OGIA ETA ZIRKUA, ARTEA ETA ELIKADURA ERAKUSKETA

ZIUDADELAKO ARMA ARETOA ETA LABEA. MAIATZAREN 3TIK UZTAILAREN 2RA. ERAKUSKETA: OGIA ETA ZIRKUA, ARTEA ETA ELIKADURA.

Alicia Venturak komisariatutako ‘Ogia eta Zirkua’ erakusketa paratu dute uztailaren 2ra bitartean Ziudadelako Arma Aretoan eta Labean. 15 artistaren erakusketa kolektibo honek elikaduraren inguruko hausnarketa globala egiten du, diziplina anitzeko ikuspegi batetik. Hausnarketa artistikoaren bidez, askotariko ikuspegia eskaintzen da, elikagaiek duten garrantziaz eta giza bizitzan dituzten ondorioez kontzientziatzeko.

Erakusketan jorratzen diren gaiek, elikadurarekin lotuta daudenak, prozesuak birpentsatzea, egungo ereduak zalantzan jartzea eta kontsumo modu jasangarriagoak bilatzea dute helburu.

*Elikadura da etorkizun jasangarriaren erronkarik garrantzitsuenetako bat. Gaur egun, elikagaiak lortzeko kezka izateaz gain, janaria aukeratu behar dugu; gaia konplexua eta nahasia da, publizitateak eta hedabideek agintzen baitute arlo horretan. Elikagaien faltak eragindako desnutrizioaren eta elikagaien industriak sustatutako gainelikaduraren artean gabiltza; bizitza osasungarriaren eta gure desioei eta hersturei bidea libre uzteko beharraren artean. Horrek guztiak egoera asaldatu bat dakar, nahasita sentitzen den mahaikidea eta osasun- eta ingurumen-arazo larriak. Nutrizioaren ikuspegi hutsetik harago, egungo gizartearen azelerazioan, bizi-estiloan edo elikadura bezalako gai garrantzitsu batean nagusitzen den informazioaren kaosean aurkituko dugu desoreka horren zergatia.

Latinezko panem et circenses lokuzioan (ogia eta zirku-ikuskizunak) jatorria duen “ogia eta zirkoa” esaldi herrikoia, Juvenal poeta erromatar gaztearen «Satira X» lanetik dator. Poema horretan, herriari janari merkea eta entretenimendua eskaintzeko praktika politikoa aipatzen du, hura kontrolatzeko eta isilarazteko estrategia gisa: «Aspalditik, botoa inori saltzen ez diogunetik, herritarrak alde batera utzi ditu kezkak; izan ere, garai batean agintea, fasziak, legioak, dena banatzen zuenak, orain men egin behar du eta bi gauza soilik desio ditu irrikaz: ogia eta zirku-jolasak».

Erakusketa-proiektu honek elikadurari buruzko hausnarketa orokorra egiten du. Elikaduraren eta jatearen artean gai ugari txirikordatzen dira, eta beraz, jakintza-alor anitzetatik heldu beharreko esparrua da. Izan ere, hori da da artea gaiari heltzeko esparru perfektu gisa postulatzearen arrazoietako bat, ikuspegi zabala, askotarikoa eta zeharkakoa eskaintzen duela.

Ogia eta zirkua erakusketak kontzientzia sortu nahi du elikagaiak duen garrantziaz eta planeta honetan bizi garen izakiontzat eta planetarentzat berarentzat dituen ondorioez; hala, elikadura bere osotasunean birpentsatzera gonbidatzen gaitu. Hurbiltze horrek azterketa eta gogoeta ditu ardatz, aktibazioari, auzitan jartzeari eta elikadura-eredu berriak bilatzeari ateak irekitzeko lehen urrats gisa.

*Alicia Ventura

Erakusketako komisarioa

ARTISTEN ZERRENDA

Rosalía Banet. ‘El banquete quemado’ eta ‘MUK-BANG’

Saelia Aparicio. ‘Anatomy of pleasure’

Santiago Morilla. Prototipo de bicimáquinahuerta de interior #1

Antoni Miralda. ‘Power Food (2 Mesas y 12 sillas)’

Asunción Molinos Gordo. ‘Dumping’

Ángel Marcos. ‘La mar negra’. Instalazioa

Marta Fernández Calvo. Correspondencia

Carles Tarrassó Oliver. ‘Espacio visceral’

Luna Bengoechea. ‘Carica Papaya’, ‘Zea mays’, ‘Cucumis sativus’ eta ‘Solanum Lycopersicum’

Greta Alfaro. ‘Fornacalia’ (Labea) eta ‘In Ictu Oculi’

Basurama. ‘Chainwork’

Estíbaliz Sádaba. ‘A mi manera’

Tania Blanco. Dégustation UNLID

Peter Foldes (zuzendaria) eta René Jodoin (ekoizlea). ‘Hunger’ (National Film Board of Canada erakundearen eskaintza).

Winkler + Noah. ‘Beyond the Body’.