NUP menopausia osteko etapan dauden emakumeen bila dabil aldizkako baraualdiari eta ariketa fisikoari buruzko ikerketa bat egiteko
Kirol Kontseilu Nagusiak finantzatu du proiektua, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko diziplina anitzeko talde batek gauzatuko du
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko ikertzaile talde batek ikerketa-proiektu bat jarri du abian, Kirol Kontseilu Nagusiak finantzatua. Proiektu horretan, aztergai izanen dute nolako eragin konbinatua duen elikaduraren ordu murrizketan (aldizkako baraualdia) eta ariketa fisikoan oinarritutako esku-hartzerako programa batek bai gorputz osaeran eta bai osasun kardiobaskularrean. Zehazki, gehiegizko pisua edo obesitatea duten eta menopausia osteko etapan dauden 50 eta 65 urte bitarteko emakumeen kasua aztertu nahi dute. Proiektuak Nafarroako Ikerketa Klinikorako Batzorde Etikoaren onespena du. Parte hartu nahi duten emakumeek ikerketa-taldearekin jar daitezke harremanetan, helbide elektroniko honetan: empower.project.upna@gmail.com.
Ikertzaile-taldeak azaldu duenez, menopausiaren ondorioz, emakumeek gizentzeko arrisku handiagoa dute, eta haien osasun kardiobaskularrak okerrera egin dezake. Gainera, menopausiaren ondoren estrogenoak galtzeak modu bereizgarrian eragiten dio goseari, eta muskulu eskeletikoen masa eta kalitatea murrizten ditu, baita gastu energetikoa ere. “Faktore horiek azaltzen dute, neurri batean, emakumeek beren bizitzako etapa horretan pisua galtzeko duten zailtasuna, eta, horregatik, beharrezkoa da pertsona horientzako tratamendu espezifiko berriak ikertzea”, adierazi dute. “Hala ere, gaur egun oso lan zientifiko gutxi daude menopausia osteko obesitateari buruz, nahiz eta adin-talde horretan agertzen den bereziki eta beste populazio-talde batzuetan baino osasun-konplikazio gehiago eragiten dituen”, nabarmendu dute.
150 emakume 12 asteko esku-hartze batean
Proiektuan 150 emakumek hartuko dute parte, eta, ausaz, esku-hartzerako 3 taldetan banatuko dituzte 12 astez, gorputzaren osaeran dituzten ondorioak alderatzeko: lehenbiziko taldeak aldizkako baraualdia eginen du (16/8: 16 orduz baraurik eta 8 orduz elikatzen, aukeratzen duten ordutegian); bigarrenak 16/8 formatuko aldizkako baraualdi bera eginen du, eta, gainera, astean 3 egunez ariketa fisiko pertsonalizatua eta kirol zientzietako espezialista batzuek gainbegiratua eginen du; hirugarren taldeak, berriz, dieta hipokaloriko pertsonalizatua eginen du, nutrizionistek gainbegiratua, eta, astean 3 egunez, ariketa fisiko pertsonalizatua eta gainbegiratua ere eginen du. Talde guztietako partaideek pisua galduko dute eta etengabe izanen dituzte laguntza eta gainbegiraleak.
Ikertzaileen hipotesia da ezen, gorputzaren osaera hobetzeari dagokionez, aldizkako baraualdia eta ariketa fisikoa egiten dituen taldea eraginkorragoa izanen dela baraualdia besterik egiten ez duena baino. Gainera, haien ustez, nahiz eta alde txikia egon baraualdia eta ariketa fisikoa egiten dituztenek gorputz osaeran dituzten onuren eta dieta hipokalorikoa eta ariketa fisikoa egiten dituen taldekoenen artean, lehenbiziko tratamendu dietetiko hori eramangarriagoa izanen da epe ertain-luzera.
Oraingo proiektuaren abiapuntua obesitatea duten gizon eta emakumeen aldizkako baraualdiari buruz aurretik egindako beste azterlan batean lortutako atariko emaitzak dira. Lortutako informazioari esker, ikerketa-taldeak esku-hartzearen diseinua hobetzeko aukera izan du, haren ondorio onuragarriak eta abantailak maximizatzeko, eta, aldi berean, zenbait hobekuntza egin ditu, askotan pisua galtzearekin batera izaten diren nahi gabeko ondorio batzuk saihesten ahalegintzeko.
Medikuz, nutrizionistaz eta beste espezialista batzuez osatutako diziplina anitzeko taldea
Ikerketa-taldea, Idoia Labayen Goñi NUPeko irakasle eta IS-FOOD institutuko ikertzailea buru duena, honako hauek osatzen dute: Estella Petrina eta Ana Zugasti mediku endokrinologoek, Maddi Osés eta Jon Etxarte nutrizionistek, Víctor Alfaro, María Medrano eta Juan Manuel Alcántara kirol zientzietako adituek, Fernando Idoate mediku erradiologoak, Elena Goñi eta María Jesús Ribelles medikuntza nuklearreko espezialistek, Cristina Armendáriz analisi klinikoetako espezialistak, Idoia Labayen, José Luis Santos eta Claudia Izquierdo fisiologiako, metabolismoko eta nutrizioko espezialistek eta Rafael Cabeza eta Arantxa Villanueva ingeniari eta irudi biomedikoko espezialistek. Horiek guztiak elkarlanean arituko dira programak ahalik eta diseinu eta gainbegiratze hoberena izan dezan eta parte-hartzaileen balorazioak ahalik eta positiboenak izan daitezen.