Puntu urdin argia naiz unibertsoan,
beste orratz buru bat, besteen artean,
beltz-beltzean galdua gure ostondoan,
bizitzaren habia nire azalean.
Bakar bakarra nago halako moduan,
barneko ura aske nire gainaldean,
ultramoreetatik beti babesean,
lehenengo zelulak agertaraztean.
Big-bangean sortua, hauts zurrunbiloan
norabiderik gabe, Ekiren nahian,
nire elipsiaren itxaropenean,
jito luzean nintzen, Darwinen eskuan.
Beste planetarekin, dena errateko,
nahasketa horretan, talka egiteko
beharra izan nuen, bai, behin betiko
nik nire ilargia ongi erditzeko.
Haurra aitamei gisa, nire ilargia
poloen ardatzaren zitzaidan argia,
betiko biraketan pizteko begia
mareak ekartzeko, klimaren magia.
Ama-lur deitzen naute, nire bizkarrean
dabiltzan gizakiek, elkarren hiltzean,
izadia suntsituz, menpe ametsean,
bakar bata nautela ezin ulertzean.
(Oroitu Carl Sagan-en “Pale blue dot”)
2023/01/03
Hatsaren Poesia – Olerki Bilduma – 2023