MASKARADA ETA INAUTEARI BURUZKO GOGOETA

Lextarreko plazan. Arg. Marian Aiala

Abenduaren 25ean hil zen urte zaharreko eguzkia eta hil orduko, eguzki berria sortu zen, Eguberri zen, hau da, eguzki berriaren eguna. Orduz geroztik, bere bidetik barna abiatu da, apal, indarrik gabe, baina beti aitzina urte edo ziklo berria eginez. Urtarrilaren 15ean, igandearekin, Maule eta Lextarreko gazteek aurtengo lehen maskarada eman zuten Xiberoko hiri nagusian, Maule-Lextarren. Aurtengo inautearen lehenetako urratsa izan da, neguko solstiziotik udaberriko ekinokziora doan denboraldi luze, ilun eta hotzaren abiapuntua.

Bai, jadanik, inautea gure artean dago, ihautea Euskal Herrian pizten ari zaigu, ama-lurra lo da, loak harturik, hotza, euria eta laster elurra nagusi. Negua da, neguko giroa, udaberri edo bedatsaren bila doan denboraldi hitsa. Baina euskaldunok, mende luzeetan barrena, gure erritoak sortu eta garatu ditugu neguari aitzin egiteko, neguloan den izadia berriz pizteko, eta gure arbaso totemikoa den hartza iratzartzeko. Eta iduriz, horretan hasiak gara, Maule-Lextarren jokatu duten maskarada horren tenorea ekarri baitigu Euskal Herrira.

Lehen aipatu bezala, Maule-Lextarreko gazteek eman dute jadanik lehen maskarada, baina hau dugu urtarrilaren 15etik apirilaren 22ra, asteburu guztietan, errepikatuko zaigun erritoaren lehen hatsa, osora hamabost maskarada emanen baitute. Horra aurtengo egutegia: Urtarrilaren 15ean, igandez, Maule-Lextarren, 22an, igandez, Atharratzen, 29an, igandez, Pagolan, otsailaren 5ean, igandez, Mendikotan, 11n, larunbatez, Gameren, 19an, igandez, Ürrüstoin, 25ean, igandez, Altzürükün, martxoaren 4an, larunbatez, Muskildin, 11n, larunbatez, Idauze-Mendin, 19an, igandez, Zalgizen, 26ean, igandez, Urdiñarben, apirilaren 2an,

igandez, Larrainen, 9an, igandez, Barkoxen, 16an, igandez, Sohütan eta bukatzeko 22an, igandez, berriz ere, Maule-Lextarren.

Maskaradako arizaleak Lextarreko plazan. Argazkiak: Marian Aiala.


Herriko Etxeko barrikada prest. Arg. Marian Aiala

Lehena, arestian erran bezala, urtarrilaren 15ean egin zuten. Goiz-goizetik euri eraso handiak izan ziren euskal luze-zabal osoan, hala eta guztiz ere, jendea, pittaka-pittaka, goizeko barrikada haustetara hurbiltzen hasi zen. Osora sei egin zituzten, neguko giro euritsu eta hotzean. Baina giro hotz bazen ere, mauletarrek jakin zuten beren barne-berotasuna baliatzen, eta kantuz eta dantzaz eman zuten goiza. Haiekin batera, maskaradaz gozatzeko hurbildu ginen herritar franko.

Bazkal ondoren, Jai Alairen gibeleko zabaldian arratseko jokoa eman zuten. Arratsaldeko 3,30etan, ttanko, sartu ziren jendez gainezka zegoen zabaldira maskaradaren arizale guztiak: gorriak eta beltzak, dantzaz eta kantuz, bihotzak alegera. Aitzindarien taldea handia zen, hiru entseinari eta bi zamaltzainekin. Laster trebezia handia erakutsi zuten beren dantzetan. Kaüterak eta bühameak basak eta bortitzak izan ziren, jokatzen duten rolari dagokion neurrian. Aipatu beharra dago, aurten ez direla bühameak izan, herratüak baizik, kutsu arrazista izan dezaketen aipamenak ekidin nahian. Osora hogeita hamar lagun inguru. Tropa ederra!

Lehena, arestian erran bezala, urtarrilaren 15ean egin zuten. Goiz-goizetik euri eraso handiak izan ziren euskal luze-zabal osoan, hala eta guztiz ere, jendea, pittaka-pittaka, goizeko barrikada haustetara hurbiltzen hasi zen. Osora sei egin zituzten, neguko giro euritsu eta hotzean. Baina giro hotz bazen ere, mauletarrek jakin zuten beren barne-berotasuna baliatzen, eta kantuz eta dantzaz eman zuten goiza. Haiekin batera, maskaradaz gozatzeko hurbildu ginen herritar franko.

