Catalina de Oscáriz Udal Eskolak pintura eta marrazketako bi lantegi eskainiko ditu ikasturteko azken hiruhilekorako
Interesa dutenek martxoaren 17ra arte izena ematen ahalko dute, 010 herritarrendako arreta-telefonoan
Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolak ikasturtearen azken hiruhilekoan pintura eta marrazketako bi lantegi antolatu ditu, diziplina horiei buruzko ezagutzetan eta praktikan sakontzeko. Zehazki, ‘Tintaz marraztea’ eta ‘Erretratu pintatua’ izenburua duten lantegietan izena emateko aukera eskainiko du. Jarduera horiek marrazkiari eta pinturari buruzko oinarrizko ezagutzak dituzten 16 urtetik gorakoei zuzenduta daude, eta 48,55 euroko kostua dute.
Prestakuntza horiek jasotzeko interesa dutenek martxoaren 17ra arte behin-behinean izena ematen ahalko dute, 010 herritarrendako arreta-telefonoaren bidez. Jarduera bakoitzean 40 leku egonen dira. Lagun gehiagok eman badute izena, lekuak zozketa bidez esleituko dira. Hautatuek SMS bat jasoko dute martxoaren 21ean lekua esleitu zaiela jakinaraziz, izena eman dutenen zerrendak berrikusi eta zozketa egin ondoren. Abisu horretan bertan matrikula egiteko argibideak emanen dira.
‘Tintaz marraztea’ lantegiaren bidez teknika espezifikoak irakatsiko dira, hala nola bilbeak, marradura gurutzatua, punteaketa, punta lehorra, gouacheak eta hainbat baliabide uztartzea. Ikastaroa astearte eta ostegunetan eginen da, bi txandatan, 17:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, eta txanda bakoitzean 20 leku egonen dira. Eskolak apirilaren 4an abiatuko dira eta ekainaren 29ra arte iraunen dute. Bestalde, ‘Erretratu pintatua’ lantegiak giza aurpegia olio-pinturaz lantzeko berariazko prestakuntza eskainiko du. Eskoletan erretratuak urratsez urrats eginen dira, hainbat teknika eta prozesu piktoriko aplikatuz. Horretarako, erretratu unibertsalak eta garaikideak kopiatuko dira. Eskolak astelehen eta asteazkenean emanen dira, bi txandatan, 17:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, eta txanda bakoitzean 20 leku egonen dira. Kasu honetan, ikastaroa apirilaren 3an abiatuko da eta ekainaren 28ra bitarte iraunen du.
Hautatuek martxoaren 22tik 31ra bitarteko epea izanen dute lekua baieztatu eta matrikula ordaintzeko. Matrikularen kostuaren gaineko kenkariak egiten ahalko dira, ordenantza fiskaletan jasotako ohiko kasuetan. Leku guztiak betetzen badira, itxaron-zerrenda bat sortuko da.
Prestakuntza ikasturte osoan zehar
Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolak ikasturte osoan zehar eskaintzen du marrazketako eta pinturako prestakuntza, urteko eta hiruhilekoko lantegien bitartez. Lehenengo hiruhilekoan, esaterako, ‘Kolorearen teoria, hurbilpen praktikoa’ eta ‘Marrazketa ikatz-ziriz’ lantegiak egin ziren, eta bigarrenean, ‘Akuarelaz esperimentatu’ eta ‘Bargue marrazketa-metodoa (2)’. Horiei orain gehitu zaizkie ‘Erretratu pintatua’ eta ‘Tintaz marraztea’.
Eskola José Vila Marqués ikastetxe zaharrean kokatuta dago, Taxoaren kalean, eta marrazketako eta pinturako irakaskuntza ez arautuak eskaintzen ditu, 16 urtetik gorakoendako. Irakasleak lau profesional dira: bi marrazketa-irakasle, pintura-irakasle bat eta hiruhilekoko lantegietarako irakasle bat.
HIRUGARREN HIRUHILEKOKO LANTEGIAK
- Tintaz marrazteko lantegia
- 20 leku
- o Ordutegia: Astearte eta ostegunetan, bi taldetan: 17:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 21:00etara
- o Iraupena: apirilaren 4tik ekainaren 29ra
- Erretratu pintatuko lantegia
- o 20 leku
- o Ordutegia: Astelehen eta asteazkenetan, bi taldetan: 17:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 21:00etara
- o Iraupena: apirilaren 3tik ekainaren 28ra