TODACITAN, ERRETZEARI UZTEKO MEDIKAMENTUA

Todacitan 1,5 mg 100 konprimatu, EFG (Espezialitate Farmazeutiko Generikoa). Konprimatu zuri txikiak dira, 6 mm diametrokoak. Bere printzipio aktiboa zitisina da. Konprimitu bakoitzak 1,5 mg zitisina du. Merkaturatzeko baimenaren titularra Aflofarm Farmacja Polska Sp.z.o.o. da, Poloniakoa.

Erretzeari uzteko prest dauden erretzaile helduentzat indikatuta dago, tabako-mendekotasuna tratatzeko eta nikotinaren mendekotasunaren antsietatea murrizteko. Erretzeko ohitura uztea da azken helburua.

Todacitan kaxa bat nahikoa da tratamendu-ziklo oso baterako. Tratamenduaren iraupena 25 egunekoa da.

Posologia eta jarraibidea:

1. egunetik 3. egunera, konprimitu bat 2 ordutik behin, gehienez 6 konprimitu eguneko.

4. egunetik 12. egunera, konprimitu bat 2,5 ordutik behin, gehienez 5 konprimitu eguneko.

13. egunetik 16. egunera, konprimitu bat 3 ordutik behin, gehienez 4 konprimitu eguneko.

17. egunetik 20. egunera, konprimitu bat 5 ordutik behin, gehienez 3 konprimitu eguneko.

21. egunetik 25. egunera, 1-2 konprimitu egunean, gehienez 2 konprimitu eguneko.

Erretzeari utzi behar zaio, gehienez ere, tratamenduaren bosgarren egunean. Tratamenduak irauten duen bitartean ez da erre behar, erretzeak kontrako erreakzioak okertu ditzakeelako. Tratamenduak porrot egiten badu eten egin behar da. Bi edo hiru hilabete igaro ondoren, berriro ere has daiteke tratamendua.

Populazio bereziak (giltzurrun-, gibel-gutxiegitasuna). Ez dago todacitanarekin esperientzia klinikorik giltzurrun- edo gibel-gutxiegitasuna duten pazienteetan; beraz, medikamentua ez dago gomendatuta pazienteen populazio horretan erabiltzeko.

Adineko populazioa. Esperientzia kliniko eskasa dela eta, todacitana ez dago gomendatuta 65 urtetik gorako pazienteekin erabiltzeko.

Populazio pediatrikoa. Oraindik ez da ezarri todacitanaren segurtasuna eta eraginkortasuna 18 urtetik beherakoentzat. Todacitana ez da gomendatzen 18 urtetik beherakoentzat.

Emateko modua: Todacitana ahotik hartu behar da, urarekin.

Kontraindikazioak. Printzipio aktiboarekiko edo eszipienteekiko hipersentikortasuna. Angina ezegonkorra. Duela gutxiko miokardio-infartuaren aurrekariak. Garrantzi klinikoa duten arritmiak. Duela gutxiko istripu zerebrobaskularraren aurrekaria. Haurdunaldia eta edoskitzaroa.

Erabiltzeko ohartarazpen eta arreta bereziak. Todacitana erretzeari uzteko asmo irmoa duten norbanakoek bakarrik hartu behar dute. Pazienteak jakin behar du, medikamentua hartzearekin batera, erretzen edo nikotina duten produktuak kontsumitzen badira, nikotinaren aurkako ondorioak larriagotu ahal direla.

Todacitana kontu handiz hartu behar da honako kasu hauetan: kardiopatia iskemikoa, bihotz-gutxiegitasuna, hipertentsioa, feokromozitoma, ateroesklerosia eta beste baskulopatia periferiko batzuk, ultzera gastrikoa eta duodenala, errefluxu gastroesofagikoak eragindako gaixotasuna, hipertiroidismoa, diabetesa eta eskizofrenia.

Erretzeko ohitura etetea: farmakoen metabolismoa.Tabakoaren kean dauden hidrokarburo aromatiko poliziklikoek eragiten dute cyp1a2 entzimak (eta beharbada cyp1a1 entzimak) metabolizaturiko farmakoen metabolismoaren gainean. Erretzaile batek erretzeari uzten dionean metabolismoa moteldu daiteke eta, ondorioz, medikamentu horien odol-kontzentrazioak handitu. Horrek garrantzi klinikoa izan dezake tarte terapeutiko estua duten medikamentuetan (adibidez, teofilina, takrina, klozapina eta ropinirola).

