ANTTON LUKU ETA LIBERTIMENDUAREN LILURA

Iparraldean hiru ihaute mota ospatzen dira: kaskarotak, libertimendua eta maskarada, eta bakoitzak badu bere erritual berezia eta baita bere hedapen eremua ere. Kaskarotak lapurtar kulturaren eremuetan egiten dute, libertimendua nafar kulturarenean eta maskarada zuberotar kulturaren eremuan. Kultur eremu hauek ez daude loturik lurralde edo probintziekin, euskalkiaren mugekin baizik, euskara moldea baita hiru ihaute hauen zabalpen eremua mugatzen duena.

Libertimendua aski galduta egon den arren, gaur osasun onean dagoela erran daiteke, gero eta herri gehiagotan egiten dutelako. Antton Luku dugu berpizkunde honen eragilerik eta bultzatzailerik handiena, bi gerla handiek ekarri zuten mozte eta galtzea nolabait gainditu, teorizatu eta zabaldu dituena. Garazin hasi zen libertimendua egiten, gero amikuztarrek jarraitu zioten, eta gaur, jadanik, baxenafar kultur eremu osora zabalduta dago. Lukuk sekulako lana egin du iturri zaharrak ikertzen, teorika lantzen eta baxenafar ihaute moldea plazaratzen. 2014an “Libertitzeaz” liburu aberats eta mardula argitaratu zion Pamiela argitaletxeak, non libertimenduaren nondik norakoak ongi azaldu zituen. Orduz geroztik, liburu hau ezinbesteko erreferentzia bilakatu da edozein herritan libertimendua antolatu nahi duten guztientzat.

1.- Libertimenduaren nondik norakoak.-

Ihautea neguaren eta udaberriaren arteko talka dugu, neguko solstiziotik udaberriko ekinokziora luzatzen dena. Natura lo dago, hotza eta elurra dira nagusi, herritarren bizimodua oso mugatuta dago, supazterrera bideratuta, eta talka edo borroka horretan oinarriturik, sortu eta hedatu dira gaur ezagutzen ditugun erritual eta bestaldi guztiak. Libertimendua ere, egitura horren barruan kokatu eta ulertu beharra daukagu.

Libertimendua idazten dugu, baina ez da horrela ahoskatzen, libertimendüa baizik, eta bi zatiz osaturik dago. Lehen zatia, otsailaren lehen erdialdean egiten da, gehien bat, eta santibate izena du. Lehen agerraldi honetan, zirtzilak eta bolantak, gainerako pertsonaia guztiekin batera, agertzen dira karrikaz karrika eta ostatuz ostatu, beraien erritoak, dantzak, kantuak, bertsoak… egiten eta zabaltzen; eta bukaeran, neguko indar ezkorren ordezkari diren zirtzilek bolantak (udaberriko indar nagusiak) uxatzen eta aldentzen dituzte. Negu gorriaren garaipena izaten da, baxenafar mendietan aro horretan ikus daitekeen elurrak ongi adierazten digun bezala.

Bigarren zatia berantago egiten da, otsailaren bigarren erdialdean edota martxoaren lehen astean eta libertimendu izena du. Beti Zaldun Ihautean egiten da, hau da, ihauteriko igandean. Kabalkada moduan ibiltzen dira herrian barna, zaldiak eta guzti, ostatuz ostatu eta karrikaz karrika kantatuz eta dantzatuz. Gero, bazkal aitzin edo ondoren, tobera bat izaten da, era guztietako pasadizoak, gertakizunak eta kritikak, umore handiz aurkeztuz. Tarteka, bertsolariek giroa berotzen dute. Eta bukaeran, neguko indarren eta udaberriko indarren arteko borroka irudikatzen duten dantza erritualen bitartez, udaberriaren garaipena eta neguaren amaiera aldarrikatzen dituzte. Ondoren, adiskideen arteko bazkari batez, egiazko bukaera ematen diote urte horretako ihauteari. Horrela da, urtez urte, errepikatzen den usadioa.

Baxenafar ihautearen egitura hau nolabait indartzeko, Antton Lukuk aipatu liburuan egiten dituen aipamen zenbait ekarriko ditut lerro hauetara:

Libertimendua zer den adierazteko honela dio: “Libertimendua ihauteria da eta beraz Europako beste ihauteri guziek kontatzen dutena du kontatzen honek ere, bere izate eta mitologian, bere sinesmen eta funtzioetan.” Eta bigarren aipamen batean honela segitzen du: “Ihauteria amodioaz mintzo da. Hartza lotik atera orduko umatzea gogoan daukan bezala. Gorputzak berotzen ditu udaberriak. Ihautez ezkontzen zen tradizioz, ihauteria, besta eta sexua lotuak dira.”

