FUKUDA KATSUHIKO, ANA POLIAK ETA PASCALE BODET

Punto de Vista jaialdiak Fukuda Katsuhiko, Ana Poliak eta Pascale Bodet zinemagileei eskainiko dizkie bere hiru fokuak

  • Jaialdiak saio berezia antolatuko du Katsuhiko zuzendari japoniarraren Kusatori kusagami (The Grasscutter´s Tale) film ospetsuaren proiekzioarekin. Gainera, Poliakek eta Bodetek euren filmografiaren zati handi bat erakutsiko dute hiru saiotan

Punto de Vista jaialdia -Nafarroako Gobernuak sustatua eta NICDO sozietate publikoak antolatua- bere hurrengo edizioa aletzen ari da. Jaialdia Iruñean egingo da, martxoaren 27tik apirilaren 1era. Oraingoan, bere fokuak zein pertsona ospetsuri eskainiko dizkion iragarri du jaialdiak, Fukuda Katsuhiko japoniar zuzendariari eta Ana Poliak eta Pascale Bodet argentinar eta frantziar zinemagileei, hain zuzen ere.

Hala, Punto de Vistak zinema asiarraren historiari eta orainari erreparatuko die aurten ere, Fukuda Katsuhikoren (Tokyo, 1943-1998) Kusatori kusagami (The Grasscutter ‘s Tale) (1985) film ospetsuaren proiekzioarekin, Ricardo Matos Cabok programatua eta aurkeztua. Horrela, Mila urteko zinea (2006) ziklo aitzindariaz geroztik jaialdiaren ikuspegi historikoari ekingo zaio berriro ere, aurreko zikloan jada izan baitzuen oihartzuna, Kazuo Hararen Minamata Mandala film bikaina sartu zenean Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo. Ganteko (Belgika) Courtisane Festival jaialdiarekin elkarlanean egingo da Kusatori kusagami filmaren programazioa.

Askatasuna, posible al da? Ana Poliaken zinema fokua, Lucia Salasek programatua eta aurkeztua, Golem Yamaguchi zinema-aretoetan proiektatuko da eta hiru saio bikoitz eskainiko dira ¡Qué vivan los crotos! (1990), La fe del volcán (2000) eta Parapalos (2004) film luzeak, eta horietako bakoitzaren aurretik film labur bana. Bestalde, Pascale Bodet, iaz Baleh-Baleh filmarekin Punto de Vista Zinemaldiko Film Onenaren Saria irabazi zuena, berriro ikusiko dugu Iruñean, bere filmen aukeraketa bat aurkezteko: Le carré de la fortune (2010), Presque un siècle (2019) eta Porte sans clef (2018). Pascale Bodeten hiru abentura da zikloaren izena, Pablo García Cangak programatua eta aurkeztua.

 

Fukuda Katsuhiko: Kusatori kusagami (The Grasscutter’s Tale)

Bere bigarren edizioan, 2006an, Punto de Vistak Japoniako zinema dokumentalaren historiari eskaini zion atzera begirako nagusia. Japoniako ez-fikziozko zinemaren hainbat hamarkadako panoramika eskaini zuten Mila urteko zinea programak eta argitalpenak. Europan gai horren inguruan ordura arte antolatutako programarik garrantzitsuenetako bat izan zen. Aurtengo helburua da iraganean hasitako elkarrizketarekin jarraitzea eta Asia Ekialdeko herrialdeetan egindako ez-fikziozko zinemaren historia Europan gehiago zabaltzen laguntzea, jaialdiak Ricardo Matos Cabo programatzaile portugaldarrarekin iaz hasi zuen lankidetzari esker.

Fukuda Katsuhikoren lanari buruzko saio berezi bakarra izango du fokuak. Ogawa Productions-eko kidea izan zen Fukuda, eta aktiboki parte hartu zuen 1968 eta 1978 bitartean kolektibo horrek, Sanrizukako landa eremuan Naritako aireportua eraikitzearen kontra nekazariek eta haien aliatuek egindako erresistentzia borrokari eta estatuko agintarien errepresio bortitzari buruz, egin zituen filmen sail bikainean. Fukudak utzi egin zuen taldea, (taldea Yamagatara joan zen, Japoniako iparraldean, 1970eko hamarkadaren amaieran), eta Sanrizukan jarraitu zuen. Han, lanean jarraitu zuen eta 8 mm-ko hainbat film labur egin zituen; besteak beste, Kusatori kusagami (The Grasscutter’s Tale), 1985ekoa, Sanrizukan jarraitu zuen eta bereari eutsi zion landa eremuko emakume zahar baten bizitzaren erretratu intimoa. Filmak erakusten du aldaketa handia izan dela Japoniako zinema dokumentalaren jardueran, baita politikarekin duen harremanean ere, borroka politikoan parte hartzen duten pertsonen keinu txikiak eta istorio pertsonalak ardatz hartuta. Filmak eragina izan zuen Fukudaren urratsei eta jardunbideari jarraitu zioten zenbait zinemagilerengan. Sanrizukari, hango jendeari eta haien historiari buruzko zenbait liburu ere argitaratu zituen.

