Autonomoen kotizazioan eman diren aldaketei buruzko hitzaldiak egin dituzte
Lurgintzak eta Ehnelurrek antolatu dituzte
Iazko udan Espainiako Gobernuak autonomoen kotizazioan aldaketak ezartzen zituen Errege Dekretua argitaratu zuen. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jarri da indarrean, eta eman diren aldaketei buruzko informazioa eskaini dute Lurgintza Gestio Etxeak eta Ehnelurrek Azpeitian eta Zaldibian egindako hitzaldietan. Interes handia piztu zuten hitzaldiek eta pertsona ugari gerturatu zen antolatutako jardunaldietara.
Nola kalkulatu
Orain arteko autonomoen kotizazioetan gutxieneko kotizazioa eta gehieneko kotizazioa zeuden. 2023ko urtarriletik aurrera, ordea, autonomoek aurreikusten duten irabazi garbien baitan kotizazio base bat edo beste bat izango dute. Hamabost kotizazio base tarte zehaztu dituzte eta autonomoak bat edo beste aukeratu beharko du (Beheko taulan ikus daitezke tarteak). Irabazien aurreikuspena egiteko honako kalkulu hau egin daitekeela aholkatu dute: erretna aitorpenean ‘Jarduera ekonomikoen etekinak’ jartzen duen atalean agertzen den zenbatekoari Gizarte Segurantzari ordaindutako kuotak gehitu behar zaizkio. Horren emaitzari, %7a kendu behar zaio. Bertan ateratako zenbateko hori 12 hilabetetan zatitu eta hilabeteko irabazia zein den jakin ahalko duzu.
Hilabeteko irabazi hori da, 15 tarteko taulan bilatu behar den zenbatekoa. Dena den, aurreikuspenak direnez, urtean zehar, kotizazio basearen aldaketak egin daitezke. Sei aldaketa gehienez: urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra artean; martxoaren 1etik apirilaren 30era; maiatzaren 1etik ekainaren 30era; uztailaren 1etik abuztuaren 31ra; irailaren 1etik urriaren 31ra eta azaroaren 1etik abenduaren 31ra. Bestetik, koberturek berdinak izaten jarraituko dutela adierazi zuten.
You must be logged in to post a comment.