NUP-EK TEKNOLOGIA ELEKTRONIKOAREN KATEDRA SORTU DU

 

Teknologia Elektronikoaren Katedra sortu du NUPek, Nafarroan diharduten sektoreko zazpi enpresarekin batera

Azkoyen, Jofemar, Falcón Electrónica, IED Electronics, Guinaz Electronics, Embeblue eta RS dira hitzarmenaren sinatzaileak NUPekin batera

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Azkoyen, Jofemar, Falcón Electrónica, IED Electronics, Guinaz Electronics, Embeblue eta RS enpresekin batera, sistema eta produktu elektronikoen garapena, fabrikazioa eta/edo banaketa ardatz hartuta, hitzarmen bat sinatu dute NUPeko Teknologia Elektronikoaren Katedra sortzeko. Katedra berri honen helburuak, besteak beste, arlo horretan ezagutza sortzen eta ikasleen eta profesionalen prestakuntza praktikoa lortzen laguntzea da.

Aipatutakoez gain, katedraren helburuak dira, halaber, Nafarroan industria-sektore elektronikoaren eta hitzarmena sinatu duten enpresen jardueraren ikusgarritasuna hobetzea; elektronikarekin lotutako eskaintza akademikoa hobetzen laguntzea; arlo horretan zientzia eta teknika zabaltzeko jarduerak egitea, aukera emanen dutenak ingeniaritza elektronikoarekin lotutako bokazio teknikoak sustatzeko; ingeniaritza elektronikoan emakumeen parte-hartzeak aurrera egiteko bide emanen duten ekimenak garatzea eta horietan laguntzea; eta ikerketa aurreratua sortzea.

Hitzarmen hau Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak sinatu du, aipatutako enpresetako ordezkari hauekin batera: Rubén Trevejo (Azkoyen), Mikel Meoki Izagirre (Embeblue), Yolanda Falcón Goñi (Electrónica Falcón), Iñigo Ayerra Ibáñez (IED Electronics), Ignacio Castro (RS), Jorge San Miguel Indurain (Jofemar) eta Alfonso Guindulain Azcona (Guinaz). Entitate sinatzaileek interes komuna dute elektronikarekin lotutako unibertsitate-ikasketak hobetzen laguntzeko, irakaskuntza-metodologiak hobetzeko eta elektronikaren sektoreko ikasleen eta etorkizuneko profesionalen trebakuntza hobetzeko.

 

Baterako jardueren garapena

Entitateen arteko lankidetza honako jarduera hauetan datza: teknologia elektronikoaren hainbat gairi buruzko ikerketa-proiektuak babestea eta sustatzea, bai eta doktoretza-tesiak eta ikasketen amaierako lanak ere; enpresa sinatzaileetan zuzendaritza-postuetan daudenek unibertsitatean parte hartzea, beren esperientzia ikasleekin partekatu dezaten; eta katedraren jarduerarekin lotutako gaiei buruzko doktoretza-tesiak eta ikasketen amaierako lanak egin daitezela bultzatzea.

Halaber, beste unibertsitate eta zentro produktibo batzuekin ikasle-trukeak egitea sustatuko da, estatuaren barneko eta nazioarteko praktikak egin ditzaten. Gainera, etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatuko dira, baita katedra sustatzen duten enpresak bisitatu ere. Bestalde, ingeniaritza elektronikoaren arloan bokazioak sustatzeko hitzaldiak, mintegiak, ikastaroak eta bestelako prestakuntza-jarduerak diseinatzea eta antolatzea ere aurreikusten da, baita sariak eta bekak ematea ere.

 

Jarraipen batzorde mistoa

Hitzarmenak jarraipen batzorde misto bat eratzea aurreikusten du. Batzorde hori gutxienez NUPen 2 ordezkarik eta gehienez 7k osatuko dute, errektoreak izendatutakoek, eta katedraren sustatzaile diren enpresek ordezkari kopuru bera izanen dute. Batzorde hori arduratuko da katedraren zuzendariaren izendapena proposatzeaz, jardueren urteko programaren berri emateaz, jardueren urteko memoria onesteaz edo balizko lankidetza-hitzarmenak onets daitezela proposatzeaz.

 

Argazkia: Katedra sinatu duten erakundeen eta NUPen ordezkariak. Ezkerretik eskuinera, Angel Andueza (NUPeko irakaslea), Jesús Martínez (Jofemarreko giza baliabideetako zuzendaria), Ignacio Castro (RSko key accounts managerra), Iñigo Ayerra (IED Electronics), Alfonso Guinduláin (Guinaz Electronics), Ramón Gonzalo (NUPeko errektorea), Yolanda Falcón (Falcón Electrónica), Rubén Trevejo (Azkoyen), Iván Moreno (Falcón Electrónica), Jorge San Miguel (Jofemar), Mikel Meoki (Embeblue) eta Javier Goicoechea Fernández (NUPeko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Eskola Teknikoko zuzendaria).