Ricardo Matos Cabo programatzailearen aurkezpen ilustratuarekin batera proiektatuko da filma. Fukudaren beste lan batzuen laburpenak, haren ibilbideari buruzko informazioa eta haren jardunbideak eragina izan duen filmen irudiak erakutsiko ditu aurkezpen horretan.

 

Kusatori kusagami (A Grasscutter’s Tale) [草とり草紙]

Fukuda Katsuhiko, Japonia, 1985, 88 minutu, 8 mm en 16 mm, koloretan, japonieraz

Askatasuna, posible al da? Ana Poliaken zinema

Adin nagusitasuna diktadura gorrian, krisi ekonomikoen eta politikoen artean, bete zuen belaunaldikoa da Ana Poliak (Buenos Aires, 1962). Erabateko hondamendi ekonomikoaren urteak izan ziren bere hiru film luzeak egin zituen hamarkadak. Laurogeiko belaunaldiaren ondoren hasi bazen ere filmak egiten, ofizialki ez zen Argentinako Zinema Berrikoa izan. ¡Qué vivan los crotos! (1995) fikzioa eta dokumentala, gorputzak eta espazioak gurutzatzen diren lekuan dagoen filma da. Bigarrenak, La fe del volcán (2000), kalean bilatzen ditu, bere erritmoekin eta kirrinkekin, larritasuna historiari zuzenean lotuta egotea eragiten duten hariak. Orain arte egin duen azken film luzeak, Parapalos (2004), beste bien arteko zerbait ehotzen du, eta istorio berriak, asmatuak, antzeztuak eraikitzen ditu, bizitza errealen kontakizunak eta lan baldintzak ere errealak, txarrak eta ohiz kanpokoak. 

Ziklo honetako proiekzioen aurretik eta ondoren aurkezpenak eta Lucía Salas programatzailearen eta Ana Poliaken arteko solasaldiak izango dira. Argentinako enbaxadaren laguntza du zikloak, eta apirilean Espainiako Filmoteka eta Kataluniako Filmoteka bisitatuko ditu. Hala, bere programazioa zabaltzeko eta irismen handiagoa emateko asmoari eutsiko dio Punto de Vista jaialdiak.

 

1. saioa

Suco de sábado 

Ana Poliak, Argentina, 1987, 8,12 min, koloretan, gaztelaniaz 

¡Que vivan los crotos!

Ana Poliak, Argentina, 1990, 75 min, koloretan, gaztelaniaz 

 

2. saioa

El eco 

Ana Poliak, Argentina, 1984, 3,33 min, koloretan, gaztelaniaz

La fe del volcán 

Ana Poliak, Argentina, 2000, 85,26 min, koloretan, gaztelaniaz

 

3. saioa

Caracol 

Ana Poliak, Argentina, 1982, 1,30 min, zuri-beltzean, isila

Parapalos 

Ana Poliak, Argentina, 2004, 90 min, koloretan, gaztelaniaz

 

Pascale Bodeten hiru abentura

Iaz, Pascale Bodetek (Tunisia, 1971) Punto de Vista jaialdiko Film Onenaren Saria jaso zuen Baleh-Baleh filmarekin. Aurten, haren filmografia ezagutzen sakonduko dugu foku honen bidez, fikzioan eta dokumentalean maiztasun berarekin adierazten den zinemagile honen hiru film biltzen dituena.

Hiru film luze ikusiko ditugu: Le carré de la fortune (2007), Porte sans clé (2018) eta Presque un siècle (2019). Dena agerian dagoela ematen duten filmak dira, baina beti dute sekretu bat, azpitik doan bestelako istorio bat. Hala, filmatzeko unean gertatu den zerbait kontatzen ari da zinemagilea eta, aldi berean, publikoarengan konfiantza duela erakusten du. Konfiantza du gure adimenean, gure arriskatzeko eta, agian, huts egiteko nahian.

Ziklo honetako proiekzioen aurretik eta ondoren aurkezpenak eta Pablo García Canga eta Pascale Bodeten arteko solasaldiak izango dira.

 

Le carré de la fortune

Pascale Bodet, Emmanuel Levaufre, Frantzia, 2007, 160 min, koloretan, frantsesez

 

Porte sans clef

Pascale Bodet, Frantzia, 2018, 79 min, koloretan, frantsesez

 

Presque un siècle

Pascale Bodet, Frantzia, 2019, 52 min, koloretan, frantsesez

Ireki da jada Punto de Vista jaialdiaren hurrengo ediziorako akreditazioak eskatzeko epea, eta irekita egongo da martxoaren 15era arte. Akreditazioa nahi duten profesionalek, ikasleek eta kazetariek jaialdiaren webgunean eska dezakete.

Akreditazio profesionala zinemaren eta ikus-entzunezko sormenaren arloko profesionalentzat dago erreserbatuta, eta 35 €-ko kostua izango du. Bestalde, ikasleentzako akreditazioak kanal berean eska daitezke, eta izena emateko kuota 10 €-koa da.

AKREDITATU ZAITEZ