NAZARETH TORRES MOLINA

 

Nazareth Torres Molina NUPeko ikertzaileak irabazi du Landareen Biologiako espainiar estatuko Elkartearen Sabater Saria

Saria 1.200 €-koa da, eta ikertzaile gazteek egindako ibilbide zientifikoa eta argitaratutako lanak aitortzen ditu

 

Nazareth Torres Molina Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile eta IMAB institutuko kideak eskuratu du Ikertzaile Gazteen 2023ko Sabater Saria, Landareen Biologiako espainiar estatuko Elkarteak (SEBP) ematen duena. Sari hori bi urtean behin ematen da, eta haren bidez aitortzen da landareen funtzionamendua gobernatzen duten prozesu biologikoak eta prozesu horiek arautzen dituzten faktoreak aztertzen ikertzaile gazteek egindako ibilbide zientifikoa, baita estatu mailan argitaratu dituzten lanen garrantzia ere, edozein dela ere erabili duten ikuspegi metodologiko edo kontzeptuala.

Saria 1.200 eurokoa da, eta Landareen Biologiako espainiar estatuko Elkarteak uztailean Bragan (Portugal) eginen duen hurrengo bilerarako inskripzio kuota hartzen du barne. Bilera horretan Nazareth Torresek amaierako hitzaldia emanen du. Sari horri esker, ikertzailea Federation of European Societies of Plant Biology erakundearen 2023ko saria ere eskuratzeko aukera izanen du, zeina uztailean emanen baita, Plant Biology Europe PBE2023 kongresuan (Marseilla).

Nazareth Torres 2021ean hasi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), lehenik Juan de la Cierva prestakuntzako kontratu batekin, eta, 2023tik, Ramón y Cajal kontratu batekin. Gaur egun, ikerketa-ildo berri bat garatzen ari da anduien azpiko lurzoruaren erabilerari buruz eta mahastien lurzoruko komunitate mikrobiologikoen arteko interakzioetan dituen ondorioei buruz, baita mikorrizen eta mahatsondoen arteko elkarrizketa molekularrari buruz ere.

Ikertzaile horrek Biologiako eta Ingurumeneko doktoretza egin zuen eta bertan ikertu zuen klima-aldaketaren agertoki desberdinek zer-nolako eragina zuten mahatsondoaren eta onddo mikorriziko arbuskularren fisiologian. 2019an doktoretza ondoko etapa hasi zuen California Davis Unibertsitatean (UCD). Bertan, mahastizaintza-jarduerekin eta haiek karbohidratoen eta konposatu fenolikoen fisiologian eta metabolismoan duten eraginarekin lotutako ikerketetan hartu zuen parte, eta lurzorua maneiatzeko moduei eta modu horiek lurzoruaren mikrobiologian duten inpaktuari buruz ikertzen hasi zen.