“Hurrengo egunean berari tokatzen zitzaion. Farolaren argi baliotsuak iritsarazten zion argiaz nekez irakur zezakeen papertxoa. «Ez zaizkidak mutil zatarrak gustatzen. Abiso». Gaueko hamaikak eta laurden zituen eta handik pixkara etxera joan behar zuen, derrigorrez, bestela giltzen faltan ezingo zuen etxean sartu. Aulkitik jaiki eta barandila zurian apoiatuz hondartza begiratu zuen, apur bat harago zegoen itsasoari erreparatu gabe.
Bai, hurrengo egunean tokatzen zitzaiola ari zen pentsatzen. Horretaz eta horren inguruko roilo guztiez. Ea zer funtzio zeukan joko horrek guztiak. Berak behintzat ez zuen batere garbi ikusten. Hondartzako erlojuak atzeratuta zebiltzala konprobatu zuen bezain laster, pixkanaka ibiltzen hasi zen, hurrengo egunean bere mezua idazteko leku egokia finkatzearren. Aharrausi pare bat ere bota zituen bota, eta momentu batean kezka guztiak pilatu bazitzaizkion ere, leku bat erabaki zuen bere buruarekiko. Ez zen oso orijinala baina horretan orijinaltasunak ezer gutxi du inporta. Bai, diskotekaren parean ipiniko zuen ilargi betea tokatzen zuen hurrengo egunean”.