FAMILIAKO ETA KOMUNITATEKO MEDIKUNTZA KONGRESUA

 

Apirilaren 21ean eta 22an, Familiako eta Komunitateko Medikuntzako espainiar estatuko elkartearen kongresua eginen da NUPen

Mediku egoiliarrak, familiako mediku gazteak eta tutoreak bilduko dira Osasun Zientzien Fakultatean

 

Apirilaren 21ean eta 22an SEMFYC elkarteak antolatutako kongresuaren egoitza izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Fakultatea. Kongresua tutoreei, mediku egoiliarrei eta familiako mediku gazteei dago zuzenduta batez ere.

Hau da aukeratu den goiburua NUP parte-hartzaile izanen duen edizio honetarako: “Familiako eta komunitateko medikuntzaren etorkizuna eta harekiko konpromisoa”. SEMFYCek azaldu duenez, kongresua “topagune bat izanen da familiako eta komunitateko medikuntzako espezialistok jakintza eta trebetasun praktikoak ikasteko eta garatzeko, bai eta trebetasunak finkatzeko eta ezagutzak azken ebidentzia zientifikoaren arabera eguneratzeko ere”.

Kongresuak iraunen duen bi egunetan espezialitateko zenbait arlo jorratuko dituzte: komunikazioa, prebentzio jarduerak, osasunaren sustapena, osasun komunitarioa, teknika diagnostikoak, larrialdiak, etab. Bost mahai inguru tematiko eginen dira, eta hauek izanen dira gaiak, besteak beste: “Familiako mediku gaztearen maletatxoa”, “Positiboan: lehen mailako arreta ahalduntzeko modurik onena” eta “Eguneraketak istant batean”. Azken horretan, hizlariek, mini-pilula moduan, familiako eta komunitateko medikuntzako gai garrantzitsuei edo berrikuntzei buruzko informazio eguneratu laburra aurkeztuko dute.

Gainera, hogei bat lantegi eginen dira saio paralelotan. Horietan, kirurgia txikiko teknikak entrenatuko dira, eta zenbait alderdi jorratuko: doluan laguntzea; antsietatea eta depresioa; landa-eremuan modu independentean moldatzea; ekografia familiako medikuaren kontsultan; ugalketa-osasuna eta emakumea kontsultan; zinemaren bidez irakastea; dermatoskopioaren erabilera kontsultan, etab.

Era berean, bi ginkana eginen dira. Lehenbizikoa, sexu-transmisiozko infekzioei buruzkoa izanen da, eta, “escape room” motako joko interaktibo baten bidez, ikasle jokalariak 8 prestakuntza-gunetatik pasatuko dira (besteak beste, larrialdiko kontrazepzioa, baginitisaren klinikaren arreta, sexu-erasoen arreta eta maitasun erromantikoari buruzko mitoak). Bigarren ginkanak larrialdiak izanen ditu ardatz, eta parte-hartzaileek, beren ezagutza klinikoak erabiliz, eguneroko bizitzan planteatzen diren premiazko egoerak konpondu beharko dituzte.

Kongresuan ia berrogeita hamar hizlarik hartuko dute parte, eta tartea egonen da mintzaldiak eta posterrak, kasu klinikoak eta ikerketak ere aurkezteko.

 

Argazkia: NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko ikasleak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan.