SEI MASTER ETA BORTZ MASTER BIKOITZ BERRI

 

NUPek sei master eta bost master bikoitz berri eskainiko ditu 2023-2024 ikasturtean

Besteak beste Zibersegurtasuna, Ikusmen Artifiziala, Osasun Psikologia Orokorra edo Historia eta Memoria daude graduondoko ikasketen eskaintza berrian. Guztira 42 titulu daude.

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) guztira sei master eta bost master bikoitz berri eskainiko ditu 2023-2024 ikasturtean. Aurretiko izen-ematea martxoaren 1ean hasi eta apirilaren 28ra arte egonen da irekita. Tramitea Unibertsitatearen webgunearen bidez egin behar da, eta bertan kontsultatzen ahal da eskaintza osoa ere, zeinak dagoeneko 42 titulu baititu (horien artean 8 dira bikoitzak). Zibersegurtasuna, ikusmen artifiziala, piskologia edo historia eta memoria dira eskaintza berriak dituen gaietako batzuk.

Titulu berriak zenbait arlotakoak dira. Informatikaren eta Telekomunikazioaren arloan, batetik, Komunikazio Aurreratuetako eta Ikusmen Artifizialeko Unibertsitate Masterra eskaintzen dugu; aukera dago master hori bakarrik egiteko edo bestela Telekomunikazio Ingeniaritzako eta Komunikazio Aurreratuetako eta Ikusmen Artifizialeko Master Bikoitz moduan. Beste alde batetik, berrikuntza moduan Zibersegurtasuneko Unibertsitate Masterra dugu. Aukera dago bera bakarrik egiteko, edo Ingeniaritza Informatikoko eta Zibersegurtasuneko Master Bikoitz edo Telekomunikazio Ingeniaritzako eta Zibersegurtasuneko Master Bikoitz moduan.

Giza eta Gizarte Zientzien arloan, Historiako eta Memoriako Unibertsitate Master berri bat dugu. Bera bakarrik egiten ahalko da, edo Historiako eta Memoriako eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Master Bikoitz moduan ere bai –bigarrena Hezkuntza arlokoa da–.

 

Osasun Psikologia Orokorra, Zerga Aholkularitza eta Nazioarteko Negozioak

Osasun Zientzietan, heldu den ikasturtean Osasun Psikologia Orokorreko Masterra emanen dugu; osasun psikologo orokor moduan lan egiteko gaitzen du, eta Psikologiako egresatuei zuzendua da.

Beste aldetik, Zientzia Juridikoen arloan, Zerga, Lan eta Kontabilitate Aholkularitzako Unibertsitate Masterra dugu berritasuna (orain arte master bereki moduan eskaintzen zen). Graduondoko honek aukera ematen du Abokatutzarako Sarbideko Masterrarekin batera ere egiteko, master bikoitz moduan.

Azkenik, Ekonomiaren eta Enpresaren Zientzien arloan Nazioarteko Negozioetako Masterra eskaintzen dugu, erabat ingelesez. Master horretarako, Nafarroako Gobernuak 10 beka aurreikusi ditu.

 

Gainerako eskaintza, arloka

Masterren gainerako eskaintza aurreko urtekoa izanen da. Jarraian adierazten dizuegu eskaintza osoa –graduondoko berriak eta lehendik zeudenak gehituta–, arloaren arabera banatua. Elikagaien Nekazaritzaren arloak eta Zientziarenak hiru master dituzte komunean, eta beste hiru bakoitzak bereak. Ekonomia eta Enpesa Zientzien arloan sei master ditugu; Hezkuntzan master bat eta master bikoitz bat, eta Giza eta Gizarte Zientzietan hiru master arrunt eta bikoitz bat. Beste alde batetik, Industria Zientzien arloan bost master eta master bikoitz bat ditugu, eta Informatikaren eta Telekomunikazioaren arloan sei master eta hiru master bikoitz. Zientzia Juridikoen arloan lau master eta master bikoitz bat eskaintzen ditugu. Azkenik, hiru master daude Osasunaren arloan. Eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

 

Argazkia: Ikasle batzuk NUPen.