Bazkal ondoren, Jai Alairen gibeleko zabaldian arratseko jokoa eman zuten. Arratsaldeko 3,30etan, ttanko, sartu ziren jendez gainezka zegoen zabaldira maskaradaren arizale guztiak: gorriak eta beltzak, dantzaz eta kantuz, bihotzak alegera. Aitzindarien taldea handia zen, hiru entseinari eta bi zamaltzainekin. Laster trebezia handia erakutsi zuten beren dantzetan. Kaüterak eta bühameak basak eta bortitzak izan ziren, jokatzen duten rolari dagokion neurrian. Aipatu beharra dago, aurten ez direla bühameak izan, herratüak baizik, kutsu arrazista izan dezaketen aipamenak ekidin nahian. Osora hogeita hamar lagun inguru. Tropa ederra!

Xorrotxak kanta-kantari

Arratseko saioa biziki ederra izan zen eta ikus-entzuleek loriaturik, maskaradaren magiak gatibaturik, jarraitu zuten jokoa, hotz handiari eta bukaera aldean bota zituen bi zaparradei, parasolak zabalduz, aitzin eginez.

Xorrotx moduan bi neska ari izan ziren, ahots ederrez kantuz. Musikariak alai eta trebeak, Pitxu eta Kabana Handia biziki onak eta zirikatzaileak, herrietako aipamenak bizi-biziak, Pitxuren testamendua zirraragarria…

Pitxu hiltzean, eta bedezia hor piztu nahian zebilen bitartean, aitzindariek oso dantza ederra eman zuten tabalaren soinu hutsez lagundurik. Azken kanthorea ederra eta doinu jostalari batez eman zuten. Jarraian, bukaerako brailea eta aintzina-pika dantzak, zeinetara hotzez eta ordura arte begira izan ginen herritar ainitz sartu ginen, barne-barnean sarturik genuen hotza uxatu nahian. Zangoak, bederen, ederki astindu eta berotu genituen. Gero gerokoak: ikastolaren aldeko taloak, adiskideen arteko agurrak eta solasak… eta baita norbera bere etxera itzultzeko tenorea ere.

Azken khantorea. Arg. Marian Aiala

Hemen aipatu dudana, aurtengo lehen maskarada izan da, baina erran behar dugu, adibidez, urtarrilaren lehen astetik hasia zela euskal ihautea gure geografiako hainbat eta hainbat bazterretan. 7an, 8an, 14an eta 15ean Beskoitzeko kaskarotak etxez etxe eta karrikaz karrika ibili ziren, usai zaharrari jarraituz. Eta hau da mundu magiko baten hasiera. Laster kaskarotak Lapurdiko herri guztietan ibiliko dira oleska, eta haiekin batera, hartza itzartzen hasiko zaigu Euskal Herriko bazter guztietan. Uztaritzeko Hartzaro, Donibane Lohizuneko hiruburuak, Baxenabarreko santibateak eta libertimenduak, Ituren eta Zubietako joaldunak, Lantzeko Miel Otxin eta Ziripot, Mundakako atorrak eta lamiak, Altsasuko momotxorroak, Lezoko Trapujale eta xirikoak, Oiartzungo intxixuak, Berako eta Donostiako artzain eta inudeak, Zalduendoko Markitox eta sorgina, Zanpantzarren epaiketak…, eta gainerako pertsonaia ugari bezain miresgarriak gure artean agertuko dira, berriz ere.

Inautea iritsi zaigu, errito zaharrez eta oihartzun telurikoz betea, kolorez eta pertsonaiez jantzia, kantuz eta dantzez alaitua. Biziaren matxinada da, udaberriari deika ari zaion erritual zahar eta magikoa, belaunaldiz belaunaldi eta gizaldiz gizaldi errepikatzen duguna.

Eguzkia, emeki-emeki, indartuko da; hartza itzarriko zaigu eta airoski ibiliko da herriz herri, karrikaz karrika, bazterrez bazter; joareek, kriskitinek, txalapartek, adarrek, xirulek, tabalek… bedatsea deituko dute berriz piztu dadin, lehen belar hatsak, lehen hostoak eta lehen liliak ager daitezen. Eta azkenean, ekinokzioarekin batera, negua bukatuko da eta udaberria etorriko zaigu, berriz garaile, ama-lurraren azalera belarraren eta zuhaitz hostoen berdetasunaz eta era guztietako loreen koloreez beztiturik. Biziaren garaipen berria izanen da.

Haatik, egun hori urrun dugu oraindino, negu bete-betean baikaude eta jarraitu beharko dugu neguko erritoak ospatzen eta betetzen, inautea egiten, hartzaroaz gozatzen eta udaberriaren itzulera, egunez egun, amesten eta desiatzen. Hori ere etorriko baita.

Buka dezadan nire gogoeta hau, Maule-Lextarreko maskaradan parte hartzen ari diren guztiak zoriontzen horrelako errito zaharra gogo onez eta poztasun handiz antolatze, jokatze eta herritarrei eskaintzeagatik. Biba zuek! Eta, biba maskarada!

Halaber, denon gogora ekarri nahi nituzke euskal inautearen garrantzia eta indarra, Euskal Herriko herri eta lurralde guztietan, modu batean edo bestean, urtero berpizten dugun inautearen edertasun eta aberastasuna. Euskal inautea luzaz bizi dadin eta luzaz alaitu eta piztu ditzan euskaldunen bihotzak! Biba euskal inautea eta biba euskaldunak!