AUZO LOTSA 40 OSCUS ARETOAN

 

Urtero-urtero, irailaren 8an, Iruñeko Udalak Batasunaren Pribilegioa ospatzen du, 1423an, Karlos III.a Nafarroako errege Prestuak plazaratutako agiriaren omenez, hari esker, Iruñeko hiru burguen arteko liskarrak eta ika-mikak desagertzen joan zitezen, batasunaren haren bidez, eta, denborarekin, antza denez, dezente lortu zen. Burguak, Nabarreria, San Nikolas eta Done Saturdi ziren.

Horregatik, bada, 2003ko irailaren 8an ere, ospakizun berbera egin zuen Iruñeko Udalak, niretzat lehengoa zena. Gauzak hala, zenbait ekitaldi eta protokolo burutu ondoren, ohitura omen zen, Nabarreria auzoan zegoen OSCUS izeneko aretora joatea, Pamplonesa deritzan musika banda estimatuaren kontzertu bat entzuteko, hango eszenatokian.

Haiek hala izanik, bada, udalbatzako guztiok edo gehienok, behintzat, bai, Nabarreria kaleko areto hartara joan ginen, musika atsegina entzuteko asmoz. Baina, hara zein izan zen nire ustekabea, ikusi nuenean agintarien palkora ezin zela igo, alegia, ez zegoela igogailurik edo antzeko zerbait, hartaraino joan ahal izateko gurpil aulkian! Hitz gutxitan esanda, leku hura ere ez zen irisgarria, eta, nik, hantxe behean, gelditu behar izan nuen bakar-bakarrik, inor gabe, nire erabateko bakartasunean, Pamplonesa musika bandaren kontzertua entzuteko, udaleko gainerako kide guztiak, hau da, alkate andrea eta hara joan ziren zinegotzi guztiak, agintarien palkorantz nola igotzen ziren ikusten nituen bitartean.

Inork ez zidan keinurik edota desenkusarik txikiena ere egin: “Hor konpon, Mari Anton!”; “Adio, Pelaio!” edota “Gero arte, Kortabitarte!”, esan izan balidate bezala. Nik, hasieran, ezin nuen sinistu ikusten ari nintzena, hau da, halako deskortesia galanta. Pentsatzen nuen zerbait irreala izanen zela, hots, ez zutela azalik izanen horrela jokatzeko; txantxaren bat edo beste izanen zela, alegia, baina, ez, ez!, zoritxarrez, berehalaxe sinetsi behar izan nuen, zinezko egia zela hantxe gertatzen ari zitzaidan guztia.

Tira, eta ez ezazue pentsa hura salbuespen bakar bat izan zela, ez, ez!, beste horrenbeste gertatzen baitzitzaidan Gaiarre antzokira, Baluarte auditoriumera edota antzeko beste lekuren batera joaten ginen bakoitzean. Aldi haietan guztietan ere, argi eta garbi ikusi ahal izan nuen, nire kideak ziren pertsona haiek, zeinen enpatia eta elkartasun gutxi gastatzen zuten nirekin! Etsigarria, benetan! Haietan ere, aitortu behar dut, inoren lotsa erruz sentitzen nuela!