EUSKALTZAINDIAK ETA LIZARRAKO UDALAK LAU URTETARAKO LANKIDETZA-HITZARMENA SINATU DUTE

  • Hitzarmen honen bidez bi erakundeen arteko lankidetza hasiko da hizkuntza arloanEstellerriko Lizarran euskara sustatzeko xedez.

  • Hitzarmenak lau urteko iraupena izanen du, eta urtez urte jarduera eta ekimenak zehaztuko dira. 2023. urtean, onomastikarekin eta sustapenarekin lotutako ekimenekin abiatuko da elkarlana.

Euskaltzaindiak eta Lizarrako Udalak lehen aldiz lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Hitzarmenak lankidetza egonkorra finkatzeko helburua du eta datozen lau urteetan bi erakundeen arteko elkarlanaren bidez adostuko dira egitasmoak eta jarduerak, denak ala denak euskararen sustapenaren esparruan. Ekitaldian, Koldo Leoz Garciandia Lizarrako alkateak eta Sagrario Aleman Astitz Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak hartu dute parte.

Sagrario Aleman Astitz (Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria): “Euskaltzaindian euskalgintzako eta administrazioko hainbat eragilerekin zubiak eraikitzeko gogoz eta asmoz ari gara lanean eta horren adibide dugu honako hitzarmen hau. Elkarlan honek etorkizunean euskararen zabalkundean fruituak emanen dituelakoan gaude, bai Lizarran, bai Nafarroa osoan ere.”

Hitzarmenaren izaera iraunkorra bada ere, bi erakundeok konpromisoa hartu dute ildo hauetako jarduerak antolatzeko 2023an: Euskara Batuaren Eskuliburuaren eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabileraren inguruko prestakuntza saio bat; euskal izen-deiturei, bai eta tokiko toponimoei eta etxe-izenei buruzko hitzaldi bat, herritar guztiei zuzendua, eta, azkenik, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko ekimen bat.

Honetaz gain eta hitzarmenean hala adierazita, Lizarrako Udalak euskarari buruzko hizkuntza gaien inguruko kontsultak egiten ahalko dizkio Euskaltzaindiari.

Koldo Leoz Garciandia (Lizarrako alkatea): “Estella-Lizarrako Udalak Euskaltzaindiarekin sinatu duen hitzarmen honen bidez, bi erakundeen arteko elkarlan iraunkorrerako lehenengo pausoa eman du. Hori horrela izanik ere, akordioa sinadura hutsa baino gehiago dela nabarmendu nahiko nuke, izan ere, helburua euskara herritarron artean zabaltzea bada ere, erakundeak jendartearen zerbitzura jartzeko saiakera ere bada. Honekin guztiarekin adin-tarte zabalaren hizkuntza-beharrei erantzun nahi izan diegu, gainera: euskaldun guztiei, baina baita euskaldun ez direnei ere, gurea baita euskara, Estella-Lizarrako herritar ororena, denona.

Bi erakundeen arteko elkarlanaz gain hitzarmen honek elkarrekiko begirunea eta aitortza ere jaso du. Euskaltzaindiak aitortzen du Lizarrako Udalak euskararen alorrean egin duen eta egiten ari den lana, bereziki, hizkuntzaren sustapenaren, sentiberatzearen eta erabileraren eremuan. Era berean, Lizarrako Udalak aitortzen du, euskaraz denaz bezainbatean, Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emaile ofiziala.