Protesi ortopedikoetan infekzioak maizen eragiten dituen bakterioetako bat ikertu dute tesi batean
Liliana Andrea Moralesek Navarrabiomeden garatu du bere ikerketa, NUPen eta Europar Batasunaren Iberus Talent laguntza bati esker
“Staphylococcus aureus” (urrezko estafilokokoa) protesi ortopedikoetan infekzioak maizen eragiten dituen bakterioetako bat da, eta haren atxikitzeko eta biofilma sortzeko gaitasuna (film babesle bat da biofilma, bakterioa erresistenteagoa egiten duena) izan du aztergai Liliana Andrea Morales Laverdek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) berriki defendatu duen doktoretza-tesian. Ikerketa Navarrabiomedeko Patogenesi Mikrobianoko Unitatean egin da (IdiSNA), Iñigo Lasa Uzcudun unitate horretako ikertzaile nagusiaren eta Cristina Solano Goñi doktore eta unitate bereko ikertzailearen zuzendaritzapean.
NUPeko doktore berriak azaldu duenez, urrezko estafilokokoaren genoman elementu asko daude infekzioak sortzeko gaitasuna areagotzen dutenak, hala nola gene jakin batzuen presentzia edo gabezia eta sekuentzia kodifikatzailean edo geneen arteko guneetan izandako bariazioak. Hala ere, “bariazio horien eragina, neurri batean, aztertu gabe egon da orain arte”, adierazi du. Hain zuzen ere, geneetan gertatzen diren eta hasieran bakterioak atxikitzeko eta ondoren biofilma eratzeko garrantzitsuak diren bariazio horien eragina aztertu zuen Liliana Andrea Moralesek bere doktoretza-tesian.
Tesia garatzeko, Liliana Andrea Moralesek Campus Iberusen IberusTalent programako doktoretza aurreko beka bat izan du, Europar Batasunak (Marie Sklodowska‐Curie H2020 ekintzen parte gisa) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak batera finantzatua. Gainera, ikerketak finantzaketa jaso du Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren 2017ko I+G+b-ko proiektuetarako laguntzen eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren 2020ko I+G+b-ko proiektuetarako laguntzen deialdien bidez.
Geneen arteko bariazioen eragina
NUPeko doktore berriak azaldu duen bezala, tesiaren emaitzek “agerian uzten dute geneen arteko guneetan gertatzen diren aldaketak aldagarritasun iturri direla isolatu klinikoetan, eta bakterioaren patogenesiarekin lotutako elementu horien adierazpen maila desberdinak eragiten dituztela”. “Isolatu kliniko” esaten zaie aztertzeko xedez infekzio batetik erauzten (isolatzen) diren bakterioei.
Bere ikerketan, Liliana Moralesek metodologia bat garatu zuen sagu baten koinfekzio eredu batean urrezko estafilokokoaren anduiak aldi berean identifikatzeko eta kuantifikatzeko. “Metodologia horri esker, desberdintasun nabarmenak identifikatu ahal izan ziren isolatuen atxikitzeko eta kolonizatzeko gaitasunean”, zehaztu du. “Etorkizunean, metodologia hori baliagarria izan liteke lotura estua duten isolatu klinikoen arteko lehia-abantailak identifikatzeko”, erantsi du.
Ikerketa horiek Margarita Trobos doktorearekin eta Göteborgeko Unibertsitateko (Suedia) Biomaterialen Sailarekin lankidetzan egin zituen, Liliana Moralesek ikerketa-egonaldi bat egin baitzuen bertan.
Ikertzailearen curriculum laburra
Liliana Moralesek Mikrobiologiako eta Bioanalisiko Gradua ikasi zuen Santanderreko Industria Unibertsitatean (Kolonbia), eta horrek piztu zion ikerketarekiko interesa. Gero, Graduondoko Elkarte Unibertsitario Iberoamerikarraren (AUIP) eta Early Stage Researchers (ESRs) programaren bidez (IberusTalent), Lilianak masterreko ikasketak Errioxako Unibertsitatean egin zituen, eta doktoretzakoak NUPen, azken horiek nazioarteko aipamenarekin. Bere prestakuntzan, Liliana Morales Mikrobiologiaren eta Ingeniaritza Molekularraren arloetan espezializatu da, Osasunaren eremuan bereziki.