ZINEMA DOKUMENTALEKO EKOIZPENA

Punto de Vista jaialdiko Lan sailean zinema dokumentaleko ekoizpen eta lan prozesuei buruzko hausnarketan sakonduko dugu

Sail horren barruan, hainbat saio eginen dira Termitas eta Paisaia lanen zinemagileekin batera, Catarina Boieiro ikertzaileak eta Candela Sotos artista bisualak egonaldiaren ondorioak aurkeztuko dituzte, Super 8 contra el grano dosierra aurkeztuko da, Napardocs jarduera profesionalak eginen dira, eta DokLab proiektuak aurkeztu

Punto de Vista jaialdia —Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du— Iruñean izanen da martxoaren 27tik apirilaren 1era bitarte, eta hamazazpigarren edizio honetako programazioaren berri ematen jarraitzera goaz. Oraingoan, jaialdiko programazio batzordeak iaz abiarazi zuen Lan sailaren edukiak iragarriko ditugu.

Lan hitzak ‘lana, zeregina’ esan nahi du, baina baita ‘uzta’ ere. Polisemia horri esker, irakurketa historikoa egin dezakegu: luzaroan, landa eremuko lana izan zen ia lan bakarra. Agian, horregatik, António Reis eta Margarida Cordeiro portuges zinemagileek zioten lagungarri egiten zitzaiela bere buruari «zinemaren nekazariak» esatea. Horrela, bada, Lan izena jarri genion zinema dokumentaleko irudimen eta lan prozesuen inguruan hausnartzeko sailari. Bertan, bilerak proposatuko ditugu hausnarketa hori egiteko. Lan sailaren barruan, edukia hainbat multzotan sailkatu dugu: Paisaia, Termitas, Catarina Boieiro eta Candela Sotos ikertzaile eta zinemagileen egonaldia, Super 8 contra el grano dossierraren aurkezpena, topaketa profesionalak, eta Napardocs eta DokLab proiektuen aurkezpenak.

Punto de Vista jaialdiko saio guztietarako sarrera orokorrak martxoaren 17an jarriko ditugu salgai, jaialdiaren webgunean eta Baluarteko leihatilan. Bestalde, profesionalei eta ikasleei zuzendutako akreditazioak eskatzeko epea zabalik dago, martxoaren 15era arte, eta www.puntodevistafestival.com webgunean egin behar da eskaera.

TERMITAS ETA PAISAIA

Aurreko edizioan izandako arrakastaren ostean, Punto de Vista jaialdiak Termitas eta Paisaia programak eskainiko ditu berriro, eta zinema alternatiboenaren eta berrienaren ikuspegi bat eskainiko du; horren osagarri, aurkezpenak eta zinemagileekin solasaldiak izanen ditugu. Gainera, saio horiek foro formatuan planteatuko ditugu, hau da, espazio fisikoak eskainiko ditugu zinemagileek elkarren artean biltzeko aukera ez ezik, publikoarekin elkartzeko aukera ere izan dezaten. Aurten, honako zinemagile hauek parte hartuko dute: Javier Calvo de Cabrera, José Otero, Luis Lechosa, Sara Domínguez, Luis Morla, Alberto Ruiz, Mikele Landa, Marieke Elzerman, Oier Fuentes, Iñigo Jimenez eta Patxi Burillo.

Termitas

1. saioa

El andamio / La Bastida, Javier Calvo de Cabrera. Espainia, 2022

Mal siglo haya, Luís Lechosa. Espainia, 2022

2. saioa

Bardauri, José Otero. Espainia, 2021

3. saioa

No conozco la historia del fuego, Sara Domínguez López, Luis Morla eta Alberto Ruiz. Espainia, 2022

