CUARTDA PROIEKTUA

Administrazio Zuzenbidearen Hastapenak irakasgaiko euskarazko taldeko ikasleak, Aritz Romeo eta José F. Alenza irakasleekin, Iruñeko Udaletxearen atalondoan.

NUPeko ikasle batzuek Administrazio Zuzenbidea ikasi dute artearen eta historiaren bidez Iruñeko Udalean

José F. Alenza eta Aritz Romeo irakasleek lagunduta, udaletxeko zenbait gela bisitatu zituzten, irakaskuntza berritzeko proiektu baten barnean 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasle talde batek Iruñeko Udala bisitatu zuen orain dela gutxi, bertako bulegoetan dauden elementu artistiko eta historikoen bidez Administrazio Zuzenbidearekin zerikusia duten kontzeptuak ezagutzeko eta barneratzeko. Kultura, artea eta Administrazio Zuzenbidea lantzen dituen irakaskuntza-berrikuntzako CUARTDA proiektuaren barnean egin zuten bisita, eta Aritz Romeo Ruiz Administrazio Zuzenbideko irakaslea eta José F. Alenza García arlo bereko katedraduna izan zituzten lagun.

Taldeak eraikinaren fatxada barrokoari erreparatu zion lehenik, eta kideek ate nagusiaren alboetan dauden bi estatuak aztertu zituzten: justiziaren eta zuhurtziaren alegoriak. Lehenbizikoak legezkotasun printzipioa dakar gogora, hots, botere publikoek legeari eta zuzenbideari bete-betean men egitea. “Zuhurtziak, bestalde, gogorarazten digu administrazio publikoen jardunaren printzipioen artean beti dagoela guztien interesa ase nahia”, adierazi du Aritz Romeok. Gainera, ateburuaren inskripzioa ere ikusi zuten, “patet omnibus janua cor valde magis” (ate hau denentzat dago zabalik, baina are gehiago bihotza), gogora dakarrena jarduera administratibo ororen gardentasun printzipioa.

Laugarren solairuko frontispizioa ere aztertu zuten, eta, zehazki, haren hiru elementu: ospearen alegoria, herkulesak eta Nafarroako eta Iruñeko armarriei eusten dieten lehoiak. Lehenbizikoak gardentasuna eta erregulazio onaren printzipioa adierazten ditu, bigarrenek Administrazioaren boterea eta indarra sinbolizatzen dute, eta hirugarrenek, berriz, administrazioen arteko harremanak gogorarazten dituzte, zeinek modu koordinatuan lan egin behar baitute.

Administrazio Zuzenbidearen Hastapenak irakasgaiko beste ikasle talde bat (gaztelaniazkoa), Aritz Romeo irakaslearekin, Iruñeko Udaletxearen atalondoan.

Atalondoan, ikasleek mazoen analisia egin zuten, udal boterearen sinboloarena, alegia. Udaletxearen proiektuaren erreprodukzioa ere ikusi zuten, kontratazio publikoari buruzko gogoeta egitera eraman zituena, baita Batasunaren Pribilegioaren faksimilea ere, Toki Administrazioaren bilakaeraren sinbolo. Bestalde, burguen planoak hirigintzari buruz hausnartzeko balio izan zien ikasleei.

Sanferminetako kartelak eta erretratuak

Eraikineko eskaileretan, ikasleek 1903ko eta 1904ko sanferminetako kartelak ikusi zituzten, hiriko lehenbiziko argiztapen elektrikoa eta kaleetan ibili zen lehenbiziko automobila erakusten dituztenak, hurrenez hurren. Harrera-aretoan, Elisabet II.a erreginaren eta Frantzisko Asiskoaren erretratuak baliatu zituzten ikasleek bai XIX. mendean Administrazio Zuzenbideak izan zuen bilakaera, bai estatu liberalaren eraketa aztertzeko; Julian Gaiarre eta Pablo Sarasaterenak, berriz, Kulturaren Zuzenbidea eta sustapeneko administrazio jarduera aztertzeko. Bestalde, Javier Cigaren “Elizondoko merkatua” margolana erabili zuten ikasleek tokiko zerbitzuei eta baimena behar duten jarduerei buruzko gogoeta egiteko.

Solairu nagusiko korridorean, bestalde, ikasleek XVIII. mendeko Iruñeko planoa erabili zuten hiriaren eta hirigintzaren bilakaera aztertzeko. Solairu nagusian, gainera, Osoko Bilkuren Aretoan izan ziren.

Azkenik, azken solairuan, prentsa-aretoa bisitatu zuten, komunikabideek herritarrei ezagutarazteko interesgarriak diren gaien berri jasotzeko lekua, eta San Fermin festei hasiera emateko erabiltzen den balkoian ere izan ziren, non jakitera eman baitzitzaien ezen, festak espontaneoak eta parte-hartzaileak izan arren, haien alderdi nagusiak administratiboki arautzen direla.

Administrazio Zuzenbidearen Hastapenak irakasgaiko ikasle talde bat (gaztelaniazkoa), Aritz Romeo eta José F. Alenza irakasleekin, Iruñeko Udaletxearen atalondoan.

Administrazio Zuzenbidearen Hastapenak irakasgaiko euskarazko taldeko ikasleak, Aritz Romeo eta José F. Alenza irakasleekin, Iruñeko Udaletxearen atalondoan.