Beste gau batean, eta, era berean, udaletxetik etxera, nire kabuz nindoala, Pio XII.a etorbidearen erdialdean, gutxi gorabehera, gurpil aulki motorduna zeharo geldirik geratu zitzaidan, matxura elektroniko bat zela eta.
Une hartan, kalean ez zebilen inortxo ere. Hiribusen ordutegia ere, ordurako bukatuta zegoen, eta, taxi egokiturik ez dakit ordu hartan ibiliko ote zen. Kontua da, pixka batean pentsatu ondoren, ez bat eta ez bi, bururatu zitzaidan lehenengo gauza izan zela Iruñeko Udaltzaingora deitzea, nire arazoa ezagutarazteko.
Haiek, nire kontakizuna entzun ondoren, lasai egoteko esan zidaten, berehalaxe agertuko zirela nire bila, eta, halaxe gertatu zen, nondik edo handik, aida batean iritsi baitziren nireganaino. Halarik ere, ezin da ukatu oso gauza bitxi bat gertatu zela, izan ere, nire ustearen aurka, pertsona atxilotuak eramateko erabiltzen zuten furgoi batean agertu ziren udaltzain haiek, eta, hartantxe sartu ninduten, gurpil aulkia itopuntuan jarri ondoren. Nik helbidea eman, eta, hantxe, furgoiaren atzeko aldean, bakarrik, atxiloen tokian, leihorik ez eta kalea batere ikusi gabe, eraman ninduten gure etxe pareraino. Egoera nahiko sinestezina izan zen, baina, tira, zer eginen diogu, bada?
Hantxe, gure kalean, furgoiko atzealdeko ateak berriro ireki, gurpil aulkia, ahal izan zuten bezala jaitsi, ni barruan nintzela, noski, eta, berriz ere, bultzaka, etxeko atarira, ezkaratzera eta igogailuraino eraman ninduten, bien artean. Behin goian ginela, nik utzitako giltza erabiliz, etxebizitzako atea ireki, zabaldu eta barrura egin genuen. Aida batean, egongelan plantatu ginen, amaren aurrean. Hark, gajoak, eszena arraro hura hantxe ikusita, zeharo harrituta, zera galdetu zidan:
-Atxilotu al haute, Xanti?