Santibateaz mintzo delarik honela erraiten digu: Negua udaberriari oposatzen den bezala, iluna argiari, Santibate libertimenduaren itzala da. Erran dezakegu neguko ihauteria dela santibate, zirtzilena, eta libertimendua primaderarena: bolanta da honen profeta. Santibate aipatzen delarik datak ateratzen dira oroitzapenetatik: Ganderailu (Kandelaria) hemen, San Bladi han, Santa Ageda / Agate ere entzuten da. Jokoa sinplea da: zirtzilez beztitu behar da. Nola da hori? Bo, zernahi: piltzar, zapata zaharrak, ezberdin ahalaz, ez gaituzte ezagutu behar. Jokoa hori zen, pentsatzea nor zen. Mintzo ziren bozak aldatuz eta jokoa zen ea atzemanen zutenez. Eske egiten da. Sosa ematen zen? Ez jatekoa: xingar eta arroltze, tripot eta holako.”

Antton Luku. (Argia argazkia)

Eta baxenafar ihautearen bigarren zatiaz, hau da, libertimenduaz honako azalpena ematen digu: “Libertimendua Zaldun Ihautez egiten da, eta Ihauteri ederra edo bolanteen ihauteria deitzen zaio. Goizez kabalkadarekin hasten da libertimendua, ondotik, libertimendua bera da ematen eta kontradantzak. Erran nahi baita dantzaldia, non so egile eta aritzaileak elkarrekin ari diren dantzan edo libertitzen. Tobera delarik kabalkada parte hori munstra deitzen da, parada bezala da, hiria kurritzen dute ibilaldian jendea jin dadin.”

2.- Libertimenduan agertzen diren pertsonaiak.-

Bolantak dira udaberriko indar baikorrak ordezkatzen dituzten pertsonaia nagusiak, zuriz jantzirik agertzen dira, eta buruan zilindro itxura duen kapela luze bat eramaten dute, kolore guztietako xingolez apaindurik. Kapeluaren aitzinaldean ispilutxo bat daramate. Neska bolantak, berriz, soineko zuri ederraz jantzirik agertzen dira, koloreetako xingolez apainduak.

Antton Luku honela dio: Bolantak eta musikariak elkarrekin aipatu behar dira. Xuriz da bolanta, besta kolorea da, pilotariek arrahartu dutena, espartin xuriak igandekoak ziren. Elurra eta eguzkiaren kolorea da, indarra eta egunarena. Beltza bestaren kolorea dela ere ezin uka, baita boterea eta edertasunarena ere.”

Musikariak behar-beharrezkoak dira, ilunez jantzita agertzen dira, eta kapelu edo txapel beltza buruan. Horiekin batera bertsolariak joaten dira, kapelu beltza buruan.

Neguko indar ezkorren ordezkari nagusiak, berriz, zirtzilak dira, arropa zaharrez jantzirik agertzen dira, eskuan adaxka handia eramaten dutelarik. Adaxka horrekin lurra jotzen dute, behin eta berriz, eta baita bolanteak, ikusleak eta hurbiltzen den oro ere. Neska zirtzilek burua ere zaku oihalez estaltzen dute.

Zaldizkoak aitzinean gorriz jantziak eta kabalkada idekiz, gero makilariak, hauek ere gorriz, normalean bat edo bi izaten dira. Zapurrak militar arropez jantzirik agertzen dira, Napoleonen garaiko militarrak ekartzen dizkigute gogora. Zaindari gisa agertzen dira, libertimenduaren eremua mugatuz eta zainduz. Andere Xuriak, soineko luze eta hegal zabaleko kapelu zuriez jantziak. Gizon eta emazte laborariak arropa ilunez beztiturik. Ziganteak, bizpahiru izaten dira, eta kabalkadaren erdi aldean kokatzen dituzte. Tarteka, zenbait herritan beste pertsonaia batzuk agertzen dira, tokian tokiko direnak, eta baita hartz adarduna ere, euskal ihautearen ikur nagusia dena. Banderariek Euskal Herriko ikurrina eta nafar bandera eramaten dituzte. Donibane Garazin nafar bandera gorria eraman beharrean, arrano beltza eramaten dute.

3.- Donibane Garaziko libertimendua.-

Aurten, hau da, 2023. urtean, libertimendu franko dugu. Santibateak honako herrietan: otsailaren 3an Donibane Garazin eta Baigura eskualdeko Irisarrin, otsailaren 11n Donapaleun, otsailaren 25ean Baigorrin eta martxoaren 3an Bunuzen. Libertimenduak, berriz, otsailaren 12an Baigura mendiaren gerizpeko Lekornen, otsailaren 18an Añorgan (Gipuzkoa), 19an Donibane Garazin eta Iruñean, 26an Donapaleun, martxoaren 5ean Baigorrin, 11n Hazparnen eta 12an Bunuzen. Beraz, badugu zer ikusi eta zertaz goza.

Ni, denetara ezin joan, eta otsailaren 19an, Donibane Garaziko libertimendura hurbildu nintzen. Horixe da orain kontatuko dizuedana.

Goiz goizean etxetik abiatu ginen, kabalkada 10etan hastekoa baitzen. Bederatzi eta erdietarako Donibane Garazin ginen, eta hango ostatuetan zebiltzan arizale guztiak kafea, ttotta eta horrelakoak edaten. Egun ederra zen. Hamarretan hasi ziren goiko zitadelan bilduta ziren parte-hartzaile guztiak karrikan beheiti desfilatzen, herriko erdigune aldera. Hasieran zaldizkoak, gorriz jantziak, gero zapurrak, beltzez jantziak eta beren kapel handiekin, segidan ziganteak eta musikariak eta bertsolariak, horien ondotik bolanta ederrak, emazte xuriak…, eta zirtzilak bukaera aldean, adar handiak astintzen. Pittaka-pittaka elizaraino jaitsi ziren, doinuz eta dantzaz. Eliza aldean zeudela, eskuinera hartu, eta, Xabierreko Jatsuetarren bortatik atereaz, herriko etxe aldera abiatu ziren. Hortik goitti, merkatura. Gu atzetik gindoazen.

 

Merkatura iristean, ustekabe ederra hartu genuen, dena jendez gainezka baitzegoen. Inoiz baino ainitzez jende gehiago! Ziur aski, eguraldi ederra lagun, jendea animatu zen libertimendua ikusteko. Baina, ene ustez, eguraldi ederra ez zen izan hainbeste jende Donibane Garaziko libertimendura hurbiltzeko arrazoi bakarra. Urtez urte, libertimendua gero eta ezagunagoa egiten ari da, Baxenafarroan, nola ez, eta baita Euskal Herri osoan ere, eta beste herrialdeetako jendeak Zuberoako maskaradetara hurbiltzen diren bezala, jadanik hasiak dira libertimenduetara ere hurbiltzen.

Segidan, goizeko 11etan, bi oreneko toberari hasiera eman zioten. Neska talde zabal bat zen horretan aritu zena, bi mutil bakarrez laguntzaz. Tarteka Sustrai Colina eta Maddi Sarasua bertsolariek giroa berotzen zuten, beren bertsoekin bazter guztiak inarrosten. Bolanteek ere, tarteka, ohiko dantzak eskaini zituzten trebezia eta dotorezia handiz. Bukaeran, bolanteen eta zirtzileen arteko borroka irudikatu zuten dantza baten bidez. Bolantak udaberriaren ordezkariak dira eta zirtzilak neguko indarrak. Beraz, egiazko borroka neguaren eta udaberriaren artekoa dela erran beharra dago. Eta oraingoan, santibatetan ez bezala, bolantak, hau da, udaberria atera zen garaile. Gero gerokoak, aperitifa, ikastolak egin eta zerbitzatu herri bazkaria, lagun solasak, kantak… arratseko zazpiak arte. Jadanik, denok gure etxeetara itzultzeko tenorea genuen.

Ikusleen artean Antton Luku zegoen, luzaz Garaziko libertimendua antolatu duen eragile azkarra. Libertimenduari buruzko tradizioa eta moldeak erakutsiz eta teorizatuz lan izugarri handia egin du, eta “Libertitzeaz” izeneko liburu eder mardulean plazaratu du. Luku eta bere liburua ezinbesteko erreferentziak dira libertimenduaren nondik norakoak ezagutzeko eta ulertzeko. Hori dela eta, toberan zehar, bizpahiru aldiz aipatu zuten Luku, bere lana loriatuz eta eskertuz. Ene idurikoz, ongi merezitako aipamenak. Aupa Libertimendua, aupa Donibane Garazi eta aupa Antton Luku!