Maider Martínez, Jennifer Moriones, Anne Oyarzun eta Gonzalo Reguera ikasleek #HiloTesis lehiaketan aurkeztu dituzte beren lanak
NUPek aukeratu behar du zein harik ordezkatuko duen espainiar estatuko Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak eta Ignacio Larramendi Fundazioak antolatutako lehiaketan
Maider Martínez Balerdi, Jennifer Moriones Domeño, Anne Oyarzun Domeño eta Gonzalo Reguera Zaratiegui Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoretzako ikasleek #HiloTesis dibulgazio-lehiaketa estatalean aurkeztu dituzte beren lanak. Lehiaketa horretan, parte-hartzaile bakoitzak bere ikerketaren edukia elkarren artean loturiko txioen hari baten bidez azaldu behar du, 20 txiotan gehienez ere. Unibertsitateak pertsona horien artean hautatuko du nor izanen den bere ordezkaria espainiar estatuko Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak Ignacio Larramendi Fundazioaren laguntzarekin antolatutako lehiaketan. Epaia ekainaren hasieran jakinaraziko da, eta hiru sari banatuko dira, haietako bakoitza unibertsitate bati.
Lehiaketan, Unibertsitateko doktoretzako ikasleek edo tesia lehiaketa hasi aurreko sei hilabeteetan defendatutakoek hartzen ahal zuten parte. Kasu honetan, beren lanak aurkeztu dituzten lau pertsonak doktoretza aurreko etapan daude oraindik. Lehiaketan parte hartzera animatzeko, NUPeko Kultura Zientifikoaren Unitateak “Egin tira haritik: nola kontatu zure ikerketa Twitterren (#HiloTesis)” ikastaroa antolatu zuen, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Zientziarako eta Teknologiarako espainiar estatuko Fundazioaren (FECYT) laguntzarekin. Parte-hartzaileek, lehiaketara aurkeztu diren ikasleak tartean zeudela, hariak egiteko aholku baliagarriak jaso zituzten azken edizioko irabazleen eskutik.
Biointsektizidak, ardoa, mugikortasuna eta irudi medikoak
NUPeko ikasleen lau hariek gai desberdinak jorratzen dituzte. Hala, Maider Martínezek bere ikerketan biointsektizida mikrobiano baten garapena aztertzen du, eraginkorra dena zenbait intsektu izurriren aurka, hala nola tomatearen beldarraren edo zizare soldaduaren aurka, zeinek urtero galera ekonomiko handiak sortzen baitituzte uztetan. Ikasle hori NUPeko Bioinsectics spinoffean garatzen ari da bere lana, Primitivo Caballero Murillo NUPeko katedradunaren eta Bioinsecticseko Javier Caballeroren eta Inés Bepereten zuzendaritzapean.
Jennifer Morionesen lanak, berriz, Eluxka Almandoz Sánchez (Nafarroako Industriaren Elkartea) eta Irene Esparza Catalán eta Nerea Jiménez Moreno (biak NUPekoak) ditu zuzendari, eta “argi gustua”rentzako soluzioa bilatzea du ardatz. “Argi gustua” ardo zuri eta gorriek argiaren eraginpean daudenean pairatzen duten gaixotasun bat da, gustu desatsegina ematen diena. Bere harian azaltzen duenez, beira berdeak likidoa babesten du, baina, kontsumitzaileek botila bat erosi aurretik edukia ikusi nahi dutenez, ezin da erabili. Doktoregaia estaldura garden bat ikertzen ari da botilak efektu horretatik babesteko.
Bestalde, Anne Oyarzun doktoregaia, Arantxa Villanueva Larreren (NUP) eta María A. Fernández Seararen (Nafarroako Unibertsitatearen Klinika) zuzendaritzapean egiten ari den tesian, gai hau ari da jorratzen: irudi medikoen analisiaren automatizazioa adimen artifizialeko (AA) tresnak eta algoritmoak erabiliz. Zehazki, giltzurruneko gaixotasun kronikoa izan eta giltzurrun-transplantea egin zaien pazienteen erresonantzia magnetikoko irudiekin ari da lanean, halako kasuetan ebakuntzaren ondoko jarraipenak berebiziko garrantzia baitu.
Azkenik, Gonzalo Reguera Zaratiegui I-COMMUNITAS ikerketa-institutuan egiten ari da tesia, Jesús Oliva Serrano katedradunaren zuzendaritzapean, eta mugikortasuna eta gizarte- eta lurralde-kohesioa ditu aztergai. Zehazki, ikerketan landa-arrakala aztertzen du, hau da, hirietan bizi ez diren pertsonek dituzten zailtasun bereziak. I+G+b-ko Estatu Planak finantzatutako proiektu baten barrenean kokatzen da ikerketa hori.
Argazkia: #HiloTesis lehiaketako parte-hartzaileak. Ezkerretik eskuinera: Gonzalo Reguera, Jennifer Moriones, Anne Oyarzun eta Maider Martínez.