PUNTO DE VISTA 2024KO DATAK

Punto de Vistak 2024ko datak iragarri ditu, zinema dokumental konprometitu eta irekiena ardatz izan duen aurtengo edizioaren ostean

Jaialdiak hemezortzigarren edizioa eginen du Iruñean 2024ko martxoaren 11tik 16ra

Punto de Vista, Nafarroako Gobernuak sustatutako eta NICDO sozietate publikoak antolatutako Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak hamazazpigarren edizioa egin du martxoaren 27tik apirilaren 1era. Proposamenez beteriko sei egun izan dira, eta 5.300 ikusle bildu dira bertara. Munduko zinema dokumentalaren azken joerak eta zuzendari ospetsuen filmak egon dira ikusgai jaialdian, bai eta horren ezagunak ez diren beste zuzendari batzuenak ere, haien obra ezagutzeak merezi duelako.

Besteak beste, Peter Nestler, Ana Poliak, Fukuda Katsuhiko eta Pascale Bodet zinemagileak uztartu dira Sail Ofizialeko beste protagonista batzuekin –Lydie Wisshaupt-Claudel, Sharon Lockhart, Alassane Diago, Rainer Komers, Comes Chahbazian, Malena Zambrani edo Peru Galbete, beste batzuen artean–, baita testuinguru hurbilagoko beste figura batzuk ere, hala nola Deneb Martos, Oier Fuentes, Patxi Burillo, Mikele Landa edo José Otero. Gainera, denbora egon da Jean Epsteinen film galdu bat ezagutzeko, Ibon RG bizkaitarraren musika entzuteko edo Guillermo Zuñiga zinema zientifikoaren aitzindariaren figura aztertzeko.

Jarraian, aurtengo edizioaren datu eta alderdi garrantzitsuenetako batzuk zehaztuko ditugu, 2024ko martxoaren 11tik 16ra Iruñean eginen den hemezortzigarren edizioari bide emanez.

Punto de Vista 2023 zenbakitan

  • Punto de Vista 2023ko proiekzioetan eta jardueretan 5.300 pertsonak parte hartu dute.

  • Aurten izena eman duten 830 filmen artetik aukeratuta, 13 nazionalitatetako 18 filmek osatu dute Sail Ofiziala. Sail Ofizialaren barruan, estreinaldi kopuru handia nabarmendu behar da: munduko sei estreinaldi, nazioarteko estreinaldi bat, Europako bi estreinaldi eta Espainiako zortzi estreinaldi izan dira.

  • Aurten, 438 pertsona akreditatu dira jaialdian: profesionalak (233 pertsona, % 53), ikasleak (120, % 27), kazetariak (55, % 13), Gazte Epaimahaia (19, % 4) eta Gazte Programatzaileak (11, % 3). Akretidatu guztien % 47 emakumeak izan dira, % 39 gizonak, eta % 8k ez dute generoa zehaztu.

  • 75etik gora gonbidatuk parte hartu dute 2023ko Punto de Vistan eskainitako proiekzioetan eta jardueretan, eta horien artean handia izan da nazioarteko profila dutenen ehunekoa: zinemagileak, programazio arduradunak, ikertzaileak, etab.

  • Jaialdiko astean 100 film baino gehiago proiektatu dira, eta 65 saio baino gehiago antolatu dira proiekzioak eta gainerako jarduerak batuta.

  • Jaialdiko programazio osoa hartuta, mundu guztiko 20 herrialde baino gehiagotako filmak bildu dira: Argentina, Suedia, Mexiko, Kazakhstan, Sudan, Alemania, Espainia, AEB, Peru, Senegal, Japonia, Frantzia, Austria, Iran, Italia, Erresuma Batua, Egipto, Portugal, Kanada, Brasil eta Ekuadorkoak, besteak beste.

  • Nazioarteko Epaimahaiak, X Filmseko Epaimahaiak eta Gazte Epaimahaiak emandako sariak emakumezko hiru zinemagilek, gizonezko hiru zinemagilek eta emakumez eta gizonez osatutako kolektibo batek jaso dituzte. Film Onenaren Sari Nagusia Colectivo Silencioren El polvo ya no nubla nuestros ojos filmarentzat izan da. Emakumezko bi zuzendarik jaso dituzte Film Labur Onenaren Saria (Eventide, Sharon Lockhart) eta gazteek hautatutako Film Onenaren Saria (Éclaireuses, Lydie Wisshaupt-Claudel). Bestalde, Comes Chahbazian-en Notre Villagek lortu du Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria, Alassane Diago-ren Maayo Wonaa Keerolek publikoak hautatutako Film Onenaren Sari Berezia, eta Julius Richard Tamayoren Apocalipsis 20 21 22ek Epaimahaiaren Aipamen Berezia (Film Onenaren kategorian).

