AUZO LOTSA 41 OSOKO BILKURARIK LUZEENA

 

Haietako urte batean, sanferminak baino lehen, osoko bilkura bat izan genuen, ia beti bezala, ostegunez. Normalean, ostegun haietan, 17:00ak inguruan izaten zen bilkuren hasiera.

Egun jakin hartan, gainerakoetan bezalaxe, gai mordo bat genuen eztabaidatu eta bozkatzeko, baina alderdi politiko batek, dozenaren bat mozio eraman zituen tratatzeko, denak sanfermin jaiei buruzkoak. Norbaitek, mozio guztiak eztabaidatu ondoren, denak batera bozkatzeko eskatu zuen, denbora pixka bat aurrezte aldera, baina mozioak aurkeztu zituen alderdi politikoak, ez zuen ontzat jo proposamen hura, eta, hantxe aritu behar izan genuen mozio guztiak banaka-banaka entzuten, eztabaidatzen eta bozketa egiten. Gauzak hala, jokamolde hark ekarri zuen, osoko bilkura goizeko ordu bata inguruan bukatzea.

Kalean eguraldi lehor eta epela zegoen, beraz, gainerako gau guztietan bezalaxe, hiribusen ordutegia bukatzen zenean, nire kabuz joan nintzen Iturrama auzoko etxeraino, arazo berezirik gabe, gurpil aulki motordunean.

Etxera arazorik gabe iritsi nintzen. Ama ordurako, ordea, zeharo berantetsia zegoen, ez baitzekien ongi zer gertatzen ari zen. Hala eta guztiz ere, alkate andreak, salbuespen moduan, ez zidan etxera taxiz joateko posibilitatea eskaini ere egin. Nik, baina, ez nuen gogorik izan bere karitatearen eske ibiltzen hasteko, eta, halaxe gertatu zen, bada, beti bezala, neure kasa joan nintzela etxeraino, nahiz eta, gau hartan, oso berandu izan.

Baina bizitza ez zen han bukatzen, eta, biharamunean, goizeko bederatzietarako, berriz ere udaletxean egon behar nuen, ostiralero bezala, Hirigintza Batzordean parte hartu, eta, tratatu beharreko gaiak defendatzeko.

Argi dago, neukan mugimendu murriztasun handiarekin, gau hartan ezin izan nuela atera denbora luzerik, lo lasai eta gustura egiteko.