2010etik, martxoa euskararen hilabetea da Hendaian.
Urtero, ekitaldi hau udaberriarekin batera datorkigu. Euskara garatzeko, natura berriztera eta bere jantzi ederrenak janztera bultzatzen duen indarrez beterik izan nahi genuke.
Gure hizkuntzaren egoera ahulaz oharturik, Hendaiako Herria hizkuntza politika ausart batean engaiatu da, euskara txerta daitekeen gune guztiak kontuan hartuz. Aurten ere, euskara gure herriko ekitaldi nagusietan sarrarazteko zeharkako politika boluntaristak jarraituko du.
Urte osoan zehar, Hendaiako Herriak euskarazko jarduera programazioa eskaintzen du, bere Kultura eta Hizkuntza Politika Zuzendaritzaren bitartez. Halere, martxoa arreta osoa euskaran jartzen den momentu nagusia da. Horrela, Soziolinguistika Klusterrak Hendaia aukeratu du, bere urteko jardunaldia une horretan antolatzeko. Horrek Bidasoako bi aldeetako profesional anitz bilduko ditu, aktualitatezko gai baten inguruan gogoetatzeko: gazteak eta euskara.
Horren karietara, programa aberatsa proposatzen zaizue, Hendaiar gehienak, haur, gazte edo heldu, jarduera irekien inguruan elkartzen ahal izateko landua: ikuskizunak, mintzaldiak, natura edo familia jarduerak, baita ere profesionalei zuzenduriko topaketak.
Gure herriko kultura guneak mobilizatuko dira ere: Mendi Zolan, Mediateka, Borderline Fabrika, zinema, baita Gaztelu Aretoa ere. Azken toki horretan, Erramun Martikorena eta Euskal Herriko musikari paregabeak (Mixel Ducau, Iñaki Dieguez eta Matthieu Haramboure) elkartuko dira taula gainean, kantaldi bikaina eskaintzeko.
Hendaiako Herriak elkarteen laguntzarekin osaturiko 2023ko egitaraua ezagutzera gonbidatuak zarete, eta parte hartzera animatzen zaituztegu.