- Artistak alter ego baten fantasian sartzen du ikuslea, ehunezko eta eskulturazko piezez lagundutako hiru bideo-lanen bidez.
- Fundazioak erakusketa honekin amaituko du Urazurrutia Aretoan egingo duen programazioa, bere 25. urteurrenerako prestatzeko.
BilbaoArte Fundazioak, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroak, urteko laugarren erakusketaren ateak ireki ditu, «Axila, que robo sobaco», izenekoa. Oraingo honetan, Maider Aldasoro artistak azken urte eta erdian zentroko tailerretan egin duen lana aurkeztuko du. Bertan, bideoa, performancea, ehungintza eta eskultura bezalako diziplinak batzen dira, izaera fetitxistako pertsonaia bat aurkezteko, alter ego bat dena.
«Axila, que robo sobaco» ekintza beraren hiru fase biltzen ditu, fikziozko pertsonaia baten sexu-fantasiaren inguruan. Ibilbidea artikulatzen duten bideo-piezak hiru formatu oso desberdinetan ekoiztu dira eta ziklo bat osatzen dute, berriro hasten den ekintza bat. Ikus-entzunezko horiekin batera, ikusleak metalezko eta oihalezko eskulturak aurkituko ditu bere ibilbidean, pertsonaiaren izan zitekeen altzari fetitxistak gogorarazten dituztenak, artistak grabazioetan erabiltzeko sortutako jantzi koloretsuez gain.
Hiru bideo-piezetatik lehenak pertsonaia protagonista erakusten du lehen fasean, erakargarritasunarenean. Formatua antzerkikoa da, dantza-filmetatik hurbil dago, eta atzealdeko musika du. Preludioa da, bere sexualitatea partekatzeko deia, eta bakarka dantzatzen du, ikuslearen arreta erakarri eta limurtu nahian.
Bigarren bideoa formatu analogikoan grabatuta dago, gero digitalera eramanda. Azken itxurak 80-90 bitarteko film pornoa gogorarazten du, koloreak, alea, zuzendariaren ahotsa eta sortutako agertokia direla eta. Sexu-ekintzaren fasea da, eta pertsonaia protagonistak dagoeneko aurkitu du ekintza hori egiteko norbait. Pieza honen grabazioan, Aldasorok egindako janzkerek berebiziko garrantzia hartzen dute, sexu-ekintza oso modu espezifikoan irudikatzeko egin baitira: bere diseinuak pertsonaia menderatua poliki-poliki biluztea ahalbidetzen du, lore bat hostogabetuko balu bezala.
Azken fasea selfie formatuan grabatuta dago, mugikorraren bidez partekatzen diren sexu-argazkien modura. Honetan, protagonista ikus daiteke aurreko bideoaren pertsonaiaren azalarekin jolasten, aurreko fasean erauzitako janzkerako piezekin irudikatzen dena, bere fantasia edo fetitxea bete ondoren asebeteta. Bideoa lehenengoa hasten den bezala amaitzen da, pertsonaia kamerari begira dagoela.
Izenburuak artistak idatzitako izen bereko poema batean du jatorria. Bertan, ‘axila’ hitza erabiltzen du interjekzio gisa, bai eta ‘que robo sobaco’ esamoldea ere, pertsonaia nagusiak estaltzen duen oihalaren zati hori agerian uzteko eta harekin geratzeko ekintzari erreferentzia egiteko. Zehazki, artistak besape bat biluztu nahi zuen, beste gune erogeno ohikoago batzuen ordez.
Maider Aldasorok Lander Ibarretxe izan du bideoak grabatu eta proiektu honetako argazkiak egiteko; Álvaro Olaetxea bigarren piezan aritu eta preludioaren musika egiteko; Andoni Zamora katalogoko testuak egiteko; eta Andoni de la Cruz (Cuero Negro) katalogoan dagoen ilustrazioa sortzeko.
Mexikon jaiotako euskal artistak Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin ekin zion proiektuari hasiera batean, eta BilbaoArteko bekarekin garatu eta osatu zuen. Aldasororen lana BilbaoArtek artistentzako eskaintzen dituen espazio eta programen aprobetxamendu handienaren adibide da, 2021eko laguntza-programan nahiz beken programan parte hartzen baitu 2022. urtean zehar.
Erakusketa aretoa astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da doan 17:30etik 20:30era; larunbatetan 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era; eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara, maiatzaren 27tik ekainaren 18ra. Zentroaren hurrengo erakusketa azaroan izango da, Bilbao Arte Fundazioaren 25. urteurrenarekin bat eginez, eta Abandoibarrako espazio berrian egingo da.
ARTISTARI BURUZ
Maider Aldasoro (Mexiko, 1992). Arte Ederretan graduatu zen EHUn, eta Erásmus bat egin zuen Norwich University of the Arts-en 2013an. Artea eta Sorkuntza Ikertzeko Masterra egin zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Bere bakarkako praktikak jantzien diseinua, eskultura eta bideo-performancea nahasten ditu. Hainbat beka eta arte-egoitza izan ditu, hala nola Babestu 2020, BilbaoArte (Laguntzak 2021 eta Bekak 2022), eta bakarkako erakusketak egin ditu Bilboko Alondegian eta ArtLacuna galerian, Londresen, B.A.C.E. Project 2022 esparruaren barruan.