Erretzeari uztean ere, entzima horrek partzialki metabolizaturiko beste medikamentu batzuen kontzentrazio plasmatikoak (esaterako, imipramina, olanzapina, klomipramina eta fluboxamina) handitu ahal dira. Hala ere, hipotesi horri eusteko datuak falta dira eta ez da ezagutzen eragin horren garrantzi klinikoa. Zenbait datuen arabera erretzeko ohiturak flekainida eta pentazozinaren metabolismoa azkartu ahal duela.

Erretzeko ohitura etetea: gogo aldartea.Gogo-aldarte deprimitu bat, ideia suizida edo suizidio-saiakera barne (oso gutxitan iristen da azken egoera horretara), nikotinaren abstinentzia-sintoma bat izan daiteke. Medikuek adi egon behar dute erretzeari uzten saiatzen diren pazienteengan (tratamenduarekin edo tratamendurik gabe) sintoma neuropsikiatriko larriak ager daitezkeen ikusteko. Era berean, arreta eskaini behar zaie gaixotasun psikiatrikoaren aurrekariak dituzten pazienteei, eta behar bezala informatu behar zaie.

Haurdunaldia eta todacitana.Haurdun geratu ahal diren emakumeek, todacitana hartzen duten bitartean, metodo antikontzeptibo eraginkorrak erabili behar dituzte.

Interakzioa beste medikamentu batzuekin eta beste elkarrekintzak. Todacitana ez da tuberkulosiaren aurkako medikamentuekin batera hartu behar. Gainerakoan, ez dago datu kliniko gehiagorik beste medikamentu batzuekiko elkarrekintzei buruz.

Gaur egun ez da ezagutzen todacitanek antisorgailu hormonal sintetikoen eraginkortasuna murriztu ahal duen eta, beraz, horiek erabiltzen dituzten emakumeek bigarren hesi-metodo bat gehitu behar dute.

Ugalkortasuna, haurdunaldia eta edoskitzaroa. Ez dago daturik todacitanek ugalkortasunean dituen ondorioei buruz. Haurdunaldian eta edoskitzaroan kontraindikatuta dago.

Haurdun geratzeko posibilitateak dituzten emakumeek, todacitan hartzen duten bitartean, oso eraginkorrak diren metodo antikontzeptiboak erabili behar dituzte.

Gidatzeko eta makinak erabiltzeko gaitasunaren gaineko eragina. Ez du eraginik edo hutsala da.

Kontrako erreakzioak. Zitisina duten produktuen erabilerari buruzko azterketa klinikoek eta aurretiazko esperientziak adierazten dute zitisinak tolerantzia ona duela. Kontrako erreakzioen ondorioz tratamendua uzten zuten pazienteen proportzioa % 6-15,5 izan zen. Kontrolaturiko azterlanetan, balio hori plazeboarekin trataturiko taldean tratamendua utzi zuten pazienteen proportzioa antzekoa zen. Oro har, kontrako erreakzio arinak eta moderatuak ikusi ziren. Urdail-hesteetako traktuari eragiten diote sarriago. Kontrako erreakzio gehienak tratamenduaren hasieran gertatu ziren, eta tratamenduan desagertu ziren. Sintoma horiek erretzeari uztearen ondorio ere izan daitezke, medikamentua erabiltzearen ondorio baino gehiago.

Jarraian, saiakuntza klinikoetan agertzen diren zitisina duten produktuen aurkako erreakzio ohikoenak aipatuko dira (10etik 1 edo gehiago): apetituan aldaketak (batez ere handitzea), pisua handitzea; zorabioak, umore-aldaketak, antsietatea, loaren nahasmenduak (insomnioa, logura, lozorroa, amets anormalak, amesgaiztoak), zefaleak; takikardia; hipertentsioa; aho lehorra, beherakoa, goragalea, dastamenaren alterazioa, bihotzerrea, idorreria, gorakoak, sabeleko mina (batez ere, salbelaldearen goiko aldean); larruazaleko erupzioa; mialgia; nekea.

Ezaugarri farmakologikoak. Zitisina landare-alkaloide bat da, besteak beste, Laburnum generoko zuhaitzen hazietan dagoena. Bere egitura kimikoa nikotinaren antzekoa da, eta eragina ere bai, baina, oro har, ahulagoa da. Eragiten du azetilkolinaren hartzaile nikotinikoetan. Zitisina nikotinarekin lehiatzen da errezeptore berberengatik, eta pixkanaka nikotina desplazatzen du lotura sendoagoa duelako.

Informazio gehiago nahi izanez gero, medikamentuaren fitxa teknikora jo behar da.

Erreferentzia:

Todacitan 1,5 mg konprimatuak EFG. Fitxa teknikoa. Testuaren berrikuspen data: 2022/07. Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioa. Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentzia. CIMA.