Martín Larraza Ekonomiako, Plangintzako eta Estrategiako errektoreordeak eta María Chivite Foru Komunitateko presidenteak gidatu dute ekitaldi sinbolikoa
Martín Larraza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomiako, Plangintzako eta Estrategiako errektoreordea eta María Chivite Nafarroako Foru Komunitateko presidentea izan dira astelehen honetan, apirilaren 3an, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren eremuan egonen den NUPeko Osasun Zientzien Fakultate berriaren obren hasierako ekitaldian. Eraikin berriak 30.294.000 euroko kostua izanen du (BEZa barne) eta 28 hilabetean egin beharko da. Gaur egun Medikuntza, Erizaintza eta Psikologia titulazioak ematen diren fakultatearen aldamenean egonen da.
Ekitaldia María Chivite presidentearen hitzaldiarekin hasi da. Ondoren, José María Errea Argaizek (Bryaxis Arquitectos) eta Sara Velázquez Arizmendik (Varquitectos) hartu dute hitza fakultate berriko proiektu arkitektonikoa idatzi duen talde teknikoaren ordezkari gisa, eta etorkizuneko eraikinaren alderdi garrantzitsuenak eta berezitasunak azaldu dituzte. Azkenik, Martín Larraza errektoreordearen hitzekin amaitutzat eman da ekitaldia.
Aipatutako agintariez gain, bertan izan dira, besteak beste, Santos Indurain, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilaria; Juan Cruz Cigudosa García, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Elma Saiz, Ekonomia eta Ogasun kontseilaria; Ana Burusco Juandeaburre, Unibertsitateko zuzendari nagusia; Nafarroako Parlamentuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko batzordeko kideak; NUPeko fakultate, eskola eta sailetako dekano eta zuzendariak; Gizarte Kontseiluko eta Ikasleen Kontseiluko kideak; eta obraren enpresa esleipendunen eta Varquitectos eta Bryaxis Arquitectos estudioetako ordezkariak.
Proiektua eta epeak
“HLA+E” proiektua izan zen eraikin berrirako proiektuaren lehiaketaren irabazlea 2020an, aurkeztutako 35 proposamenetatik puntuazio handiena lortu baitzuen: 100etik 96.
Nafarroako Gobernuak ingurunean erabat integratutako eraikin bat egitea proposatu zuen, aldi berean XXI. mendean dugun osasunaren ulerkerarekin eta gaur egungo beharrekin bat datorrena: eraikin funtzionala, baina baita jasangarria ere. Horixe izan zen proposamen irabazlearen alderdi baloratuenetako bat: energia positiboko eraikin baten aldeko apustua egin zen, in situ sortuko duena berokuntza-, hozte-, aireztapen- eta argiztapen-sistemek kontsumitzen duten energia kantitate bera gutxienez.
Osasun Zientzien Fakultate berriak lau solairu eta beheko solairu bat izanen ditu, eta, horiez gain, lurpeko solairu bat ere bai, aparkaleku batzuk eta eraikinaren instalazio teknikoa izanen dituena.
Beheko solairuan sarbide nagusiak, ataria eta kafetegi-jantokia egonen dira, baita anatomiarako eremu bat ere, irakaskuntza-gela batekin.
Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren solairuak nagusiki irakaskuntzarako eta ikerketarako izanen dira: ikasgelak, laborategiak, informatika/mikroskopia-gela, bulegoak, aldagelak eta komunak. Gainera, lehenbiziko solairuan gradu areto bat izanen da, auditorium modukoa, erakusketa magistralak, hitzaldiak, tesien defentsak eta gradu eta masterreko proiektuen aurkezpenak egiteko.
Laugarren solairua gardena izanen da, eta hautemandako beharren arabera etorkizunean egin daitezkeen ekimenetarako diseinatua egonen da.
Excavaciones Fermín Osés SL eta Construcciones Mariezcurrena SL enpresek osatutako Salud-UPNA aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zizkioten, otsailean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Fakultatea eraikitzeko lanak. Eraikinak 30.294.000 €-ko kostua izanen du (BEZa barne) eta 28 hilabetean amaitua egon beharko du.
You must be logged in to post a comment.