ALFONSO ELOSUA GONZÁLEZ

 

Kapsula endoskopikoaren erabilerak erakutsi du

baliagarria dela Crohn-en gaixotasuna duten paziententzat

Alfonso Elosua González digestio aparatuko espezialistak

bere doktoretza-tesia irakurri du NUPen

 

Alfonso Elosua González Medikuntzako gradudun eta digestio aparatuko espezialistak, NUPen irakurritako doktoretza-tesian, aztergai izan du nolako eragin positiboa duen kapsula endoskopikoaren erabilerak Crohn-en gaixotasunari aurre egiteko, bai diagnostikoa egiteko unean, bai gaixotasunaren tratamenduan eta garapenean.

Crohn-en gaixotasuna hesteetako gaixotasun inflamatorio kroniko bat da, kausa ezezagunekoa eta erantzun immune neurrigabe batekin lotua, sakonera eta hedapen aldakorreko lesioak eragiten baititu digestio hodian. Aktibitate inflamatorioaren agerraldi errepikariak dira, hau da, sintomen intentsitate handiagoko eta txikiagoko aldiak ditu. Pazienteen bizi-kalitatea nabarmen gaizkitu daiteke. Nafarroan, 100.000 biztanleko 7,1 kasu diagnostikatzen dira urtean, eta baliabide asko kontsumitzea eskatzen du.

Heste meharreko kapsula endoskopikoa pilula bat baino pixka bat handiagoa da, eta digestio hodian barrena doan bitartean irudiak hartzen dituen kamera bat du. Tesiaren egileak azaldu duenez, tresna hori ez da oso inbaditzailea, segurua da, eta pazienteek ongi onartzen dute. Kapsula horrek endoskopia konbentzionalaren osagarri gisa balio du, hau da, lesio inflamatorioak diagnostikatzeko ohiko teknikarena; izan ere, teknika horrek mugak ditu, ezin baita heste mehar osora iritsi. 2017an kapsula berri bat garatu zen, “PillCam Crohn’s” izenekoa, saio bakarrean heste meharra eta kolona ikusteko aukera ematen duena.

Doktoretza-tesiak “Impacto de la cápsula endoscópica en el abordaje de la enfermedad de Crohn” du izenburua, Óscar Nantes Castillejo eta Ignacio Fernandez-Urién Sáinz Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Digestio Aparatuko Zerbitzuko doktoreak izan ditu zuzendari, eta bikain “cum laude” kalifikazioa eskuratu du.

 

Emaitzak

Ikerketan, azken 11 urteetan Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan Crohn-en gaixotasuna zuten pazienteekin kapsula endoskopikoaren bidez egindako 432 prozedurak aztertu zituen Alfonso Elosuak. “Gutxienez kasuen % 60an aktibitate inflamatorioa detektatu zen. Kapsula erabiltzeak aukera eman zigun bost prozeduratatik batean proba egin aurretik ezagutzen ez genituen lesio inflamatorioak ikusteko, hala nola heste mehar proximaleko aftak eta ultzerak. Era berean, gaixotasunaren bilakaera ikusteko bidea eman zigun, hesteen kalibrea estutzen zuten lesio estenosatzaileak hauteman baikenituen”. Gainera, prozedura hori erabiltzeak eragina izan zuen pazienteen tratamenduan, medikuek informazio gehiago baitzuten medikazioa handitzeko edo gutxitzeko eta gaixotasunaren egoerara egokitzeko.

Beste ikerlanetako batean, berriz, pazienteek ezaugarri hauek zituzten: aldez aurretik kirurgia jaso zuten gaixotasuna kontrolatzeko, eta, gero, kapsula harrarazi zieten lesio berrien presentzia baloratzeko. “Kapsula endoskopikoa proba segurua, eraginkorra eta erabilgarria izan zen paziente horien kasuan, zeinek lesio berriak izateko probabilitate handia baitute”.

Azkenik, beste ikerlan batean, Erresuma Batuko, Italiako, Maltako, Israelgo eta espainiar estatuko zenbait zentrorekin batera, “PillCam Crohn’s” kirurgia-kapsula ebaluatu zuten (heste meharra eta kolona ikusteko aukera ematen du), eta berriz frogatu zen prozedura hori baliagarria dela Crohnen gaixotasuna duten pazienteak tratatzeko. Modu seguruan, lesio inflamatoriorik ba ote zegoen jakiteko aukera ematen zuen, baita tratamenduari buruzko erabaki klinikoak hartzekoa ere, probari esker ikusitakoa kontuan hartuta”.

Elosua doktoreak ondorioztatu duenez, “lan horien guztien emaitzak erakutsi du erabilgarria eta baliozkoa dela eguneroko jardunerako, eta onura nabarmenak dakarzkiela pazienteei”.

 

Curriculum vitaea

Alfonso Elosua González Medikuntzan graduatu (2014) eta, 2015etik 2019ra, digestio aparatuko espezialitatea egin zuen Nafarroako Ospitalegunean (egungo Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan) mediku egoiliar gisa. Gero, Lizarrako García Orcoyen Ospitalean hasi zen gastroenterologo, eta gaur egun ere bertan dihardu.

Bere ikerketa-jarduera hesteetako gaixotasun inflamatorioan oinarritu da. Alde horretatik, nazioarteko kongresu eta ikastaro ugaritan hartu du parte bere prestakuntza osatzeko, hala nola IBD4 Nations eta 17th Advanced Course in IBD izenekoetan (azken horretan lehiaketa bidez sartu zen). Mediku egoiliar aritutako azken urtean, halaber, Nafarroako Sendagileen Elkargoaren Fundazioak emandako Landecho bekari esker, aukera izan zuen Londresko St Mark’s Hospital and Academic Institute instituzioan hiru hilabeteko egonaldia egiteko, Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioen Unitatean. Ikertzen aritu den beste interes eremua kapsula endoskopikoarena izan da. Hasieran jatorri ezezaguneko digestio hemorragia tratatzeko erabilerari buruzko ikerketan aritu ondoren, gerora hesteetako gaixotasun inflamatorioa zuten pazienteengan zentratu zuen bere ikerketa.

Ekoizpen zientifikoari dagokionez, 150 poster eta mintzaldi inguru aurkeztu ditu kongresu nazioartekoetan. Nabarmentzekoa da Digestio Patologiako Euskal Herriko XLII. bileran mintzaldirik hoberenaren aitorpena jaso zuela 2019an, Donostian. Era berean, hogeita hamar artikulu inguru argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan, eta horietako 4, doktoretza-tesiaren ondoriozkoak, inpaktu handiko aldizkarietan kaleratu dira.

Elosua doktoreak ikuskatzaile kliniko dihardu “Gastrointestinal Endoscopy” erreferentziazko aldizkarian, eta 2022an Endoskopia Digestiboko Amerikako Elkartearen aitorpena jaso zuen aldizkari horretan 10 ikuskatzaile klinikorik baloratuenetako bat izateagatik.

 

Argazkia: Alfonso Elosua, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean.