Hemen dira berriz Lumière emanaldiak GOLEM BAIONA zinema-aretoetan, klasikoen eta zaharberritutako aurkikuntzen hamar proiekziorekin
Maiatzaren 9an pianoa izango da protagonista Three Ages filmaren emanaldian (Buster Keaton, Eddie Cline, 1924). Josetxo Fernández de Ortega Jaureguik musikarekin lagunduko dute istorioa Iruñean. Izenburuen artean zinemagile hauen lanak aurkituko ditugu aurten: C.T. Dreyer, Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Wim Wenders eta Buster Keaton, besteak beste. Horrez gain, hain ezagunak ez diren beste batzuek sortutako obrak ezagutzeko aukera ere izango dugu; adibidez, Kinuyo Tanakak, Gilles Grangierrek eta André Cayattek.
Lumière emanaldiak berriz izango dira gurean aurten eta Euskadiko Filmategiak, Lyongo Lumière Institutuarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan, hamar film programatuko ditu apirila eta ekaina bitartean: hainbat klasiko eta zenbait aurkikuntza. Izenburuen artean, zinemaren historiako zati diren zuzendari hauen lanak aurkituko ditugu: C.T. Dreyer, Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Wim Wenders eta Buster Keaton, besteak beste. Horrez gain, hain ezagunak ez diren beste batzuek sortutako obrak ezagutzeko aukera ere emango digu zikloak; adibidez, Kinuyo Tanakak, Gilles Grangierrek eta André Cayattek.
Lumière Emanaldien bigarren edizioaren helburua da Lumière anaiek zinematografoa sortu zuten hirian duela 41 urte irekitako Lumière Institutuaren zaharberritze-, kontserbazio- eta hedapen-lana ezagutaraztea. Film guztiak ikusgai izango dira, halaber, Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan (Donostia), Gasteizko Artium Museoan eta EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan ere. Gainera, Donibane Lohizuneko Le Select zinema-aretoetan zikloaren lau proiekzio egingo dira.
Proiekzioak apirilaren 25ean —asteartea—, 19:00etan, hasiko dira Iruñeko GOLEM BAIONA zinema-aretoetan. Lehenengoa Dans la nuit (Charles Vanel, 1929) izango da —agian frantziar zinemaren azken film mutua— eta hari buruz “poesia zinematografikoa” zela esan zuen Bertrand Tavernierrek.
Hurrengo asteartean, maiatzaren 2an, Chibusa yo eien nare (Kinuyo Tanaka, 1955) filma berreskuratuko dute Lumière Emanaldiek, Kinuyo Tanaka emakume zinemagile japoniarraren lanik onenetakoa. Tanakaren filmek emakumeak izaten dituzte ardatz, eta, kameraren atzean jarri aurretik, aktore-lanetan aritu zen Kenji Mizoguchi, Mikio Naruse eta Yasujiro Ozu zuzendarientzat, besteak beste.
Maiatzaren 9an pianoa izango da protagonista Three Ages (Buster Keaton, Eddie Cline, 1924) filmaren proiekzioan. Boloniako Zinematekak berreskuratu du zinema mutuaren obra garrantzitsu hori eta lehen aldiz ikusi ahal izango dugu kontserbatu diren material guztiekin. Josetxo Fernández de Ortega Jaureguik musikarekin lagunduko du istorioa Iruñean.
1955. urtekoak dira, halaber, Ordet (Carl Theodor Dreyer) danimarkarra, Veneziako zinemaldian Urrezko Lehoia irabazi eta zinemaren historian arrastoa utzi duen maisulana —hilaren 16an ikusi ahal izango da—; eta herrikoiagoa den Gas-oil, Lumière Institutuak 50eko hamarkadako Frantziako zinemaren izen handi gisa aldarrikatutakoa —ekainaren 6an emango da—.
Gerraondoko Frantziako gizartearekin konpromiso sendoa izan zuen André Cayatte zuzendari errebelde eta inkonformista da emanaldi horiek proposatzen duten beste berraurkikuntzetakobat. Zikloak Justice est faite (1950) berreskuratu du, haren lan adierazgarrienetako bat. Film horrek emango dio zikloari amaiera, ekainaren 27an. Horrez gain, frantziar zinemaren beste ezinbesteko izenetako baten lana ere bildu du programak, haren filmografiaren zaharberritzeei esker berraurkitua: Jean Eustacheren Mes petites amoureuses (1974), maiatzaren 30erako programatua.
Zikloa osatzeko, zinemagintza garaikidearen funtsezko hiru egilek zuzenduriko filmak izango ditugu: Apocalypse Now. Final Cut (1979-2019), gizakiei eta gerrari buruzko gogoeta ahaztezina, Francis Ford Coppolaren klasikoaren azken bertsioa eta estreinatu zenetik 40 urtera zaharberritua (maiatzaren 23an); Raging Bull (1980), Robert de Niro protagonista duen Martin Scorseseren maisulan ikonikoaren 4K-n zaharberritutako kopia (ekainaren 13an), eta Im Lauf der Zeit (1975) berreskuratua, Wim Wenders zuzendari alemanaren ibilbidean erabakigarria izan zen eta Donostian Thierry Frémaux Canneseko zinemaldiaren zuzendariak aurkeztuko duen filma (ekainaren 20an).
Dans la nuit, Three Ages eta Gas-Oil filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira euskarazko azpitituluekin. Sarrerak GOLEM BAIONA zinema-aretoen webgunean eta leihatilan erosi ahal izango dira, 4 euroren truke. Informazio gehiago, hemen: www.golem.es.
You must be logged in to post a comment.