CAPSULA, THE GRACE OF DIONYSUS ETA JUM! KONTZERTUAN

Lizarrako La Bota elkarteko kideek musika egitarau interesgarria aurkeztu dute 2023 urterako. Hilean bitan zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera eskaintzen dute elkartean, musikalki askotariko taldeak ekarriz Lizarrara. Apirilaren 15 gauerako rock kontzertu erakargarria prestatu dute La BotaRock izenpean, eta dagoeneko jaialdiaren laugarren edizioa izango da honakoa. Gaueko 20.30etik aurrera JUM!, The Grace of Dionysus eta Capsula taldeak ariko dira zuzenean hurrenez hurren. Sarrera fisikoak Berri, Ino, Ametsa (Lizarra) eta Keops eta Zuriza (Iruñea) tabernetan eskura daitezke. Ez da Online salmentarik izango. Aurrerez 10 euro balioko dute sarrerek eta egunean bertan 12 euro ordaindu beharko dira. Emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dira La Botako ateak.

Capsula

Martin Guevara (gitarra eta ahots nagusia), Coni Duchess (baxua eta ahotsa) eta Alvaro Olaetxea (bateria) dira egun Capsula. Argentinako Buenos Aires hirian sortu zen banda 90 hamarkadan, baina urteak dira Bilbo dutela bizileku. Bertan sortzen dituzte kantuak eta bertan dute entsegu lokala eta bertatik bideratzen dute taldearen norabidea. Beraz, argiki esan daiteke Capsula gutariko bat direla. Diskografia oparoa batu du taldeak bi hamarkada hauetan guztietan, eta une honetan ‘Phantasmaville’ diskoa defendatzen ari dira agertokietan, taldearen estudioko azken emaitza. Musikalki rock koordenadetan dator Capsula. Hori da erreferentzia nagusia. Gitarrek gidatzen dute banda, eta base erritmikoaren presentzia handia da. Distortsioak eta zaratak ugariak dira, gitarra akopleak, erritmo garapenak eta intentsitateen jolasak taldearen adierazgarri dira.

The Grace of Dionysus

Zumaiako entsegu lokaletan sortu zen The Grace of Dionysus taldea 2009 urtean. Hiruko moduan taularatzen da banda, eta soul, blues, garage eta psikodeliaz bustiriko Rock n Roll kantuak sortzen dituzte energia biziz. 2013 urtean ikusi zuen argia taldearen estudioko lehenak. Bigarren lan luzeak, berriz, ‘Quimera’ izena darama eta Gaztain estudioetan grabatu zuten, Zestoan.

JUM!

Lizarran sorturiko musika egitasmoa da JUM! Hiruko moduan eman zituzten lehen pausoak, baino egun biko eran taularatzen dira. Musikalki rock giroak lantzen dituzte eta bi disko kaleratu dituzte, horietako azkena ‘Everything is only in your head’ iraupen luzeko lana. Taldearen berezitasunen artean bateria jotzeko ‘aereodrum’ era erabiltzean datza.