Punto de Vista zinemaren eta pentsamenduaren gainerako arte eta diziplinen arteko zubigile Contactos sailean
-
Rosselliniren eta Godard-Miévilleren lanaren dimentsio didaktikoari buruzko programa batek, Iruñeko Planetarioko Deneb Martosen eta Oteiza Museoko Ibon RGren performanceek eta berriki berreskuratutako Jean Espteinen La Montagne infidèle filmaren musikaz lagundutako proiekzioak osatu dute jaialdiaren programazioaren azken iragarpena
Martxoaren amaieran hasiko da Punto de Vista jaialdiaren hamazazpigarren edizioa — Nafarroako Gobernuak sustatua eta NICDO sozietate publikoak antolatua —, eta itxi du jada bere programazioa, azken atalaren iragarpenarekin: Contactos.
Sail honek pentsamenduarekin loturiko arte eta diziplinetara zabaltzen du zinema. Eta hori bereziki garrantzitsua da dokumentalgintzan, izan ere diziplina honek, definizioz, gogoeta eta ezagutza ditu helburu eta gainerako arte garaikideekin errealitatea ikertzeko interesa partekatzen du. Espainiako zinemaren historiako filmik oparoenetako batetik datorkio sailari izena, Contactos (Paulino Viota, 1970) 2010ean, Jaialdiko lehen Heterodocsias Rewinden parte hartu zuena.
Lehenik, Gauzen irakaspenak: Rossellini, Godard-Miéville proposamenak zinemagintzaren historiako proiektu didaktiko erradikalenetako bi ikertuko ditu: desagertu berri den Jean-Luc Godard eta Anne-Marie Miéville bikoteak 70eko hamarkadan telebistarako egindako ekoizpenak eta Roberto Rosselliniren ibilbidearen bigarren zatia, 60ko hamarkadatik aurrera pantaila txikirako izaera pedagogikoko produkzioetan murgildua egon dena. Jaialdiak bi saio eskainiko dizkio gai horri. Batetik, Rosellini eta Godard-Miévilleren telebistarako lanaren hiru atal proiektatuko dira, eta, ondoren, solasaldia izango da José Antonio Escribgekin — Zaragozako Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko Didaktika Espezifikoen saileko irakaslea — eta José Ángel Alcalderekin — idazlea eta zinemagintzako ikertzailea. Bestetik, Paulino Viotaren hitzaldia eskainiko da, El pensamiento sensible de Godard izenburupean. Viotak Jean-Luc Godard. 60 años insumiso (Athenaica, 2022) liburua argitaratu berri du eta haren lana hobekien ezagutzen duenetarikoa da.
Punto de Vista Iruñeko Planetarioan izango da berriz ere Kosmogonía Deneb Martos artista bisualaren eta Wade Matthews soinu inprobisatzailearen instalazio performatikoa aurkezteko. Bi artista horiek eskuz esku lan egin dute lehendik ere Gold Film eta Skin Film obretan, besteak beste. Proposamen hau quimigrama prozeduratik abiatzen da (kamerarik gabeko zinema-prozesua), bizitzaren eta biosferaren eta planetaren zein kosmosaren historia gogora ekartzeko. Saioak Barbara Mingoren poesia irakurketak eta Wade Matthewsen zuzeneko musika ere eskainiko ditu, eta hainbat proiektore analogiko izango dira abian, aldi berean, Planetarioaren espazioa eta ohiko proiekzio-esperientzia eraldatuko dituztenak.
Jaialdiaren ohiko beste areto batean, Oteiza Museoan, Altzuza performance soinuduna eskainiko du Ibon RG musikariak, larunbat goizean. Euskal folklorearen interpretazio batetik abiatuta, 1999an Eten taldean abesten eta gitarra jotzen hasi zen musikaria. 2006an, mota guztietako tresna eta objektuekin pieza esperimentalak konposatu zituen Ibon RG izenez. Bakarkako lehen zuzenekoan, ahotsa izan zuen instrumentu bakarra. Sarritan aritu da elkarlanean: musika inprobisatuan zein konposatuan, produkzioetan, zinemarako eta antzerkirako musikan, eta irrati zein hedabide idatzietarako erreportajeetan. 2021ean Enrike Hurtadorekin batera argitaratutako oMOrruMU baMAt diskoa Joxan Artzeren testu batzuetatik eta txalapartari egindako ekarpenetik abiatzen da. Horrez gain, aurtengo zinemaldiko irudiaren sortzaile den Misha Bies Golas artistaren erakusketa bat ere hartuko du Oteiza Museoak.
La Montagne infidèle obraren proiekzioak itxiko du Contactos atalaren eta jaialdiaren beraren programazioa; Jean Epsteinen (1897-1953) pieza galdu hori berriki berreskuratu da eta Filmoteca de Catalunyak zaharberritu ondoren, zinemaldiari utzi dio filma, Ibon RG beraren zuzeneko musikarekin aurkezteko. 26 urte zituela, Epsteinek, bere ibilbidearen hasieran, 1923ko ekaineko Etnaren erupzioari buruzko dokumental hau filmatu zuen. 30eko hamarkadatik aurrera bere filmografian nagusi izango diren eszenatoki errealekiko interesa agerian jartzen du La Montagne infidèlek eta kataklismoaren eta apartekoaren forma hartzen dute elementu horiek filmean. Filmaren aura mistikoa ez dator lantzen duen gaitik eta filmatzeko baldintzetatik bakarrik, Epsteinen saiakera idatziek ere badute zerikusirik. Zinemari buruzko bere bigarren liburuak El cinematógrafo visto desde el Etna (1926) du izenburua, eta bertako hausnarketa teorikoa sumendiaren muturreko esperientziatik sortzen dela dirudi.
Martxoaren 10an, ostirala, Punto de Vistak egunez egun eskainiko duen programazio osoa iragarriko du eta publiko orokorrarentzako sarrerak salgai jarriko ditu bere webgunean eta Baluarteko leihatilan. Ikus-entzunezkoetako profesionalentzako zein ikasleentzako eta prentsarako akreditazioak eskatzeko epea martxoaren 15era arte egongo da zabalik eta eskaera webgunearen bidez egin daiteke.
Ireki da jada Punto de Vista jaialdiaren hurrengo ediziorako akreditazioak eskatzeko epea, eta irekita egongo da martxoaren 15era arte. Akreditazioa nahi duten profesionalek, ikasleek eta kazetariek jaialdiaren webgunean eska dezakete.
Akreditazio profesionala zinemaren eta ikus-entzunezko sormenaren arloko profesionalentzat dago erreserbatuta, eta 35 €-ko kostua izango du. Bestalde, ikasleentzako akreditazioak kanal berean eska daitezke, eta izena emateko kuota 10 €-koa da.