Kantu eta Hitza O-ko Andre Mariaren plazara itzuliko da euskarazko formatu txikiko sei kontzerturekin, maiatzaren 18tik ekainaren 22ra bitarteko ostegunetan
Sarrera doan izanen da leku guztiak bete arte eta Rafa Rueda, Lumi, Olaia Inziarte, Sara Azurza, Nahiak Nahi eta Balerdi Balerdi arituko dira
Bi urteren ondoren, Kantu eta Hitza euskarazko formatu txikiko kontzertu-zikloa O-ko Andre Mariaren plazara itzuliko da. Aurtengo programazioa musika-estilo desberdinetako sei kontzertuk osatuko dute eta bertan izanen dira Rafa Rueda, Lumi, Olaia Inziarte, Sara Azurza, Nahiak Nahi eta Balerdi Balerdi. Emanaldiak maiatzaren 18tik ekainaren 22ra bitarteko ostegunetan eginen dira, 20:00etan, eta sarrera librea izanen da leku guztiak bete arte. Euria ari badu, kontzertuak Deskalzos kaleko Erradoien Txokoan eginen dira.
Rafa Ruedak emanen dio hasiera zikloari maiatzaren 18an, eta euskal musikan egin duen bi hamarkadatik gorako ibilbideko kantuak berrikusiko ditu bere azken lana aurkezteko baliatuko duen kontzertu batean. Lanak “Rueda” izenburua du eta bertan gitarra, ahotsa, elektronika eta literatura uztartzen ditu, Joseba Sarrionandiaren, Elena Olaveren, Iñigo Astizen, Mari Luz Estebanen, Audre Lorderen, Inge Müllerren eta Josu Goikoetxearen poemak abesti bihurtuz. Mungian jaioa, abeslari eta gitarra-jotzaile izan zen Broken Bihotz eta Pi.L.T taldeetan, bakarka hasi baino lehen. Bost disko grabatu ditu, literatura eta musika uztartzen dituzten hainbat proiektutan parte hartu du eta beste abeslari batzuendako ekoizle-lanak ere egin ditu.
Maiatzaren 25ean Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatutako elektro-popeko Lumi taldeak 2022an argitaratutako “Bezperen dirdira” diskoko abestiak interpretatuko dituzte. Ziburuko eta Donibane Lohizuneko bi musikari horiek folk musikaren eta musika elektronikoaren bideetan zehar egindako ibilbideak elkartu dituzte, euskarazko kantak soinu elektronikoarekin apainduz, eta hala giro paregabea eta ederra lortu dute, malenkoniaz eta melodia irrealez betea.
Lau kontzertu gehiago ekainean
Ekainaren 1ean Olaia Inziarte artista nafarrak “Lehengo Lepotikan Burua” bere lehenengo diskoa aurkeztuko du kontzertu akustikoan. Lan horretan sonoritate tradizionalenek eta abangoardistenek bat egiten dute. Bere konposizioetan pop iluna topatzen badugu ere, Nafarroako kantutegi tradizionalari etengabe egiten dizkio keinuak, hala, bere erroetatik abiatuta, betiere modu intimoan, melodia erraz eta alternatiboen sorta bat eratzeko. Musikari gisa Iker Laurobarekin, Joseba Tapiarekin eta Chica Sobresaltorekin lan egiteaz gain, Pleura taldeko abeslari ere izan da.
Laugarren kontzertuan, ekainaren 8an, ostegunarekin, Sara Azurza donostiarra igoko da taula gainera. Aurten, “Hemen berriro”, abeslari eta konpositore gisa egin duen lehen lana kaleratu du. Bizitzaren ziklo emozionalari buruzko eta hainbat emozio eta sentimendu islatzen dituzten bederatzi abesti dira, hainbat estilo konbinatzen dituzten melodia batzuen gainean bidaiatzen dutenak, hala nola popa, soula, funkya eta elektronika.
Ekainaren 15ean Nahiak Nahi taldearen txanda izanen da. “Erori behar haina” da bere azken lana, arreta, xehetasun eta maitasun handiz landutako 4 abestiz osatutako EP bat. “Erori behar haina”, “Eman sua”, “Gora!” eta “Hego berriak” abestiek osatzen dute, batez ere, zoritxarrari aurre egiteko asmoa aldarrikatzen duen lana. Proposamen zuzena, hurbilekoa eta konplizitatez betea. Nahiak Nahi da Burlatako musikari familia baten bigarren belaunaldiko Nahia Ojeta buru duen taldearen izena.
Kantu eta Hitza zikloaren aurtengo edizioa Balerdi Balerdi eskarmentu handiko talde nafarrak itxiko du ekainaren 22an. “Udaberri alua” singlea aurkeztuko dute biniloan, “Udaberri alua” eta “Azken Kanta” izeneko abestiek osatua. Lana formatu digitalean egindako beste bi abestirekin osatzen da: “Gurpilen antzera” eta “Bizi bedi rock’n’rolla”. Ibilbide guztian taldearen ezaugarri izan diren folk, rythm-and-blues eta country kutsuak dituen power-pop estiloari eutsi diote abesti berri horietan, eta letrek ikuspegi berri batetik lantzen dute denboraren kontzientzia, “Galtzen ikasteko metodoa” aurreko laneko gai nagusian.
KANTU ETA HITZA 2023. O-KO ANDRE MARIA PLAZA
- Maiatzak 18, osteguna, 20:00etan. RAFA RUEDA. “Rueda”
- Maiatzak 25, osteguna, 20:00etan. LUMI. “Bezperen dirdira”
- Ekainak 1, osteguna, 20:00etan. OLAIA INZIARTE (akustikoa). “Lehengo Lepotikan Burua”
- Ekainak 8, osteguna, 20:00etan. SARA AZURZA. “Hemen berriro”
- Ekainak 15, osteguna, 20:00etan. NAHIAK NAHI. “Erori behar haina”
- Ekainak 22, osteguna, 20:00etan. Balerdi Balerdi. “Udaberri alua”
Sarrera doan, leku guztiak bere arte. Euririk balitz, kontzertuak Descalzos kaleko Erraldoien Txokoan eginen dira.
You must be logged in to post a comment.