egungo erronka teknologikoa, hori eskatzen baitute gaur egungo aplikazio berriek, hala nola 5G, 6G eta Gauzen Interneten (IoT) teknologiek. “Nire tesian, hasierako urrats bat eman dugu estandar horien premiak betetzeko, eta zenbait gailu proposatu ditugu irtenbide alternatiboak emateko. Ikerketa lan-honetan aztergai izan ditugu banda-zabalera oso handiko polarizazio zirkularra sortzeko gai diren antena-sistemak, metagainazalak eta geometria klasikoetan oinarritutako metalenteak. Turuta formako antena batek metalenteak argiztatzen ditu, Gap Waveguide (GW) teknologia erabiliz; elkarren artean kontaktu fisikoaren beharrik ez duten bi plano eroaletan oinarritzen da teknologia hori. Bi gailuek, bai metalenteak eta bai GW antenak, emaitza bikainak lortzen dituzte konbinatzen direnean”.
Tesian, xehetasunez aztertu du gailu horiek fabrikatzeko eta neurtzeko prozesua. Gainera, metalente bat aurkeztu du, 300 GHz-era metalizatutako eta mikromekanizatutako silizioan oinarritua. “Esan beharra dago —adierazi du Dayan Pérezek— GW teknologia maiztasun horietan erabiltzen duen diseinu hau aitzindaria dela bere esparruan”.
Doktoretza-tesiak “Design of Antennas Based on Metasurfaces at Millimeters and Terahertz Waves” du izena, eta NUPeko Miguel Beruete Díaz Seinalearen Teoriako eta Komunikazioetako irakasle titularra eta Iñigo Ederra Urzainqui arlo bereko katedraduna izan dira haren zuzendariak. Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Dayan Pérez Quintana Telekomunikazioetako eta Elektronikako ingeniaria da Habanako Unibertsitate Teknologikoan, eta Telekomunikazioetako doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Argitalpenak eginak ditu zenbait aldizkaritan, eta ikerketaren arloko zenbait kongresu eta hitzalditan hartu du parte. 2022. urtean “Zientzialari Gaztearen Saria” lortu zuen Kanaria Handian egindako Irrati Atlantikoaren Bilkura Zientifikoan (URSI), eta 2020an poster hoberenen lehiaketan hirugarren saria lortu zuen Metamaterialen eta Nanofotonikaren Nazioarteko V. Konferentzian, zeina Georgian egin baitzen, online.
Argazkia: Dayan Pérez Quintana