Udaberriko gau honetan, kostaldeko apartamendu aberatsean, kanpoko eguraldia atsegina izan arren, biziki giroa iluna zen Mikelek pairatua berri zuen erasoarengatik. Ez zuen tutik ukitu “Gustatzen Zaidana”-k eraman zuen afarian. Ez zuen ezer edan salbu ur pixka bat. Ezta orain noiz behinkakoa bilakatua zen garagardorik ere bere morala altxatzeko.
Usaian baino berantago sartua zen eta Aletxarekiko elkarrizketaren ondotik, telebistako berrien ordua iragana zen. Dena den, nahi zuen gauza bakarra zen dutxa baten hartzea eta oheratzea. Erasoaren ondorioz ere, neke handia sentitzen zuen eta erortzean kolpatuak izan ziren junturak eta giharrak orain mingarriak zitzaizkion. Ez zekien orain zehazki zeren kontra talka egina zuen bere gorputzaren parte bakoitzak, mundrun edo bizikletaren kontra. Baina guztiak mingarriak ziren.
Dutxan sartu zenean, arintze handia sentitu zuen zikindura kentzeko sentsazioarekin, bai mundrunarena bai erasotzailearen eskuena. Burmuina zeharkatu zizkion filmetan ikusiriko eszenak, zeintzuetan emakume bortxatuak lehenbailehen etxeratzen direnean dutxa hartzen duten, bortxatzailearen aztarnak kentzeko. Eta horrela kentzen dituzte ADN aztarnak ere, salaketa eta identifikazioa zailago bilakatuz. Eta berak, Mikelek, salaketa eginen ote zuen edo beldurrez jota ahanzten saiatuko luke?
Izan ere oraindik dar-dar zegoen, beldurragatik. Erasotzaile erraldoiaren autoa ikusia zuen urrunetik, zelatan, bere egoitzan sartzen zenean. Eta bere egoera fisikoa kontuan hartuz bazekien kolpe batez erasotzaile erraldoi horrek, zailtasunik gabe erail zezakeela. Garbi zezakeela errana zuen bezala. Garbitzea, preseski oraintxe egiten zuen baina beste zentzu batean. baina dutxaren zuloan sartzen zen urari so gelditu zen segundo luze batzuetan, bere burua urtzen ikusten bazuen bezala, zoruan desagertzen ere.
Orain toallarekin bere gorputza idortuz, biktima gehienek bezala bere buruari galdetzen zion zertan oker egona zen. Zer izana zen bere errua? Zergatik erraldoiak, erasotzaileak, ez zuen garaiz ikusia? Ea SMS bat idazten edo irakurtzen ari zen bolantearen gibelean? Edo telefonoz haren azken droga saltzea negoziatzen ari zen? Edo WhatsAppean bideo irringarri bati so?
Egunero irratiak entzunez eta telebista begiratuz, bazekien Mikelek salatzaileak askotan hiltzen zirela jadanik erasoak zituztenen kolpez, batez ere emakumeak, gehienetan bikote kideen kolpez. Eta bazekien poliziak ez zuela jende askirik, mehatxatu guztien babesa ziurtatzeko. Zer egin beraz?
Lagunak deitu? Hemen bakarra zen. Duela gutxi etorria. Lan eta lan, sozializatze denborarik gabe. Bi urtez hemen izan eta gero, lehen aldiz duela gutxi lanez kanpoko gai bat aipatua zion beste gizaki bati, mutxikoei buruz.
Hausnarketa hauek guztiak burmuinean itzularazten zituen noiz ziplo lokartu zen. Ametsik gabe lo sakonean.
Iratzargailuak goiz goizean iratzarria, Mikel altxatu eta zuzenki dutxara joan zen. Berriz ere bere larruan zerion ur beroaren atsegina sentitu zuen, nahiz eta ezkerreko matela minez zegokion. Mina baino mingarriagoa zen sute sentsazio hori. Eta garbi-oihala pasatzearekin hantura batez ohartzen zen.
Dutxatik atera zen eta ispiluan konkor gorri-gorria ikusi zuen, lekuka beltzerantz jadanik aldatzen hasten zena.
Hala ere pisua neurtu zuen eta jantzi, egon gelara atera aurretik.
– Aletxa, egun on! Ikusi ote duzu nire matela, nola hantua den? —Aletxari galdetu zion Mikelek.
– A gaixoa! Ze mingarria izan behar den! Zerbait egin behar duzu horri buruz lanera joan aurretik! Gosaria jaten duzunean, antolatuko dizut bideokontsulta ospitaleko larrialdi zerbitzuarekin. Ospitalera joan behar baduzu, erranen dizute —Aletxak.
Mikelek bere gosaria zailki jan zuen. Hain mingarria zitzaion ezker aldeko matelezurra non eskuin aldean bakarrik mastekatu zuen, emeki-emeki. Segidan bideo kontsulta egin zuen eta ospitalera joan behar zuela erran zioten, hematomaren azpian hezur haustea izanen zen erradiografiaz frogatzeko.
Bulegoa deitu nahi zuen, berandua izanen zela abisatzeko, mundu normalean egiten den bezala, bezperatik goiti mundua ez bazitzaion normala agertzen ere. Bere harridurarik handienaz, mutxikoak gustatzen zitzaizkion lankidearen ahotsa telefonoz ezagutu zuen.
– Bai Mikel, Miren nauzu! Gaur goizean lehenbizikorik heldu naiz eta entzun dut zure deia! Nola zaude?
– Gaizki nago Miren! Barda bizikletaz etxeratzekoan erori nintzen eta gaur goizean matela sutan dudala konturatzen naiz! Oraintxe frogak egiteko ospitalera joan behar dut. Ea nagusiari erraten ahal diozu, otoi?
– Baietz Mikel! Lasai! Eta zure istripua ikusi nuela erran behar dizut ere, bizikletaz bide berean ibiltzen bainintzen hogeita hamar metrora zure gibelean. Eta den dena ikusi nuen! Eszena osoa! Lekuko izanen nauzu zure erasotzailea salatu eta auzipetu nahi baduzu.
– Ba, Miren, nire gibelean zinela ez nintzen konturatu! Ziur aski eskertzen zaitut baina erraldoi horrek hain beldurtzen nau non zalantzan naiz zer egiteari buruz. Pleinitzen banintz, nire garbitzeko mehatxatu ninduen. Barda ere istripuaren ondotik egoitzan sartzen nintzenean ikusi nuen nire zelatan, salbai hau! —Mikelek.
– Miren, egun on, Aletxa naiz, Mikelen laguntzailea! Oraindik ez nauzu ezagutzen baina guk, erasotzailea biziki ongi ezagutzen dugu! Bai, Mikel! Zure lo sakonean haren BMW erraldoiaren matrikula behin eta berriz errepikatzen zenuen eta! Gurekin tratua badu, zuk bezala. Poliziara pleinitzera joan nahi baduzu, ez zaitu hilko, ez zaitu gehiago mehatxatuko. Hori zin egin dezaket. Badugu zer lasaitzeko, salbai hau!
Eta Mikel, matela sutan, ez txistuka, euskarri gabeko maletatxoa besoaren azpian, hinki-hanka autoa hartzera abiatu zen.
2022/10/11
“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (75. zenbakian)