Zinema eta ingurumeneko Nazioarteko ‘Ecozine’ Jaialdiak inguruarekin jasangarriagoa den bizitzeko beste modu batzuk aurkezten ditu aurtengo edizioan
Leihatilan eskura daude dagoeneko doaneko sarrerak Golem Baionako lau saioetarako, apirilaren 17tik 20ra, 19:30ean
Zinema eta ingurumeneko Nazioarteko ‘Ecozine’ Jaialdiak programa interesgarria proposatu du datorren asterako. Dagoeneko leihatilan jasotzen ahal diren doaneko sarreren saioak Golem Baiona zinema-aretoetan izanen dira, apirilaren 17tik (astelehena) apirilaren 20ra (osteguna), 19:30ean. Aurtengo edizioa abeltzaintzak ingurumenean dituen onura eta eraginekin hasi eta amaituko da, baina Brasilgo eta Peruko Amazoniara eta Korsikara bidaiatzeko aukera ere emanen du, bai eta denboran atzera eginez 80. hamarkadako Ingalaterrako borroka baketsuetara bidaiatzeko ere. Emanaldi bakoitzaren amaieran ikusleek lan bakoitzaren zuzendariekin hitz egiten ahalko dute.
Programa apirilaren 17an, astelehenarekin, mustuko da ‘Loop’ filmarekin, animaziozko film labur onenaren Goya sarien irabazlearekin. Zortzi minutuko Espainiako film labur honek ez du elkarrizketarik, eta iaz Espainian filmatu zen ‘Azienda ala basamortua’ dokumentalaren aurretik emanen dute. Film hau jatorrizko bertsioan emanen da: ingelesez, portugesez eta gaztelaniaz. Bertan, klima-aldaketari aurre egiteko borroka abeltzaintza jomugan jartzen ari dela kontatzen du. Aziendaren erabilera egokia benetako irtenbidea izan liteke ekosistemak eta landa-ekonomiak lehengoratzeko.
Astearteko lehen emanaldian ‘Feeling the Apocalypse’ film labur Kanadiarra ikusi ahal izanen da, ingelesez. Egun horretako protagonista Brasileko ‘Pisar suavemente na terra’ izanen da, portugesez eta gaztelaniaz filmatua. Film horrek deskribatzen du nola saiatzen diren Amazoniako hiru lider indigena munduan egoteko duten modua bizirik mantentzen. Hirurek meatzaritzak, monolaborantzak, petrolio-esplorazioak, zuhaitz-mozketak eta zentral hidroelektrikoen eraikuntzak beren lurraldeei eragiten dizkieten mehatxuak kontatzen dituzte.
Asteazkenean, Suitzatik eta ingelesez iritsiko da ‘The invention of less’. Erresuma Batutik, hau ere ingelesez, ‘Sew to say’ filmak, Thalia artista eta pankarta-egilearen istorioa kontatzen du, nola bihurtu zen arma nuklearrei aurre egiteko kanpamentu bateko kide 80ko hamarkadan, Britainiako historiako protesta feministarik luzeena izan zen hartan.
Iruñean seigarrenez eginen den jaialdiari bi lan frantsesek emanen diote amaiera: ‘Nom d’une plante!’ film laburra eta ‘La part du rêve’. Filmak Letizia ahuntzainaren abentura kontatzen du; Korsikan, bere arbasoen lurraldean finkatzea erabaki zuen gazteak. Bakartia, saiatua, indartsua eta independentea, bide harrigarri bat asmatuko du Korsikako bere lurraldean errotzeko. Erretratu maitagarri horren atzean aldatzeko nahia dago, mundua ez beharbada, baina haren egunerokotasuna bai bederen.
Jaialdiari buruzko informazio guztia educaciónambiental.pamplona.es/eu webgunean eskuratzen ahal da. Sorkuntzak jatorrizko bertsioan emanen dira, gaztelaniazko azpitituluekin.
Jaialdiaren sail gaztea apirilaren 3tik 5era izan da Iturramako Civivoxean, eta Bigarren Hezkuntzako ikasleendako film laburrak eman dira. Aurtengo edizioan hiriko hainbat ikastetxetako 1.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute.
ZINEMA ETA INGURUMENEKO NAZIOARTEKO JAIALDIA- ECOZINE
Datak: apirilaren 17tik 20ra. 19:30ean
Tokia: Golem Baiona zinema-aretoak
Sarrerak, doan, leihatilan daude eskura dagoeneko
Filmak bertsio originalean ematen dira gaztelaniazko azpitituluekin:
-
Apirilak 17, astelehena: ‘Loop’ (Espainia, elkarrizketarik gabeko film laburra) eta ‘Azienda ala Basamortua’ (Espainia)
-
Apirilak 18, asteartea: ‘Feeling the Apocalypse’ (Kanada, film laburra) eta ‘Pisar suavemente na terra’ (Brasil)
- Apirilak 19, asteazkena. ‘The invention of less’ (Suitza, film laburra) eta ‘Sew to say’ (Erresuma Batua)
- Apirilak 20, osteguna: ‘Nom d’une plante!’ (Frantzia, film laburra) eta ‘La part du rêve’ (Frantzia)
Argibide gehiago educaciónambiental.pamplona.es/eu webgunean