La voz rosa, Marieke Elzerman. Espainia, Holanda, 2002

Paisaia

1. saioa

10 watts bakarrik, Oier Fuentes. Espainia, 2022

Infernuan, Iñigo Jimenez Bohoyo. Espainia, 2022

2. saioa

Y arquitectura un sueño de palmera, Patxi Burillo. Espainia, 2023

Noizko basoa, Mikele Landa. Espainia, 2022

OIHARTZUNAK ETA EKOLOGIAK. HURBILKETA POETIKO ETA POLITIKOA GUILLERMO ZÚÑIGAREN ARTXIBORA

2022. urtean X Films saileko epaimahaikide izan zen Catarina Boieiro (Lisboa, 1991) ikertzaileak eta Candela Sotos (Madrid, 1986) zinemagile eta artista bisualak egonaldi bat eginen dute elkarrekin Punto de Vista jaialdia hasi aitzineko asteetan, Uharte zentroarekin lankidetzan, eta egonaldiaren ondorioak saio publiko batean aurkeztuko dituzte, jaialdiaren barruan. Catarina eta Candela ikerketa proiektu bat egiten ari dira Guillermo López Fernández-Zúñiga (1909-2005) espainiar biologo, argazkilari eta zinema zientifikoaren aitzindarietako bati buruz. Zinema zientziarako eta transmisiorako tresnatzat erabiltzearen aldekoa izaki, hezkuntza erakunde errepublikarrekin lotura izan zuen, hala nola Misio Pedagogikoekin edo Eskola Institutuarekin. Garrantzi historiko handia duen arren, bere obra ez da oso ezaguna eta ez dira azterlan asko egiten hari buruz. Buenos Airesen erbesteratuta egon zen aldian Amazoniako nenufar bati buruzko film bat utzi zuen amaitu gabe, Yrupé loreari buruz, hain zuzen; film hori abiapuntu hartuta, Zúñigaren artxiboa aztertzeko hurbilketa poetiko eta politikoa eginen dugu film zatiak, argazkiak, gutunak eta XX. mendearen historia zeharkatzen duen funts bateko bestelako elementuak bilduta.

SUPER 8 CONTRA EL GRANO

Super 8 contra el grano izenburua jarri diote Alberto Berzosa zinemagileak –iazko edizioan zinemagile bisitaria izan zen Termitas sailean– eta Miguel Errazu ikertzaileak –Mexikoko UNAM unibertsitatean– Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren Secuencias aldizkarirako koordinatu duten dossierrari. Dossier horretan, ez-fikziozko zinemaren egungo produkzioan gero eta gehiago erabiltzen den euskarri fotokimiko bat aztertzen da: Super 8 formatua, betiere formatu horrekin, hasieran, behintzat, lotura handirik ez duten jardunbide historikoen ikuspegitik begiratuta. Super 8 formatua etxeko zinemarekin, batik bat, lotzen da, baina, historian zehar, zinema militante eta esperimental bat ere egin izan da euskarri horretan. Bi autoreek dossierrean egin duten ikerketaren laburpen bat aurkeztuko dute Punto de Vista jaialdian; sei film proiektatuko dira, komisarioek aurkeztuta, Super 8a formatu bat baino gehiago dela frogatzen duten askotariko alderdiak azaltzeko. Saio horretan honako hauen laguntza izanen dugu: Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren PÚBLICOS proiektuaren (PID2019-105800GB-I00) laguntza, Elías Querejeta Zine Eskolaren eta Archivio Audiovisivo del Movimento Operaio e Democratico erakundearen kolaborazioak, eta Milena Fiore, Laura Ibáñez eta Monica Maurer-en lana.

Super 8 contra el grano saioko filmak

Dictatorship of the Proletariat, Chuck Kleinhans. Estatu Batuak, 1979

Riotinto, una modesta experiencia de reforma educativa, Tomás Alberdi. Espainia, 1973

Pira, Sérgio Péo. Brasil, 1972

Cile, 1972, Monica Maurer. Italia/Txile, 1972

Les espagnols ont ils conquis les Andes?, Audiopradif. Frantzia, 1978

ST (Proyect One), Sylvia Harvey. Estatu Batuak, 1975

JARDUERA PROFESIONALAK: NAPARDOCS, DOKLAB

Aurten ere, zinema dokumentalari buruz hitz egiteko eta elkartrukeak egiteko gune bat proposatuko du Punto de Vista jaialdiak, produkzio etxe, sortzaile, elkarte eta jaialdiei begira. 2018. urtean ekin genion bide horri NAPAR Ikus-entzunezkoen Ekoizpen Naparra elkartearekin batera, eta NaparDocs sortu genuen: jaialdiaren barruan gero eta indar eta garrantzi handiagoa duen topaketa, gonbidatuekin elkartrukerako inguruneak sortuz eta, aldi berean, Nafarroatik haratago ere zabalduz. Loturak egiteko gunea da, eta hiru lan mahai antolatzen dira gidoiari, zuzendaritzari, produkzioari eta banaketa zinematografikoari buruz eztabaidatzeko; horien osagarri, sarean lan egiteko saioak egiten ditugu koprodukzioak sustatzeko eta mugaz gaindiko zubiak sortzeko Euroeskualdearen barruan, Institut Français erakundearekin elkarlanean.

2023. urte honetan, gainera, Doklab proiektuarekin elkarlanean hasi gara, Arena Comunicación enpresak 2022an dokumentalerako sortutako egonaldi berriarekin. Nafarroako Kutxa fundazioaren laguntzarekin, Punto de Vista jaialdiaren barruan aurkeztuko dira hautatutako proiektuak eta, gero, epaimahai profesional batek epaituko ditu, Civicanen.

Bukatzeko, 2020. urtean sortutako Federación Pantalla jaialdien elkarteko kide garen aldetik, federazio horrek eta La Mesta koordinakundeak lan topaketak izanen dituzte elkarren arteko loturak sustatzeko, jaialdietako produkzio prozesuak hobetzeko eta prozesu horiei buruz gogoeta egiteko.