ZUHAITZETATIK URRUN

Funtsezko ondasunen ekoizpenean oinarrituko da Miriam Martínek komisariatuko duen Punto de Vistako Zuhaitzetatik urrun atzera begirakoa

  • Sei saio eta solasaldi bereziak eginen dira Golem Yamaguchi zinemetan, jaialdiko aste osoan

Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO sozietate publikoak antolatutako Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdiak iragarri berri duenez, bigarren atzera begirako bat eginen da jaialdian, Peter Nestler alemaniar zinemagileari eskainitakoaz gain. Miriam Martín zinemagile eta programatzailearen programazio baten bigarren atala izanen da, eta zinema dokumentalaren bidez hurbileko gizarte eta natura inguruneari begirada berritu bat ematea izanen du helburu. Kasu honetan, gaurkotasuneko gai bati erreparatuko zaio, behar-beharrezko ondasunen ekoizpen prozesuari –arrantza, nekazaritza, abeltzaintza, etxebizitza–, bai eta horri lotutako sistema konplexuari ere; izan ere, espezie bizi guztien mehatxu bihurtu da gaur egun, gure espeziea barne. Joan den urtean, ibaiek komunitatearen bizitzan duten garrantziari buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatu zuen Encuentro en el río (Topaketa ibaian) atzera begirakoak.

Aurtengo eskema aurreko edizioaren antzekoa izanen da. Sei saio eginen dira Golem Yamaguchi zinemetan, aurkezpenekin eta solasaldiekin batera, eta elkarrizketa ireki batean parte hartzeko proposatuko die programatzaileak ikusleei. Zinema dokumentalaren historiako film luzeak zein laburrak egonen dira programan, garai guztietakoak, gure eguneroko bizitzarako funtsezkoak diren kontsumoko ondasunen ekoizpenaren historia ezagutzera emateko.

Horrela deskribatu du atzera begirakoa zinemagileak: “Programa hau gaur egun zuhaitzetatik bereizten gaituen amildegira gerturatzen da, funtsezko ondasunen ekoizpenari erreparatzen dio denboraren luzean (eta zabalean), eta, ondorioz, omendu egiten ditu jatorrizko produktibitaterik eza, ekoizpen ez-industriala, iraupen ekonomia eta animaliak. Bai eta zenbait gizaki ere, denak haienaren artistak. Zergatik? Gure munduarekiko maitasunagatik, gure munduaren defentsan, hura defendatzeko desira (edo irudimena) pizteagatik, Samoa uhartedia edo Orinokoko delta ur azpian desager ez daitezen, Sizilia edo Traslasierra harana suak desagerraraz ez ditzan. Azkenean desagertzen badira ere. Izan ere, hauxe zioen hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Ebroko behe erriberan aurkitutako kartel batek: Llaman milagro al desarrollo, pero el milagro está en el reparto (mirari deitzen diote garapenari, baina benetako miraria da banaketa).

Punto de Vistak martxoaren 17an jarriko ditu salgai publiko orokorrarentzako sarrerak, edizio honetako saio guztietarako. Bestalde, jada eskatu daitezke profesional eta ikasleentzako akreditazioak, www.puntodevistafestival.com webgunean.

 

Zuhaitzetatik urrun atzera begirakoa

 

1. saioa

Moana 

Robert J. Flaherty eta Frances H. Flaherty. Estatu Batuak, 1926, 92 min, isila

Mosori Monika

Chick Strand. Estatu Batuak, 1970, 20 min, ingelesez

 

2. saioa

Lu tempu di li pisci spata

Vittorio de Seta. Italia, 1954, 11 min, elkarrizketarik gabe

Safare sayadi

Ebrahim Mokhtari. Iran, 1986, 28 min, persieraz

Drifters

John Grierson. Erresuma Batua, 1924, 41 min, isila

Vive la baleine

Chris Marker eta Mario Ruspoli. Frantzia, 1972, 17 min, frantsesez

 

3. saioa

Det stora äventyret

Arne Sucksdorff. Suedia, 1953, 94 min, suedieraz

 

4. saioa

Schastye

Sergei Dvortsevoy. Kazakhstan, 1996, 25 min, kazakheraz eta errusieraz

Le Cochon

Jean-Michel Barjol eta Jean Eustache. Frantzia, 1970, 50 min, elkarrizketarik gabe

Jamal

Ibrahim Shaddad. Sudan, 1981, 14 min, elkarrizketarik gabe

 

5. saioa

Trilla

Sergio Bravo. Txile, 1959, 27 min, gaztelaniaz

Al-Sandawich

Atteyat al-Abnoudy. Egipto, 1975, 12 min, elkarrizketarik gabe

O Pão

Manoel de Oliveira. Portugal, 1959, 59 min, portugesez

 

6. saioa

Ceramiqueros de Traslasierra

Raymundo Gleyzer. Argentina, 1965, 19 min, gaztelaniaz

L’industria dell’argilla in Sicilia

Pietro Marelli. Italia, 1910, 5 min, isila

Zum Vergleich

Harun Farocki. Austria eta Alemania, 2009, 61 min, elkarrizketarik gabe

Ireki da jada Punto de Vista jaialdiaren hurrengo ediziorako akreditazioak eskatzeko epea, eta irekita egongo da martxoaren 15era arte. Akreditazioa nahi duten profesionalek, ikasleek eta kazetariek jaialdiaren webgunean eska dezakete.

Akreditazio profesionala zinemaren eta ikus-entzunezko sormenaren arloko profesionalentzat dago erreserbatuta, eta 35 €-ko kostua izango du. Bestalde, ikasleentzako akreditazioak kanal berean eska daitezke, eta izena emateko kuota 10 €-koa da.

AKREDITATU ZAITEZ