  • Punto de Vistako jarduerak 8 egoitzatan banatu dira: Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza Museoa, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Filmoteka, Civivox Condestable eta Civicanen.

Jaialdiaren sinergiak eta kolaboratzaileak

Urtez urte, kulturaren industriako nazioko eta nazioarteko erakundeen eta eragileen bere sarea zabaltzen jarraitzen du Punto de Vistak. Aurten, aurreko edizioetan bezala, jaialdian laguntzaile izan ditugu ICAA, Acción Cultural Española, Huarte Zentroa, Iruñeko Udala Red Civivox sarearen bidez, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Radio 3, Nafarroako Filmoteka eta Liburutegia, Jorge Oteiza Museoa Fundazioa, Goethe-Institut, Golem, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionala, Espainiako Filmoteka, NAPAR, Cineteca, Institut Français, Portugalgo enbaxada, Elías Querejeta Zine Eskola eta Festival Scope plataforma.

Gainera, aurten jaialdira gehitu dira edo berriz ere kolaboratzaile izan dira partner gisa Nafarroako Gaztediaren Institutua, Gazte Txartela, Kataluniako Filmoteka, Valentziako Filmoteka, CGAI, CCCB, Deutsche Kinemathek, Argentinako Errepublikako enbaxada, Courtisane Festival, EiTB, Navarra Music Commission eta DokLab Navarra.

Jaialdiak bultzatu du bertako bi programa Estatuko zenbait espazio kulturaletara eramatea. Punto de Vistan egon ondoren, Bartzelonan (Kataluniako Filmoteka), Madrilen (Cineteca), Coruñan (CGAI) eta Valentzian (Valentziako Filmoteka) dago ikusgai Peter Nestlerren atzera begirakoa. Eta Ana Poliaken fokuak, berriz, Madrilera (Espainiako Filmoteka) eta Bartzelonara (Kataluniako Filmoteka) bidaiatu du.

Azkenik, aurten ere sare profesionalenak sustatu ditu Punto de Vistak, eta jarduerak planteatu ditu parte hartzen duen erakundeen eskutik, hala nola Federación Pantalla, La Mesta, Red IberoFest eta Navarra Film Industry; gainera, topaketak eta lan saioak diseinatu ditu Doklab bezalako proiektuen eskutik edo NAPAR, CIMA eta (H)emen elkarteen eskutik.

Punto de Vista: jaialdi arduratsua

Punto de Vistak hitzordu kultural arduratsua izan nahi du gure gizartearekiko. Horregatik, apurka-apurka eta urtez urte, ingurunean sortzen duen inpaktua hobetzen saiatzen da, hainbat arlotan.

Alde batetik, jaialdiak kontuan hartzen du beharrezkoa dela pertsona, erakunde eta organizazio guztiak ingurumen jasangarritasunarekin konprometituta egotea. Aurten, publikoa eta jaialdira gonbidatutako pertsonak inplikatzen saiatu gara, eta zenbait ekintzatan parte hartzeko aukera izan dute, jasangarriagoak izaten saiatzeko. 2022an hasi ginen inpaktu adierazgarrienak identifikatzen, eta ingurumenaren sektoreko profesionalekin buruz buru lan egin genuen horiek murrizteko. Bertako ekonomia ere sustatzen dugu, hainbat arlotako lankidetza akordioak izenpetuz bertako hornitzaileekin eta establezimenduekin.

Bestalde, Punto de Vista adi ibili da, kontuan hartuta bere ekintzaren eremuan benetako genero berdintasuna islatzeko beharra. Punto de Vistak egunerokotasunean hartzen ditu kontuan gizonezko zein emakumezko zuzendarien filmak programatzeko beharra, hizkuntza inklusiboa erabiltzeko beharra, eta behar bezain aintzatetsiak izan ez diren emakumezko zinemagileen figura eta lana aldarrikatzeko beharra, besteak beste.

Amaitzeko, kontziliazioaren alde lan egin du Punto de Vistak bigarren urtez jarraian, El Globo Rojo ludotekaren bidez. Horrela, sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko haurrentzako espazio bat egon da aurtengo edizioan, lantaldeak, akreditatutako pertsonek eta publiko orokorrak erabili ahal izateko. Ekimena CIMArekin (Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea) eta Parenting at Film Festivals kolektiboarekin elkarlanean egin da, eta Zorionak Kids & Party ludotekak kudeatu du.